Manadakoak emakume samuraien esku
Manadakoak emakume samuraien esku –
Euren buruari La Manada deitzen dioten bortxatzaile horien kontrako zigor-ebazpena ikusita, agerian gelditu da berriz ere “justizia espainola” oximoron bat dela. Irudimen-ariketa bat egin dezagun, eta koka ditzagun bost sevillar horiek Japonian, eta denboran atzera eginda, jar ditzagun banan-banan emakume-samuraien eskuetan.
Elkarrengandik bereizirik, eta hurrenez hurren, utz dezagun José Ángel Prenda Jingu enperatrizaren esku; Ángel Boza, Tomoe Gozam-en esku; Antonio Guerrero guardia zibila, moja shogun ezizenez ezaguna zen Masako Hojo-ren esku; Alfonso Cabezuela soldadua, Mochizuki Chiyome-ren esku; eta Jesús Escudero, Takeko Nakano-ren esku. Egia errateko, hurrenkera gutxienekoa da, zeren eta emakume-samurai hauek guztiak armak erabiltzen trebatuak ziren.
Emakume-samurai edo onna bugeisha-k “emakume gerlaria” esan nahi du, eta Japoniako katana klasikoa baino egokiagotzat jotzen zituzten bertze armak baliatzen zituzten, hala nola arku eta geziak edota naginata —xafla kurbaduneko alabarda moduko bat—; eskuarki katana ez bertze arma batzuk erabiltzen zituzten, daga baten moduko kaiken eta tanto direlakoak.
Erran gabe doa, bost bortxatzaileak onna-bugeisha edo emakume-samurai horien esku uzteak ez du esan nahi emakume horiek esku-hutsik leudekeenik, eta euren buruari La Manada deitzen dioten talde-bortxatzaileen kasuaren larria ikusita, nago emakume-samuraiek arma zorrotzenak erabiliko lituzketela, baita katana ere.