Zenbat euskaldun sarean?
Guztiz interesgarria da audientzien eztabaida hau, Sustatuk urteroko ohitura zintzoari eutsi dio, Kazeta.infok ere argiki erakutsi ditu bereak… Patxi Gaztelumendiren aipatutako sarrera horretan, euskarazko Interneten ekintzaile seinalatuenetakoek hitz egin dute. Beste batzuen artean: Haritz Rodriguez (Euskaltube), Maite Goñi (Euskaljakintza), Luistxo Fernandez (Sustatu)… Geurean ere izan zuen bufada, orain egun gutxi gai horrek.
Batez ere bi galderari erantzuten saiatzeko egiten zaigu geuri interesgarri:
- Zenbat euskaldun dabil euskaraz eta gaur sarean?
- Zenbat euskaldun ez dabil baina ibil daiteke sarean?
Behin hori jakindakoan, bi eratako “politikak” inplementatu behar genituzke “sareko ekintzaile jator guztion” artean:
- Sarean dabiltzan euskaldunak asetzeko moduko eskaintza antolatu eta eman.
- Sarera euskaldun gehiago erakartzeko ekinbideak asmatu eta burutu.
Horretarako guztiz beharrezkoa da denon artean zifra bi horien formulazio teorikora bada ere iristea, norberak jakin dezan zein daukan lanerako tartea. Zein duen teilaturainoko tartea.
(Hala ere ez da hain larria. Esate baterako telebistaren publizitate merkatuan mundu guztiak daki Sofres eta CIES enpresen datuak ez direla guztiz zintzoak. Euskarazko audientzia neurtzeko, dozena bat tresna ere ez daude, ezin beraz ezer ondo neurtu. Kontua da, ordea, “egia balira bezala” hartzen dituztela sektorekoek eta beroien arabera antolatzen dutela merkatua).
Euskarazko Interneten nola jokatu?
Beste batek jakingo du guk baino gehiago eta ez diogu inori ikasgairik eman nahi. Hala ere ondorio ageriko batzuetara iritsiak gara, batez ere jakin gabetan ibiltzeak dakarren enpirismo hutsaz.
StatCounter eta antzeko zenbatzaileak agerian jartzeak oso demokratikoa eta cool dirudien arren, bide horretatik ez goaz inora: jakin behar genuke nola dauden ezarrita baldintzak. Esate baterako ez dugu ezer aurreratzen denok tresna hori eta horrelakoak jarri, baina bakoitzak bere aldetik erabakitzen badu nola “antolatu bere tripak”. Batzuk konfiguratuko dute “erabiltzaile bakarra” ordubetean itzultzen dena dela, beste batzuek 6ra edo 24 ordutara, etc.
Emaitzak arras desberdinak lirateke nahiz eta denok tresna berak erabili, baldin eta konfigurazioa ere ez bada aurretik adosten. Eta horrelako xehetasunean sartzea, tresnak eurak adostea baino konplikatuagoa izan liteke.
Nola egiten dugu neurketa Zuzeun?
Guk mementuan bi motatako neurgailuak erabiltzen ditugu: “barrukoak” eta “kanpokoak”. Ulertzeko: barrukoak eskatzen du neurgailuaren kode bat zeure blog edo webaren tripetan txertatzea eta kanpokoak ez.
Erabiltzen dugun barrukoa GoogleAnalytics da. Badirudi kontsentsua dagoela bere dohainen alde, eta geuk ere ez daukagu deus bere kontra. Gertatzen dena da soilik norberaren datuak ezagutu ahal direla eta ez besterenak, argitaratu ezean, bederen.
Esan bezala, guk agerian jarri ditugu 2010eko datuak, nahiz eta orain arazotxo bat aitor dezakegun: hankasartze tekniko batengatik, neurketa bi franjatan antolatuta zegoen eta gure informatikari Karrikasek dioenez, eman ditugunak baino apurtxo bat altuxeagoak diren ZuZeuk benetan lortutakoak.
Kanpokoak, ostera, beste tresna batzuk erabiltzen ditugu. Honek balio digu besteen berri jakiteko, egia den arren ez zaizkigula iruditzen guztiz fidagarriak eta ematen dituzten datuak oso tarte handikoak direla, erabiltzaileei dagokienean. (30.000 eta 100.000 erabiltzaileren artean, esaterako).
Hala ere, guztion joerak eta posizionamenduak ikusteko primerakoak egiten zaizkigu.
Euretako bat WooRank tresna da, Amazon-en jabetzako Alexan oinarritutakoa. Tresna oso erraz eta erabilgarria, itxura batean. Joerak ikusteko erabiltzen dugu beste ezertarako baino gehiago. Ez dakigu guztizko egia den, baina, esaterako, hilean 30.000-100.000 bistaldi hartzen dituzten euskara hutsezkoen artean hiru agerkari digital bakarrik jartzen ditu: Berria.info, Zuzeu.com eta Sustatu.com.
Bestalde, oraintsu hasi gara guretzat berria den GoogleTrends ere erabiltzen. Teorian gauza interesgarriak ikus daitezke, guneen arteko konparaketak egiteko balio baitu, baina tamaina handia behar da ganoraz kontutan har zaitzan.
Badira Alianzo bezalako guneak ere, euskal blogosfera neurtzen dutela diotenak. Baina ez dakigu oso fidagarriak diren.
Benetan da anabasa ikaragarria audientzien afera. Guk ez dakigu argi nola jokatu, baina jakin dakigu, hala ere, adostu egin behar direla audientziak neurtzeko bideak sektorearen etorkizuna txukundu nahi bada, batez ere.
Nortzuren artean, baina?
Ez dago erraza. Interneteko euskarazko gune batzuk pertsonalak dira, beste batzuk nazionalak, beste batzuk gaika antolatutakoak edo eskualdeka edota herrika… Nagusi den Berria.info, esaterako, egunkari baten luzapena da… Nola neurtu denak irizpide bertsuak jarraituta?
Gaiak badu meatze nahikoa gogoeta eta eztabaidarekin jarraitzeko. Ala ez?
Irudia | Zenbagailu bakarraren bila? | Striatic | Creative Commons By SA
[…] This post was mentioned on Twitter by zuzeu. zuzeu said: Zenbat euskaldun sarean?: https://zuzeu.eus/?p=20492 […]
Soziologia digitala egiten hasi behar dugula iruditzen zait niri.
Horretan zentratu nahi nuke 2011ko jarduna, besteak beste.
Zenbat euskaldun ari garen sarean horrek kezkatzen nau.
Batetik eskaintza areagotu edo hobetzeko.
Bestetik, egiten dugunaren kontzientzia ere hedatzeko.
Sareko joerak, gure joerak eta bestelako galdegaiak jarri nahi nituzke mahai gainean.
http://www.larrabetzu.org/gaztelumendi/?p=1656
Eta horretaz berba egiteko batuko bagina?
Asteon jendea zenbakiekin tematuta dagoela ematen du; manifa, sarea, lip-duba… Kontaktua eta kontatua hortxe daude gakoak, nire uste hiperapalean, of course!
Mamia, bizia, aniztasuna, sorkuntza, kalitatea, konpromisoa. Gutxi-asko baino zenbaezinak direnak kontatzen hasi beharko ginateke, ezta?
http://www.goear.com/listen/5510e89/aritmetika-arazoak-tapia-eta-leturia