Sudan hegoaldea mapan jarriz

Sudango presidentea gaur egun Omar Hassan Ahmad al-Bashi da, 1989an estatu kolpean eman zuenez geroztik. Sudango mendebaldean, Darfurren genozidioaz akusaturik dago. Sudan hegoaldeko presidente Salva Kiir da, eta oso presente dago John Garangen izena ere, Sudan hegoaldeko heroietako bat, independentziaren alde hil zena.

Gaur egun Sudango hiriburua Jartum da, baina Sudan hegoaldekoa Juba da. 20 urte daramatza hegoaldeak iparraldearekin borroka, 1956an herrialdea Erresuma Batutik independizatu zenez geroztik iparraldeak nagusitasuna izan baitu. Kolonia ingelesak bi herri bezala tratatu izan zituen hegoaldea eta iparraldea, historikoki erreinu kishitak eta meroitikoek hartua izan baitute iparraldea, baina independentziaren bezperan elkartu egin zituen bi zatiak Erresuma Batuak.

Independizatu zirenez geroztik, gerra zibilean eman dituzte urteak iparrak eta hegoak, 1972tik 1983ko atsedena tarteko. 2 milioi hildako utzi zituen. 2005ean hegoaldeak autonomia eskuratu zuen, eta orain erreferendumak independentzia ekarriko diola aurreikusten da.

2005ean bake-negoziazioekin autonomia lortu zenetik erreferendumaren zain daude Sudan hegoaldean. 2011ko urtarrilaren 9ko data jarriagatik ere, inork gutxik uste zuen beteko zela. 3,9 milioi herritar daude hauteskundeetara deituak eta urtarrilaren 15a arte bozkatu ahal izango dute. Emaitzak otsailaren erdialdean ezagutaraziko dituzte.

Bai iparra eta bai hegoa baliabidez aberatsak dira, petrolioa baitaukate, baina honen ustiaketak ez ditu herritarrak aberastu, eta kontrara bi herrietan pobrezia handia dago. Hegoaldean 9 milioi herritarren %90 egunean dolar batekin baino gutxiagorekin bizi da, %85 analfabetoa da, eta %33 gose kronikoa pairatzen du Nazio Batuen Erakundearen arabera.

Historikoki ezberdinak izan dira bi lurraldeak, eta erlijioaren ikuspegitik ere bai; iparraldekoak musulmanak dira eta hegoaldekoak kristauak, nahiz eta erlijio animistek indar handia duten.

Mugakide Egipto, Eritrea, Etiopia, Kenia, Uganda, Kongo, Hegoafrikar errepublika, Chad eta Libia ditu gaur egungo Sudan osoak.

Sudan hegoaldeko erreferenduma iragartzen duen afixaSudango gaur arteko mapa

Irudia | Sudan hegoaldeko erreferenduma iragartzen duen afixa | ezezaguna | LGPL
Irudia | Sudango gaur arteko mapa | ezezaguna | LGPL