Kotxe urteak

Kotxe urteak

Nire kotxea penagarri samar dago. Gurasoen auto zaharra jaso nuen herentzian haiek berria eskuratutakoan, eta jada pasa dira urte batzuk ordutik hona. Hartu nuenerako aski zaharra zen. Ene golkoari galdetzen hasia nago aspaldi honetan: txakur urte bat gizaki baten zazpi badira, zenbat gizaki urte adina da kotxe baten urte bat? Lauzpabost esango nuke; ez dituzu hogei urte baino gehiago dauzkaten kotxe aunitz topatuko.

Kotxe urteakAste honetan auto-elektrikoen inguruan mintzatzen zen idatzi bat topatu nuen sarean (gazteleraz), eta kotxe mota honen erabilera babesteko erabiltzen dituen argudioak laburbilduko ditut: 2017tik aurrera iraultza bat emango omen da sektorean, Tesla bezalako ekoizleek bultzatuta, eta 300km egin ahalko dituzte kotxeek arazorik gabe; orain 130-180km autonomia daukate. Beraz, garraio motzetarako balioko luke, bereziki.

Norvegian (zin egiten dut egunen batean Eskandinaviako lurralderen bat aipatuko dudala zerbaiten adibide txar gisa) autoak kargatzeko puntuak daude 20-50km bakoitzeko, baina, aurreikusiko duzuen bezala, gurean azpiegitura hori eskasagoa da. Autoa mantentzea merkea da. Toki askotan debalde entxufatu daiteke (kargatzeko 20-30min behar izaten dute), etxean euro bateko kostua litzateke 100km-etarako, gutxi gorabehera, eta urtean ez dira 50€ baino gehiago gastatzen konponketetan: ez dauka oliorik, ez filtrorik, ez hozgarririk. Gainera, kotxea erosterakoan diru laguntzak eskatu daitezke.

Hori bai, ez baduzu garajerik ahaztu.

Beharbada auto zaharrak beste hamar urte irauten badizkit, hemendik 50 auto urteetara planteatuko dut auto elektrikoarena. Ziur ordurako asko aldatuko direla gauzak; pentsa, gidaririk gabeko lehen taxiak argia ikusi du jada.

Kotxe urteak