Kulturgintzari buruzko Topaldia izango da urtarrilaren 29an, Durangon

“Kultur komunitate bizia: zein da eragile euskaltzaleon egitekoa?”, galdera horren bueltan hausnartzeko jardunaldia antolatu du Euskaltzaleen Topaguneak. Durangoko Landako Elkartegian izango da, urtarrilaren 29an, eta XII. Topaldia izango da.

XII. TopaldiaEuskaltzaleen mugimenduak bere sorreratik izan du kulturgintza lehentasunezko jarduera, hizkuntza komunitatearen garapenerako tresna ezinbestekoa baita. Ekitaldi antolatzaile, sortzaileen bilgune zein transmisiorako espazioen bultzatzaile izan, askotariko ekimenak egin dira herriz herri mugimenduaren historian.

Baina kulturgintzaren zein hiztun komunitatearen egoera asko aldatu da urteotan: kultur eragileak, hedapenerako espazio eta zirkuituak, sortzaileen aukerak eta mugak ez dira berdinak. Horregatik, eragile euskaltzaleek kulturgintzan betetzen duten funtzioaz hausnartzeko jardunaldia antolatu du Topaguneak.

Egun osoko egitaraua izango du Topaldiak. Bertan, kulturgintzan ari diren hainbat aditu izango dira, besteak beste, Lorea Agirre, Gotzon Barandiaran, Igor Elortza eta Eneko Barberena. Hiru atal izango ditu.

  • Lehenengoan, euskararen normalizazioan kulturgintzak zer garrantzia duen aztertuko dugu.
  • Bigarren atalean berriz, herrietako euskaltzaleen topaguneek kulturgintzan duten egitekoa landuko dugu.
  • Eta hirugarrenean, egiteko hori betetzeko zer nolako jarduerak antolatu daitezkeen aztertuko dugu, adibide praktikoak ezagutuz.

Parte hartzeko izen ematea urtarrilaren 26ra arte egongo da zabalik, topaldiaren webgunean. Matrikulatzeko 30€ ordaindu behar dira, eta bazkaria barne izango da.

EGITARAUA

Topaldiari buruzko informazio guztia https://topaldia.wordpress.com/ helbidean aurki daiteke.