Takoirik ez gaur

1

Takoirik ez gaur. Kaletik noa nire punta zuriko zapatila gorriekin oinez udazkeneko egun eguzkitsu honetan.

Umoretsu nago gaur. Arrazoia? Auskalo!

Igandeko goizeko hamaika eta erdiak dira, eta ez dabil jende askorik hiriko kaleetatik oraindik. Eguzki izpiak eta beren margolanak gozatzeko pare bat etxaditara dagoen parkera joatea plan ederra iruditu zait. Gerotxoago lagunekin poteo bat egokituko da, noski, horrek ere badauka erru pixka bat.
Burutik behera sano dotore jantzi naiz gaur. Batzuentzat udaberriko eran beharbada, a zer-nolako lelokeria! Udazkena delako beltzez edo marroiz jantzi behar al naiz? Praka gorrixkak daramatzat, alkandora urdin argia, lisatu berria, amerikana gris bat eta betiko poltsatxo beltza eskuinean. Zer puntera zuriko zapatila gorriak baino hobeto pastelari ginga jartzeko? Esan behar nuen.
Sakelakoak soinutxo bat egiten du, eta ezin diodanez jakingurari eutsi, atera egiten dut nire pausoak gelditu gabe. @maidertxio da: #eguzkiizpitanblai bazaude, dantzatu zure oinak alai!. Birritan pentsatu gabe dantza pauso arin batzuk egiten ditut besoak ere gora igota. Subkontzientearen aginduz segidan nire ingurua aztertzen dut. Bost pauso atzerago neska bat

ikusten dut artilezko bufanda gorri erraldoi baten barruan gordeta, bere sakelakoa eskuetan daukala. Ikusi ote nau? Niri bost!
Sakelakoa begiratu berriro eta: Kalean bada bat nire aurrean polit dantzan #eguzkiizpitanblai @maidertxio. @elene-k esana. Bufandadun neskari begiratzen diot berriro eta niri adi dago. Irribarre egiten dit. Nik ere irribarre egiten diot. Aurpegia eta prakak pareko ditut oraintxe kolore aldetik.

Bata bestearengana hurbiltzen hasi gara indar ikusezin baten menpe egongo bagina bezala, baina bat-batean ezkerraldetik agerraldi bat:
— Ane! Aspaldiko! Zenbat denbora elkar ikusi gabe! —nire laguna justu aurrean paratzen zait.
— Idoia…

Bufandadun neskak nire eskuinaldetik aurrera jarraitzen du bere bidea, baina ez nirekin segundo bateko begirada partekatu aurretik. Eta orduan, zizt bihotzean! Oilo larrua eta titiburuak tente jartzen zaizkit. Ezin dut beregandik begirada aldendu hurrengo etxadi kantoian desagertzen den arte.

Orduan esku bat sumatzen dut sorbaldan.

Nire burua biratu eta Idoiari adi jartzen naiz, baina ez dut ezertxo ere entzuten. Gor nago. Bere ezpain finek gora eta behera egiten duten arren, soinurik ez da heltzen nire belarrietara. Gorputza sentsazioekin pil-pilean daukat. Geldi-geldi nago eta erreakzionatzeko hiru “Ane” behar ditut.

— Ane! Ane! Ane!?

— Ai! Idoia!

— Zer da ba, neska?
— Ezer ez, ezer ez… Goazen parkera paseotxo bat ematera…

 

2

Urteko autoaren azterketa teknikoa egin beharra daukat. Zer gauza aspergarria eta mundutarra, baina egin beharrekoa. Lehenbailehen gainetik kentzea hobe, beraz, hitzordua jarrita daukat garajekoekin eta banaiz bertarako bidean jada.

Euri tanta ahulak, zeru iluna, hotza… udazkenaren beste aurpegia da nabarmen gaurkoan. Osteguna, arratsaldeko seiak bost gutxi.
Keinukaria, frenoa, enbragea, martxa, azeleragailua eta ezkerretara. Banago.

Idazkariarengana noa zuzenean. Lanpetuta dirudi.
— Arratsalde on, Ane Zabala naiz. Seietan daukat autoaren azterketarako…
— A! Bai. Zer ordu da? Seiak. Segi aurrera. Mekanikariak atendituko zaitu barruan —esaten dit idazkariak paperezko mendikatearen gailurrak gaindituz.
— Seietakoa! —egiten du oihu barruko alderantz entzun behar duenak arazorik gabe entzuteko.

Bada barrenean laneko mahoizko praka batzuk eta kamiseta beltz bat dituen emakume figura bat. Bereganantz daramat autoa poliki. Hurbiltzen. Astiro. Aurre-aurrean daukadanean, zizt bihotzak! Bufandadun neska da! Bost segundoko taupada luzea.
Eskuekin gelditzeko keinua egiten dit eta autoa inguratuta kopilotuaren jarlekua hartzen du.

— Kaixo —esaten dit atea itxiz, eta igandeko irribarrea erakusten dit berriz.
— Kai… xo —harrituta, urduri, taupadaka, diot nik.

Bost taupadako segundo amaigabea. Oilo larrua. Gorputza tente.

— Elene naiz. Autoaren fitxa behar dut —ile sorta beltzaran bat belarriaren atzeko aldera darama.
— Bai —paperak hartzekotan makurtzen naiz bere aurreko aldera.— Ni Ane.

Leku gutxi. Toki estua. Nire besoarekin bere gerria ukitzen dut nahigabe. Taupadak. Hor geratzen naiz. Ez naiz mugitzen, eta ez diot begiratzen. Arnasa estututa. Ustekabean eskua jartzen dit goxo bizkarrean eta ezin dut sorpresa ezkutatu. Horri esker buruarekin atzerako ispiluaren kontra egiten dut topo:

— Ai! Joder!

Elkarri begiratzen diogu eta barre algaraka hasten gara.

— Elene?
— Bai?
— Zer ordutan bukatzen duzu hemen?

 

AMAIERA

takoirik_ez_

#eguzkiizpitanblai, amodio, auto, begi, bihotz, bufanda, ginga, gorri, larru, maitasun, maite, neska, oilo, takoi, taupada, titi, txio, zapatila, zizt, ziztada

Hametik eta handik darabilzkit hankak, burua ta bihotza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude