Aldaketa garaia

Urtarrilaren 10eko manifestazioa amaitu, eta gainontzeko argi-eramaile gehienak Alde Zaharrera edo zain zituzten autobusetara abiatu ziren bitartean, Zabalburu plazatik gorantz doan bidea hartu zuen literaturzale donostiarrak. Unibertsitateko kafetegian hitz-aspertu luzeak eginda ezagutu zuen doktoregai gasteiztarrarekin biltzeko baliatzen du Bilbon urtea hasi berritan izaten den zita, eta manifestazioko jende uholdetik ihesi, ikasle garai eroan aurkitutako taberna kuttuna izaten dute gotorleku. Bertan elkartu ziren larunbat hartan ere.

Ez pentsa solasaldi bereziki interesgarria izan zutenik. Urteroko kontu bertsuak errepikatu zituzten: behinola botatako parranden nostalgiak puztutako iruzkinak, Amnistiaren aldarrikapena albo uzteak sortzen dien kontraesana, manifestazioan parte hartu zuen jende kopuruaren estimazioa, eta, hori bai, estreinakoz, Podemosen agerpena. 

Garagardoak hauspotuta, luze eta sutsuki aritu ziren eztabaidan, ahalik eta, oharkabean, literaturzale donostiarrari bere sorterrira itzultzeko ordua iritsi zitzaion arte. Gasteiztar doktoregaia hurrengo urtera arte agurtu, eta astebeteko aurrerapenaz erositako txartelak ematen duen lasaitasunarekin, manifestazioan egindako bidea errepikatu zuen, kontrako norabidean eta erritmo bizian, San Mameseko autobus geltokiraino.

Aldaketa garaia

Bertan topatu zuen lehenengoz. Ez zuen sekula parez pare izan, baina berehala jakin zuen nor zen. Birsortze demokratikoa eta aldaketa ahoz aho dabiltzan garaiotan, Alderdi Popularreko aurpegi berri xamarretako bat delako egiten zitzaion ezagun. Harritu egin zen autobusaren zain ikusita. Manifestazioan parte hartu zuela otu zitzaion lipar batez, baina bere burutazioaren zentzugabeaz ohartu zen segundu erdia igarotzerako. Logikoagoa iruditu zitzaion bigarren hipotesia: EiTBko egoitzatik etorriko zen akaso.

Jende ilara luzea zuen aurretik, baina hala ere, kezkatuta igo zen autobusera. Behingoagatik ordea, ez zen Murphy-ren legea bete. Politikariari bera baino bi ilara aurreragoko eserlekua egokitu zitzaion, pasilloaren beste aldean. Hasperen egin zuen. Lasai egingo zuen ordu eta hamabost minutuko bidaia.

Zarautzko peajera iristen ari zirela, kuriositateak jota edo, bi ilara aurreragoko bidaiariarengana zuzendu zuen begirada. Politikariak liburu bat zuen eskuan. Voyeurismotasun literarioak eraso zuen. Zein ote zen liburua? Zer irakurtzen ote dute neoliberalek? Aukera hoberik ezean, goiko apaletik txamarra jaisteko jeiki eta disimuluan hurbildu zen begiratzera.

Kostata baina lortu zuen izenburuari erreparatzea. Ez zuen halakorik espero. Bere idazle kuttunenaren liburu kuttunena zen, ezagun guztiei gomendatu, eta interesgarri itxura eman nahi izaten zuenetan ahotan hartzen zuena. “Norbait gustuko duzun liburua irakurtzen ikusten baduzu, liburua pertsona hori gomendatzen ari zaizu”. Entzuna zuen inoiz esaldi borobilegi hori. Ergelkeria galanta iruditzen zitzaion. Baina hala ere, gorputz txarra utzi zion ikusi berri zuenak. Zorionez, ordu batzuk beranduago, Alde Zaharreko tabernariak arduratu ziren kezkak uxatzeaz.

Umore txarrez esnatu zen hurrengo astelehenean. Burukomina gutxi ez, eta Ezker Abertzalearekin lotutako hainbat abokaturen atxiloketaren berri izan zuen iratzarri eta berehala. Etsipena eta amorrua nahasi zitzaizkion urdailean, eta halaxe aritu zitzaizkion, ia egun osoan, eztarriko korapiloan, gora eta behera. Eskerrak astea apur bat arintzeko planik bazuen. Txikitako lagun batek hala gomendatuta danborra jotzen aterako zen Donostia egunean, hamar urtean lehenengoz. Elkarte berri bat sortu omen dute auzoan, eta horren aitzakian eman zuen izena, zer topatuko zuen jakin gabe. Baina baiezkoa eman ondoren, eta jantzia ere erosita zuela, ez zuen itxura kaskarra eman nahi, eta komeni zitzaion entsegu bakar bat ere ez galtzea.

Laguna berandu iritsi zen hitzordura, eta lotsa gainetik kenduta, bakar bakarrik sartu zen elkartera. Hartu zituen danborra eta makilak, eta albo batean jarri zen, disimuluan, mugikorrari begira. Bertan topatu zuen bigarrenez. Hortxe zegoen, pare parean, keinu harroaz, beste bi lagunekin berriketan. Zer egiten zuen PPko politikari batek han? Zein elkarte klasera eraman ote zuen lagunak?

Ezin zuen burutik kendu. Libururuarena kasualitatea izan zitekeen, lagunen batek utziko zion, edo nahastu egingo zuen beste liburu batekin. Gainera, ziur ez zitzaiola berari adina gustatu. Baina danborradako emozio folklorikoa ere konpartitu egin behar ote zuten?

Hala egin izan balu kezka burutik kenduko zioten Alde Zaharreko tabernariei bisita egin gabe abiatu zen etxera, Artzai Onatik atxiloketak salatzeko manifestazioa irtetear zela ahaztuta. Giltza zerrailan sartu eta atea ireki bezain pronto, ordenagailuaren bila joan zen korrika bizian, idazlea San Silvestren nola. Twitter, Google +, LinkedIN, Facebook eta bururatu zitzaizkion sare sozial guztietan bilatu zituen politikariaren izen abizenak. Barru barruan krak egin zion identifikatu ezineko zerbaitek. Autobusean zeraman liburua txalotzen zuela ikusi zuen, aspaldian irakurritako lanik bikainena zela azpimarratzen zuela. Blogean aldiz, donostiar literaturzalearen zinegile maiteenari eskainitako artikulu oso bat idatzia zuen, eta harrigarriki, bikain idatzita zegoela iruditu zitzaion. Izaten da tarteka, zerbait irakurtzerakoan, hori zuk zeuk idatzi duzula sinetsi nahia, lilura eta identifikazioaren arteko oreka apartekoa. Bada, hori bera sentitu zuen, pantailari pega pega eginda. Loak hartu ezinda, politikariaren iritzi eta albisteak irakurriz eman zuen gaua.

Topatu zituen parekotasun gehiago: Otsailaren 17an jaioak ziren biak, biak ziren azken Kutxa Kultur Festibalean izandakoak, eta Jazzaldian bereziki hunkitu zuen kontzertu hura ere izugarri gustatu zitzaion politikariari. Ordurako bere kaskezurrean zerbait aldatzen ari zela igarrita, Diario Vascon asteleheneko atxiloketen harira idatzitako iritzi-artikuluari begira hartu zuen lo, eguneko lehen argi izipiak leihotik sartzen zirela.

Gasteizko doktoregaiak mezu bat bidali zion larunbat goizean. Kontxako marko konparaezinetik igaroko zen manifestaziora joatekoa zela zioen, eskertuko zukeela bere konpainia.  Politikariaren artikulua gogoratu zuen, eta ordu berean kuadrilako batzuk Rayo eta Realaren arteko partida ikustera joatekoak zirela. Mugikorrari begira geratu zen hamar minutuz, eta zalantza egin ostean, ez erantzutea erabaki zuen. Anoetara joango zen manifestaziora beharrean. Azken finean, ETAko abokatuek ez zuten bere estimu eta babesik merezi.

Eta ez, Anoetako harmailetan ez zuen politikariarekin topo egin. Kuadrilakoekin soilik jasan zuen porrotaren zapore mikatza, eta bakarrik egin zuen, ibai ertzetik, etxerako bidea. Ez zen sikira, Antiguoko jaietara hurbildu ere egin. Baina, oraintxe, hau entzuten ari zaren bitartean, pozez eta alai danborra gogor astinduz ari dira biak, euritan, ziur asko, Donostiako kaleetan barrena, batere kezkarik gabe. Gero, elkarte berri horretara afaltzera joatekoak dira denak. Ez ote zaio literaturzale donostiarrari politikaria gertu egokituko. Dena dela, beranduegi da jada. Hurrengo urtea hasten denean, Zabalburutik gora dagoen Bilboko taberna txiki hartan, doktoregai gasteiztarrak beste solaskide bat beharko du bilatu. Ez dago atzera bueltarik. Literaturzale donostiarrak euskal nazionalismoaren kontrako saiakerak idatziko ditu noizbait.

Aldaketa garaia

NIRE KONTRA ESANAK