Itsasoko txerria

Nire familian beti pentsatu izan da iraintzea gaizki dagoela, biraoak esatea itsusia dela, eta gure mingaina kontrolatu behar dugula haserre egotean. Tamalez (edo zorionez), ni beti izan naiz etxeko ardi beltza, biraoak txikitatik maitatu ditut, arma indartsua direlakoan edo. Baina gizartean ez dago ondo ikusia neska gazte batek horrelako hitzak erabiltzea, dotorezia eta feminitatea galtzen baititu. Emakumeek errespetuz hitz egiten omen dute (dugu).

Baina nik ez nuen inoiz etsi, eta halako batean, amonari eskatu nion biraoren bat irakasteko. Berak, duintasuna eta lerdentasuna transmititu nahian, birao frantses bat irakatsi zidan: cochon de mer. Jakina, bere frantses maila bonjour eta au revoir hitzetara mugatzen zela ikusita, ulergarria zait niri irakatsitakoa barregarria egitea katarrorik ez izanda ere frantsesez ongi hitz egin dezakeen batentzat. Cochon de mer, bai, itsasoko txerria. Kuriosoa, bederen.

Jakina, ez zen hori nire amona gizajoaren intentzioa, baizik eta ume maltzurren aurrean defendatzen jakitea, eta bide batez, kultuarena egitea, beste hizkuntza bat menderatuko banu bezala. Eta ni zoriontsu, ez zitzaidan bururatu ere egin nire amonak frantsesa ez zekienik.  Cochon de mer nire eguneroko hiztegiaren errege bilakatu zen.

Gauzak erabat aldatu ziren, ordea, behin lagun batekin haserretu eta “itsasoko txerri halakoa!” frantsesez oihukatu nionean (frantsesaren antzeko zerbait zen, behintzat). Bere barre algarak zur eta lur utzi ninduen. Frantsesez zekien, ulertu zuen esan nahi nuena, baina esan nuena ridikulua izan omen zen, hurrengo egunean hasi berri nuen frantseseko eskolako irakasleari esan, eta honek mer beharrean merde zela jakinarazi zidalako, esaldiaren esanahia azalduz.

Txerri madarikatua, txerri puta, txerri nazkagarria, txerrikumea. Eta abar.

Emakume izaten jarraitzen dudala uste dut.

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...