Herrizaingo zaila

zipaios-puta-otaola - Herrizaingo zaila

Jaurlaritza zuzentzen duenaren interes politikoak jagoteagatik herritarren interesak baztertzen dituen poliziak, herria herri gisa ulertzen ez duenak, eragin eremua herriaren parte batean soilik duenak, herriaren hizkuntza ulertzen ez duenak, nekez zainduko du herria. Dagokiona ez den beste herri bat babesten duelako akaso?

 

Gaur bertan, ia oraintxe bertan, arestian diodana frogatzen duten bi gertakari ari dira jazotzen. Donostiako Bulebarrean izan dira zaunkariak Ekaitz Ibero Madrilera eramateko agindua indarrez betearazten. Dagoeneko Madrilen dira, aldiz, Josean eta Garbiñe. Audientzia Nazionalean dute epaiketa Askapenaren kontrako sarekadaren biharamunean Hondarribian egindako manifestazioko gertakariengatik. Herrizaingo saileko soldaduei eskuetatik joan zitzaien inolako istilurik gabe bukatu behar zuen manifestazioaren aurkako interbentzioa.

Ertzaintzan ez dira denak zipaio izango, baina zipaio asko dago Ertzaintzan. Zaindu beharrekoa duten herriaren etsaiak nahi baino gehiago. Eta eurak dira euren instituzioa kakazten duten eta kakazten utzi duten lehenak.

Alardean ikusi ditugu bestelakoetan sakratuak diren epaitegien aginduei muzin eginez alarde baztertzailea zaindu eta besteok jipoitzen, epaitegi horien erabakiari aurre egiten dietenen indarkeriaren aurrean beste aldera begiratzen duten bitartean. Kukutzaren auzian ere ikusi genuen zein den zipaioek defendatzen duten herria eta herri eredua (#PNVstyle). Hipotekak kaltetutakoen elkarteen ‘escrache’-en aurrean hartutako jokabidea, Lezon atez atekoaren aurkariekin izandako jarrera adeitsua, azken greba orokorretan izandakoa, Nafarrate auzian gertatutakoa, eta, zer esanik ez, Cabacas auzia bera ere badira horren adierazle.

EAJko Joseba Egibarrek aipatu auziarengatik “erantzukizun politikoak” egotzi berri dizkio aurreko Jaurlaritzari. Ez du berdina esaten EAJren garaietan emandako basakeriengatik.  2002ko iraileko manifestazioko oldarraldi bortitza eta ‘Otegi HP pin pan pun’ leloa zeramaten gomazko pilotak ahaztu omen ditu. 2004ko martxoaren 11ko gertakarien ostean Ibarretxe lehendakariak abiatu zuen ezker abertzalearen aurkako kriminalizazioak eragindako sorgin ehizaren aurrean beren polizia politikoak Kontxi Santxiz hiltzen utzi zuenekoa ere ahaztuko zuen akaso. Tolosako kanposantuan Lasa eta Zabalaren sendiaren aurka kargatu zutenekoa, Rosa Zarra, Urbinako istiluak… Harritzekoa Egibarren memoria selektiboa. Zoru etikoaz mintzo dira jeltzaleak, gainera. EAJk eskuak garbi dituela diote Alderdian. Ez dute kalterik egin dutenik aitortzen ETAren biktimekiko urteetan erakutsitako hurbiltasun eskasari begirako autokritikatik harago. Eskuak garbi dituela dio kontzientzia zikina duenak.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako polizia autonomikoa eta ni garaikideak gara. Hurrenez hurren sortu ginen. Halaz ere, Atutxa eta Balzaren garaiak dira, orduko erasoen gertutasunagatik edo, niretzat ahaztezin direnak. Iaz entzun nuen Atutxa orduan egindako lana goratzen. Dani Alvarezek Radio Euskadiko Boulevard saioan elkarrizketatu zuen 2012ko otsailean (15. minututik aurrera datoz justifikazioak).

Eta justu orduantxe, “aukera izan ezkero” egindakoa errepikatuko zuela esan zuenean etorri zitzaizkidan gogora urte betean Audientzia Nazionalera eraman zituen ia 300 gazteak eta Y taldeak. Lotura honetan irakurgai duzuenak zur eta lur utzi ninduen.

Martxelo Otamendik argitara eman berri duen Ertzaintza eta gertutasuna analisian ongi azaltzen du egun Segurtasun saila deitzen den atzoko Herrizaingo sailak aurrean duen erronka. Izena aldatuta ere, herrizaingo zaila du herria zaindu nahi ez eta herriaren aurka halako (h)erraz jokatzen duenak.

Herrizaingo zaila

atutxa, Audientzia nazionala, Azkuna, balza, cabcas, epaiketa, ertzaina, Ertzaintza, escrache, Euskal Herria, euskara, Heredia, Ibarretxe, indarkeria, Jaurlaritza, Kukutza, nafarrate, urkullu, zipaioak
Aitor Kaltzakorta

Gerturatu ta lau !

20 pentsamendu “Herrizaingo zaila”-ri buruz

  • Bikaina, artikulua. Ados, esaldi bakar batean izan ezik: “Ertzaintzan ez dira denak zipaio izango, baina zipaio asko dago Ertzaintzan”. Nik (zuzenean ala zeharka) ezagututako zipaio guztiak “trafikokoak” ziren. “Bai, ertzaina da, baina oso tipo jatorra da, trafikoan ibiltzen da” KAKA. Matoien banda bat baino ez dira, oso ausartak, batez ere taldean eta armaz leporaino, diru trukean bere aita ere torturatuko zuten. Nik dakidala ez da egon torturak, gehiegikeriak, mehatxuak ala hilketak salatu dituen ertzainarik. Bat ere ez. Txakurrak ez du txakur haragirik jaten

  • Aitor Kaltzakorta
    Kaltzakorta 2013-04-10 21:41

    Eskerrik asko zure ekarpenarengatik Darta. Nire esperientzia zurearen bidetik doa, baina kritikatzen duzun esaldiaesaldia hala jarri izanak badu bere arrazoia: salbagarria den baten batzuk egon behar direla sinetsi nahi dut. Espero dut kontra jasotako bozka hizkuntza txiroagatik, ideiak modu eskasean josteagatik edo halako zerbaitengatik izatea, eta ez zurea! XD
    Ondo izan eta eskerrik asko!

    • Boto negatiboa ez da nirea, artikulu bikaina da. Errealitate objetiboa baino ezinegona adierazi nahi nuen. Hainbeste polizien artean ez da torturak, gehikeriak… salatzeko gai den bat ere ez???? Mila esker memoria ariketagatik. Kaltzakorta!

  • Arazoa da ertzainek defendatu, defendatzen dutela herria. Baina herri espainola. Horregatik egin behar dute euskal herritarren kontra eta horregatik deitzen diete zipaio.

    • Bide batez, oso argigarria (eta nazkagarria) Atutxaren “Y taldeen” propaganda.

    • Aitor Kaltzakorta
      Kaltzakorta 2013-04-10 23:59

      Irudia horregatik aukeratu dut. Garbi dago ze herri defendatzen duten, eta ez da nirea. Milesker!

      • Aitor Kaltzakorta
        Kaltzakorta 2013-04-11 00:00

        Ah, eta Y horiena… “Para contentar a los medios españoles”… bi urtean 500 gazte inguru atxilotu zituzten

  • Nik gogoan ditut 2001-2005 urteen artean Gasteizen ertzainen aurrean egindako korrikaldiak eta tentsio une etengabeak: Susperren zerrendaren aitzakian egindako atxiloketen kontrako manifestazioetan, debeku eta ilegalizazioen kontrako manifestazioetan, Egunkaria itxi zutenean (hiriko konstituzio plazako elkarretaratze hura nola tentsionatu zuten izugarria izan zen), Arkaitz Otazuaren hilketa salatzen ari ginenean, Euskal Unibertsitatearen aldeko manifestazioetan… Zerrenda amaigabea.
    Orduan ere EAJ zegoen gobernuan. Gu, biolentoak ginen, besteak demokratak eta demokrazia. Jasotzen genuen egurra ez zuen inork salatzen. Edozer egin zezaketen eta edozer egiten zuten.

  • Aitor Kaltzakorta
    Aitor Kaltzakorta 2013-04-11 14:35

    Nik ere gogoan dut ordukoa… Latza, lotsagarria, krudela… baina ez zuten gu geldiarazterik lortu. Milesker zure memoria ariketagatik!

  • Hor aipatu dituzuenaz gain, gogoan dut martxoaren 11ko Madrilgo atentatuen ondorengoa. Iruñean polizia batek Angel Berrueta hil zuen, eta manifestazioa egin zen larunbatean. Goizean lehenengo konzentrazio bat egin zen plaza berrian, eta zipaioek tentsioa sortu zuten, mehatxatu zuten eta gaizki gogoratzen ez badut, bi minutuko epea eman zuten konzentrazioa bukatzeko, bestela jendea atxilotzen eta jipoitzen hasiko ziren. Gauzak horrela, arratsaldez beste konzentrazio bat zegoen, Fariñasen oker ez banaiz. Erreflexio egunean konzentraziorik ezin zela egin eta, karga basatia egin zuten, hainbat pertsona zauritu zuten. Gogoan dut andre bati (60 urte ingurukoa) besoa apurtu ziotela. Tira, harrigarriena izan zen karga eta gero Andra Mari Zuriaren plazara joan nintzela, eta hara non jendea zegoen konzentratua (egun hartako konzentrazioak gogoratzen?). Han zuden PNV, PSOE eta gogoratu nahi ez ditudan beste batzuk, lasai asko, konzentrazio ilegal bat egiten, lasai-lasai. Bitartean, 400 metrora zipaioak jendea jipoitzen… Oso argigarria izan zen egun horretakoa.

    • Aitor Kaltzakorta
      kaltzakorta 2013-04-12 13:42

      Oroitzen martxoaren 3ko Gasteizko sarraskiaren 29 edo 30. urtemugako manifa Igor Angulo eta Roberto Saizen argazkiekin egiteagatik Andoni Txasko eta besteei eman zieten egur basatiaz? Edo, zuk diozunaren haritik, martxoak 9 batean hauteskundeak izanagatik martxoak 8a hausnarketa eguna zela eta indarrez debekatu zituzten mobilizazio feministak? “Demokratek” bai, labela dute-eta, ahal dute manifestatu, edonoiz, beldurrik gabe. Alardearen kasua eta urriak 12 betetzen dituenero EHra datozen faxisten (biak ala biak) kasua ere diogunaren erakusle dira. Horiek badute Ertzaintzaren zaintzaz gozatzeko eskubidea. Gogoz egiten dute gainera…

  • zakarias aiztierdi 2013-04-12 15:22

    espainiako ejerzitoari intsumitu gineneko garaian. Behin, haur talde batekin nenbilela begirale, Donostiako Gipuzkoa plazatik intsumituen manifa bat pasa zen gure albotik. Bitxia iruditu zitzaidan bizkor baitzihoazen. Berehala ulertu nuen, atzetik bele beltzak zituzten furgonetan sartuta, eta neronek eta baita haurrek ere ikusi genuen nola azeleratu-frenatu-azeleratu zebilen manifako azkeneko kideak beldurtu nahian. Halako batean mutiko bati jo zion furgonetak bizkarrean, eta ia gurpilen azpira bidali zuen. Nirekin zeuden haurrak negar batean hasi ziren, oihuka… Etxerako bidean mila galdera egin zizkidaten haurrek, ea nola zitekeen hura egitea…
    haurrerago, buscaycapturan egonik harrapatu nindutenean, txapelgorri bik txakurzuloko bidean esan zidaten haiek ez zutela ezer intsumituon aurka. horrexegatik gaua kalabozotan pasaraziko zidaten, lo egiten utzi gabe, fitxa polizial osoa eginaz (biluztu, argazkiak, bideoa, ahotsa… DNA egin ote zidaten ez dakit). maitagarriak, of curse!

  • Nire haurtzaroko irudi nabarmenetako bat da: gizon bat, garezurra lehertuta, lurrean etzanda, bizitzako azken gorputz uzkurdurekin mugitzen. Zapaltzaile bat ei zen.
    Jende askok parre egin zuen irudi horren aurrean, lasai lasai zurito bat hartu baino lehen. Zapalduak ei ziren.

    • fake ederra 2013-04-13 13:29

      xclusifa Irlandan edo antzeko leku batean bizi zinen? Zapaltzaileekin askotan gertatzen da hori mundu osoan zehar. Baina zurito beharrean beste edariak

    • Aitor Kaltzakorta
      Aitor Kaltzakorta 2013-04-16 12:29

      Milesker Xclusifa zure gomutagatik. Dena den, ez dakit zergatik ez zaren mintzo argitasunez. ETAren atentatu baten inguruan ari zara, oker ez banago, eta bikain datorkit zure ekarpena artikuluan aipatzen dudana azpimarratzeko: ETAren jardunaren inguruko errebisio historiko, memoria ariketa, omenaldi eta epaiketa (publiko zein judizialak) edonon aurkitu ditzakegu. Ahobatez (edo ia) sinatzen dira ezker abertzaleak edo ETAk eragindako pairamenduaren aurkako deklarazioak. Oso ondo. Aldiz, artikulu honen helburuetako bat ezkutuan eta ostrazismora kondenatuta ageri den historia iluna gogora ekartzea da.

      Zurea bezalako ekarpenekin, uste dut, zera esan nahi dela: “bai-bai, nahi duzuen guztia, baina jendarteko sektore zabal baten sufrimendua bost axola zaigu. Zergatik? ETA”.

      Kontrara ere berdin egin zitekeen, baina nora garamatza horrek? Nik hartu dezaket (eta nik bezala 200.000 pertsonak) jarrera amoral bat, eta esan, ez dut biktima konkretu batzuekiko inolako aitortzarik egingo. ETAren biolentziaz jardun behar dugunero duela 500 urtetik euskal herritarrek bizi izan duten sorgin ehiza, erbestea, tortura, kartzela eta heriotza aipatuko ditut, nirea ez den jokozelaian sartzea ekiditeko.

      Finean, beldurra eta argudio falta, moralaz lezioak ematen mintzo diren diskurtso inmoralak eta abarrak baino ez ditugu ekarriko hortik.

      Hartara, baduzu gogoan “herrizain” ei diren horiek burura eramandako praktika salagarririk? Heriotzaz hitz egin nahi baduzu ni prest! Izan ontsa!

    • Aitor Kaltzakorta
      Aitor Kaltzakorta 2013-04-16 12:38

      Fake ederrari erantznez idatzitakoa zuri zuzendurik zihoan, Xclusifa. Barka! Barka zuri ere, Fake Ederra, eta milesker zure erantzunarengatik.

  • xclusifa, kontutan izanda arlo honetan alde batek zenbat duen kontatzeko eta besteak ze gutxi, normala iruditzen zait inoiz halako zerbait gertatu bada erreakzioa halakoa izatea (normala eta ulertzekoa, ondo edo gaizki bezalako terminoetan ez naiz sartuko).

    • Aitor Kaltzakorta
      Aitor Kaltzakorta 2013-04-16 12:36

      Eskerrik asko Maier zure erantzunagatik. Ulertzen dut diozuna, baina ez dut uste Xclusifak diona egia denik. Eraikitako diskurtsoa dirudi. Ezagutzen dut Beasaingo herrikotik metro batzuetara ETAk bi polizia autonomiko nola hiltzen zituen ikusi zuenik. Hark kontatutakoagatik ez zegoen alaitasun girorik une horretan, eta urduritasuna eta kezka ziren nagusi, edo etsipena. Nik uste ETAren atentatuak txanpainarekin ospatzen omen zituztenen gisako intoxikazioak direla, ZEN planaren aparra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude