Ezin ikusizkoak

images2.jpg

Nola hizkuntzan, hala informazioa emateko eretan, ezin ikusizko gauzak interesetzen zaizkit gehien. Badakit perbertsio bat dela, baina, zer nahi duzue ba, perbertsioek bizi gaituzte. Zorionez. Eta hala, Gipuzkoan gehien saltzen den egunkaria erabili dut gaur, besteak beste, Irlandakoen berri jakiteko, eta horrelaxe jakin izan dut Ian Pasley abadea polikiroldegi batean egon dela eserita bozkak zenbatu artean. Bere emaztea eta kide zenbaiten emazteak zituela inguruan, azken hauen senarrak —denak trajez jantziak—, bozken begiraketa egiten zuten bitartean. Eta ondoan, ezin ikusizko gauza horietako bat irakurri dut, esan gabe joaten den horietako bat, alegia: Martin Mac Guinnes ere polikiroldegi beraren beste muturrean zela bere gizonez inguraturik “que parecían guardaespaldas“, xehetasun eta guzti. Kontaketa amaitu denean, Pasleyk ez dela miraririk egongo esan du otoitz artean, atzo miraria gora eta behera erabili bazuen ere. Bere alderdiak ez baitu inolako lotura edo harremanik egingo terroristekin. Antza, Irlandan ere, batzuk bakarrik dute terrorista titulurako gaitasuna, seguru asko, bizkarzainez inguratuta daudela diruditen horiek bereziki. Artikulu berean irakurri dut beste hau ere: “Las mujeres, eran en su inmensa mayoría mujeres, contaban los votos en el centro“. Bai, badakit zer ari zareten pentsatzen, errata bat edonork egin dezakeela eta bistakoa dela emakumeak emakume direla, baita Irlandan ere. Baina aitortu dizuet nire perbertsioaren nolakoa eta, beraz, beste gauza bati behatu diot nik gehiago: kakotxen egokitasunari. Bai, ene ustez kakotxak gaizki jarrita daude. Honela beharko zukeen errata eta guzti: “Las mujeres eran, en su inmensa mayoría, mujeres que contaban los votos en el centro“. Atzerago beste errata bat zegoen: “peleletas” jartzen zuen “papeletas” jarri ordez. Hori ere ezin ikusizkoa. Total, ederra peleleta Irlandan ere gizonezkooi datorkiguna, “en su inmensa mayoría mujeres” izanagatik, gutxiegi direla emakumeak han ere, gauzak konpontzen has daitezen.

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude