Eman eta zabal ezazu munduan lurrina

Gogoratuko zarie akaso ZUZEUko “Zein usain du euskaldunak?” izeneko sarreragaz. Orduko haretan Suzy Larsen izeneko kanadiar lurrungile batek sortu eban “Basque” izeneko perfumeaz egiten eben berba. Euskaldunarena ez, bertako ikur maitatuenetako bat da orain euskaldun batek flaskoratu dabena, atzo komunikabidetan irakurri genduanez: “Laudioko (Araba) enpresaburu batek Gernikako Arbolaren usaina duen perfume bat sortu du, Euskal Herritik urrun dauden eta etxea oroitu nahi dutenei zuzenduta”.

 

Eman eta zabal ezazu munduan lurrinaHaziak eta arbolak

Ekimenaren bultzatzaile nagusia Alfredo Pereiro Rekakoetxea da, Gernikako Arbolaren haziak batzen urteak emon dabezan gizona.

Haritz Zaharraren ondorengo kimuak Euskal Herri osoan zehar hedaturik ei dagoz egun. Berauek aztertu eta sailkatzen ibili da Pereiro bi hamarkadatik gora, notario baten laguntzagaz herririk herri ezkurrak jasoz gero mintegi propioa osatzeko -Hego Euskal Herriko hogeirenak ei ditu-; harik eta, beharrik gabe gelditu zalako, Gernikako Haziak egitasmoa sortu eban arte: arbolaren kimuak online saltzean datza negozioa.

Euskal lurretan ez ezik, Gernikako Arbolak bere itzala hedatu eta munduko bazter askotan loratu dau, Hego Amerikan (Argentinan, Kolonbian, Uruguain, Mexikon…) edo hurrago, Erroman (Italian) eta Gurs-eko kontzentrazio esparruan (Frantzian); bertan gatibatu ebezan euskaldunen oroigarri. Badira beste batzuk be, New York uriko Zero gunean, AEBetan, edo Nairobin, Kenian, Wangari Maathai Bakearen Nobel sariak landatua.

Gernikako Haziak saltzeaz aparte -30 euro bueltan saltzen dira-, gurean eta munduan zehar dagozan Arbola Zaharraren ondorengo guzti hauei buruzko informazioa batu (lekukotzak, argazkiak…) eta katalogo eguneratua egitea dau helburu Pereirok.

 

Lurrina

Egitasmoa 2013an sortu eban Pereirok eta ordutik ehundaka pertsonak erosi dabe haritzaren kimua, euskal diasporakoak edo denboraldi batez atzerrian diran euskaldunak batez be, herriminak eraginda.

“Baina herrialde askotan oso gaitza egiten zan salmena egitea, loreak esportatzeko araudi zorrotzak dabez-eta”; Filipinas eta Argentinan, esaterako. Kontuak horrela, “Gernikako Arbolarekin lotutako beste produktu bat sortzea okurritu”, eta horren emaitza da Haziak.

Jimmy Boyd lurringileagaz bat egindako perfumea “urtadarren hostoak beratuz egin dabe” eta “mendi eta ingurumen usainak” ei daroaz. Gure lurraren esentzia hiru neurritako flaskoetan gorde eta merkaturatu dabe; Kimua (60 ml.), Etxea (100 ml.) eta Haritza (200 m.). Txikiena 24 eurotan dago salgai eta handiena 46 eurotan.

Izan be, Iparragirrek aspaldi esana da: “eman ta zabal zazu munduan frutua”.

Eman eta zabal ezazu munduan lurrina