Zein usain du euskaldunak?

Gauza jakina da larru bakoitzak bere usaina duela, azal guztiek ezberdina; herrialde batzuk usain berezia dutela, eta begiak itxita ere, usaimenarekin igarri dezaketela, batzuk, pertsona bat zein jatorri etnikokoa den. Baina… zein usain du euskaldunak?

Antzinako paper-fabrikek isuritako kiratsa gora-behera, gurean ardogileen eta sukaldarien jarduna goraipatu izan da beti, horra usaimenari tentuz begiratu eta arreta jarri behar dioten bi ogibide. Lurringintzan baina, eta lurrindegiak badiren arren, ez gara horrenbeste jardun antza.

Zein usain du euskaldunak?Guk ez baina Suzy Larsen-ek izan du ideia, euskaldunen perfumea sortu eta merkaturatzekoa.

Suzy Larsen Perfumes 2007an Kelowna-n sortutako lurrin etxea da, Columbia Britainiarreko herria, Vancouver-etik eta AEB-etako mugatik oso gertu dagoena. Eta Larsen Calgary-ko Mount Royal unibertsitatean, Kanadan, aromaterapia ikasitako lurringilea da.

“Oinarrizko olioek oso botere terapeutiko handia badute ere, perfumeen sorkuntza artistikoak erakarri izan nau beti”, dio Suzy Larsen-ek, “eta saiatzen naiz nirekin gurutzatzen den ororentzat perfume berezi eta pertsonala egiten”. Orain euskaldunentzat perfumea egin du Larsen-ek, baina ez dakigu nor izan den begira jo eta oinarri gisa erabili duen euskalduna.

«Basque» izeneko  perfumea sortu du Kanadako lurringile batek; bost mililitroko flaskoak 20 dolar kanadar balio ditu, 15 euro inguru.

“Beldarra tximeleta bihurtzean bezala, esentziak nahastu bezain pronto bihurtze bat gertatzen da. Eta behin lurrin flaskoa irekita, urrinak oroimen ezkutuak askatzen dizkigu, gure barru-barruan gordetako sentimendu eta nahiak”, Suzy Larsen-en esanetan.

“Basque” lurrina dela eta, osagai mordo bat aipatu ostean (bergamota, laranja mingots, salbia, eta beste), oinarrian haritz goroldioz estalitako zuhaiztiko lurra duela dio. “Misteriotsua da -lurrina-. Espainia iparraldearen eta Frantzia hego-mendebaldearen artean bizi den herriari eta herritarrei egindako omenaldia”; hara!

Kanada urruti dago, baina apur bat gerturatuz gero Euskal Herri bat baino gehiago ezagutu eta usaindu daitezke. Nafarroako zekalearena, Arabar Errioxako mahatsondoena, Bizkaiko pinuarena, Gipuzkoako sagarrondoena, Lapurdiko kresalarena, Behe Nafarroako belazeena edo Zuberoako behe lainoarena; zein osagarri nahastuko zenituzke zeure “Basque” lurrina sortzeko; eta zein neurritan? Nolakoa litzateke emaitza; freskoa ala sarkorra, bizia ala leuna, erakargarria ala gogaikarria?

Zorroztu usaimena, irakurle.