Euskal hedabideen Interneteko jarduna %60 igo da azken bi urteotan

Euskal hedabide ez publikoetako Interneteko jarduna gora doa etengabe eta %60 igo da azken bi urteotan. Sesioei dagokienez, hau da, erabiltzaileak webgunean sartu eta irteten den arte egiten duen ekintza multzoari dagokionez, joan den maiatzean inoizko kopuru altuena lortu zuten euskarazko webguneek: 1.810.000 bisitatik gora. Berdin esan daiteke erabiltzaile kopuruari dagokionez —alegia, zenbat erabiltzaile ezberdin sartu ziren webguneetan— eta orriei dagokienez ere —bisita batean bisitatzen diren orri kopuruak—: lau milioitik gora. Erabiltzaile berriak ere, alegia webguneetan lehen aldiz sartu zirenen kopurua, inoizko altuena izan zen joan den maiatzean.

Udako etenaldiaren ondotik jasotako lehen datuek erakusten dute, bestalde, Hekimeneko hedabideen Interneteko audientziak gora egingo duela hurrengo hilabeteetan ere bai.

Euskal hedabideen Interneteko jardunaAzken bi urteotako joerak ikusita, nabaria da euskal hedabideen webguneko sesioak goraka doazela etengabe, batez ere iazko udazkenetik hona. Azken hilabeteetan, esaterako, hilero milioi eta erdi sesio eta 4 milioi orrialde baino gehiagoko trafikoa dute, guztira, aztertutako webguneek.

Aurtengo lehen seihilekoaren datuei begiratuta, berriz, esan behar da igoera are handiagoa aurreikusten dela aurten, aurreko urteko %15 inguruko igoeren ordez %40 inguruko igoera bat iragartzen baitute datuek. 2015eko maiatzean bildu zuten Hekimeneko webguneek inoizko bisita gehien: 1.810.837 hain zuzen ere.

Horrek esan nahi du Hekimeneko webguneetan gero eta denbora gehiago ematen dutela euskal kontsumitzaileek, nahiz eta bisiten batez besteko iraupena jaisten ari den. 2011. urtean 6 minutu inguruko bisitak egiten zituzten kontsumitzaileek, eta 2015eko lehen seihilekoan 4 minutu ingurukoak izan dira, batez beste.

Hiru hedabide mota daude Hekimeneko webguneen artean. Orokorrak, izan natiboak izan hedabide talde handiago baten kide; tokikoak, alegia tokian tokiko hedabideen webguneak; azkenik, tematikoak, gai baten inguruko webgune orokorrak. Orokorrak dira gaur egun bisita gehien jasotzen dituzten webguneak, erdia baino gehixeago (%53,7). Tokiko hedabideek bisiten %42 biltzen dituzte, eta tematikoek, azkenik, %3,6. Nabarmendu behar da gero eta gehiago direla tokikoen bidez iristen diren bisitak, 2011. urtean bisiten %25 inguru zirelako. Bisiten iraupena, berriz, hiru aldiz handiagoa da hedabide orokorretan: 2015ean, 05:30 inguru webgune orokorretan, 02:21 tokikoetan eta 02:31 tematikoetan.

Inguruko hainbat webgunerekin alderatuta, halaber, datuek goranzko joera erakusten dute euskal hedabideen webguneez ari garela. Oro har, hedabide gehienen webguneetan bisitak areagotzen ari dira, baina euskal hedabideenak inguruko beste hedabideenak baino gehiago hazten ari direla nabarmendu behar da. Laburbilduz, sektoreko webguneek %17,6ko igoera izan zuten 2013tik 2014ra, erabiltzaileei dagokienez, eta 2014tik 2015eko lehen seihilekoa soilik kontuan hartuta, igoera hori ia bikoiztu egin da: %31,9.

Euskal hedabideen Interneteko jarduna(Datu hauek guztiak Hekimen elkarteak martxan jarri duen Hekimen Analytics proiektuak bildu ditu. Hekimen Analytics euskal hedabideen sareko jarduna ezagutzeko eta aztertzeko tresna da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Udalbiltzaren diru laguntzei esker elkarteak aurrera eraman eta CodeSyntax enpresak garatu duena. Aurten bertan martxan jarri da. Haren bidez, Euskal Herri osoko eta euskarri guztietako berrogeita sei webguneren emaitzak jasotzen dira. Tresnak aukera ematen du hedabide bakoitzaren kopuruak ez ezik elkartea osatzen duten hedabide guztien datu pilatuak ere ezagutu ahal izateko; halaber, webgune ezberdinen artean alderaketak egiteko.

Denera, hogeita hamar aldagai baino gehiago kontuan hartu dira, horien artean sesioak, erabiltzaileak, orriak, iraupen totala edo twitterreko jarraitzaileen jarduna).

Andoain, 2015eko urria

Hekimen

 

hekimen

Euskal hedabideen Interneteko jarduna %60 igo da azken bi urteotan

euskal hedabideak, hekimen
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude