Gernika gehiagorik ez! Eraso inperialista gehiagorik ez!

Ehunka hildako, milaka zauritu, urteetako izua, gezurra eta errepresioa sorrarazi, Gernikako eraso inperialistaren 75. urteurrena da gaurkoa. Altxamendu faxista espainiarrarekin batera, bat egin zuten Alemaniako nazi eta italiar faxistek. Hain zuzen, bonbardaketa egunean bertan, parte hartu zuten, Kondor legioko nazi alemaniarrek eta Aviazione Legionarioko italiar faxistek. Inperialismoak bere interesen defentsan bat egin zuen duela 75 urte, elkarrekin borrokatu zuten interes berberak zituztelako orduan ere, gaur egun ere bat egiten duten bezalatsu. Izan, gisa honetako eraso militar bat burutzerakoan, izan Grezian bezala herriak hautaturiko gobernu bat kargutik kendu eta diktadura ekonomiko bidez agintari berri bat jartzerakoan, edo izan azken asteetan ikusi dugun bezala, REPSOL- YPF auzian, enpresa pribatu baten aldeko defentsa lotsagabeki egiterakoan, transnazionalen eta merkatuaren titere baino ez diren mendebaldeko gobernu buruak Bruselan elkar hartuz.

Gernika baina, mundu mailako ikur bilakatu da eta orduko eraildako, kaltetu eta haien senitartekoak gogoan izanik, gure oroimen kolektiboan ditugu egunotan, munduko herri borrokalariak, munduko herri zapalduak. Hala, Gazako kale txikituak datozkigu burura Gernikako orduko irudiak, etxe birrinduak ikustearekin, edo Laboaren hitzek gogorarazten diguten hura, quĆ© barbaridad Bagdad ohiukatzean, Allenderen azken irudiak La Monedako bonba hotsak entzutearekin batera… Baina haiekiko elkartasuna adieraztearekin, haiekiko harrotasuna ere badatorkigu, gure eskubideen defentsan eta faxismoaren aurkako borrokan dena eman zuten emakume eta gizon haien duintasuna eta adorea, alegia. Pasa den asteartean, harrokeriaz gogorarazi zigun arren armada espainiarrak, Elgetako maniobra militarretan, faxistek herria hartu zuteneko urte urrunean, guda nork irabazi zuen eta oraindik nork jarraitzen duen garaile azpimarratuz.

Euskal gudari haiekin batera ordea, mundu osotik etorritako brigada internazionalak ere gurean izan ziren. Haiek ere bat egin zuten, kasu honetan baina, herri honen eskubide eta askatasun gosearekin. Gernikatik milaka kilometrotara jaiotako gazte internazionalista haiek, azken muturreraino eraman zuten bere egitekoa, Zallan zauritu eta gutxira hil zen Nino Nanneti Italiarra bezala, Loiolako Kuarteleko borroketan, Irun edo Donostian aritu zen Felipe Matarranz asturiarra, edo Bilboko kaleetara 17 urte zituela guda hasi berritan etorri zen Fritz Teppich alemaniarra bezala, besteak beste. Hauek eta eurekin batera etorritako eta eroritako guztiak gogoan izan nahi genituzke Gernikan datorren igandean Ahaztuak eta Askapenak elkarrekin antolaturiko egunean.
Harro gaudelako eurak egin zutenaz!

Faxismoaren aurka: atzo, gaur eta beti!

Eraso inperialistarik ez Gernikan ez inon!

Askapena
Euskal Herriko Erakunde Internazionalista

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Azkenak

Ikusienak

Eztabaidak