PPren “birgizarteratze planak” hedabide kontserbadoreak eta “biktimak” asaldatu ditu


Elefantea mugitu egin da. Espainiako Gobernuak, azken urte erdian egin ez duena egin du, espetxe politika moldatzeko proposamena egin. Bistan da Euskal Herrian nahikoa ez den urrats gisa (edo ezer ez bezala) hartuko duela sektore subiranistak “bergizarteratze plana” (Herrira-ren erreakzioa, Ezker abertzalea). Baina, albistea mugimendua bera da, Iñaki Iriondok erran duen moduan: “lehenengo mugitu, gero bideratu”.

Barne Ministroak azaldu du modu “zintzoan, argian eta benetakoan terrorismoa atzean uzteko konpromisoa” hartu behar dutela ETAko presoek “birgizarteratze planean” parte hartzeko. Era berean, “biolentzia baztertu” eta ETAtik banatzea eskatzen diete “terrorismoagatik zigortutako” presoei. Preso bakoitzaren jarreraren araberako neurriak hartuko dituztela esan du Jorge Fernandezek, “hurbilketa” kasu. Datu gehiagoren faltan, hankamotz eta alferrikako ikus daiteke plana, EPPKren elkarrizketa asmoetatik urrun.

“Biktimak eta kontserbadoreak”

Espainian, orain arte PP sutsuki babestu duten komunikabide eta eragileek gogor erantzun dute. Alegia, PPk proposatu duen “bergizarteratze plana” haien jarraitzaile direnen borondatearen aurka egin dute. PSOEk, espero zitekeen bezala, Gobernuaren erabakia babestu du. EAJk ospatu egin du “lehen urrats gisa” Gobernuak hartutako erabakia.

PPk elikatu dituen “biktimak” engainatuta sentitu dira, AVTk jakinarazi duenez: “ETAri zesioa” izan dela diote. VCT elkarteak, aldiz, PPren proposamena “traizioa” dela dio bere webgunean: “Kezkatuago daude ETA pozik uzten, Josu Ternera harrapatzen baino”. VCT-k iragarri du PPk kartzela politika EAEra transferituko duela laster “gizarte alarmarik sortu gabe terroristen inpunitatea lortzeko”. Zapaterok hasitako bidea segitzea ere leporatu diote Rajoyri. Manifestazioak ere egingo al dituzte?

Komunikabide kontserbadoreek ere, Espainiako Gobernuaren neurria jakin eta berehala eskaini dute haien kritika. El Mundo egunkariak nabarmendu du Gobernuak ez diela etakideei eskatuko “barkamena eskatzea”. Intereconomia kateko iritzigileak ere harri eta zur utzi ditu neurriak. “No me entero” artikuluan gobernuarekiko mesfidati ageri da iritzigilea: “¿me mienten, no me entero o simplemente no me lo cuentan?”.

Oso litekeena da datozen egunetan Jorge Fernandez Barne ministroak biktimen jarrera ulertzen duela esatea eta haiekin dagoela berrestea. Litekeena da asaldatu direnak baretzeko hitz-jokoak eta ñabardurak egiten hastea, lehentasuna ETArekin amaitzea dela errepikatuz. Izan ere, PPri gutxien komeni zaiona “biktimak” eta hedabideak kontra jartzea da. Horregatik, ika-mika garratzik ez da ziurrenik izango eta Gobernuak “traizioa” eta “zesioa” bezalako salaketa gordinak irenstea besterik ez du egingo.

Mugituko da geldi egoteak…

…mugitzeak baino kostu gehiago eragiten dionean. Garak argitaratutako inkesta Madrilera ere heldu da, zalantzarik gabe. Gehiengo abertzale zabala iragartzen diote Eusko Legebiltzarrari. Arrazoi bat gehiago immobilismoa atzean uzteko.

Espainiako sektore indartsu batean kirrinka egiten du ETArekiko eta ezker abertzalearekiko keinu baketsu orok. Kritika zaparrada eta barne tirabirak eragin diezazkioke PPri mugimendu txikienak ere. Eskuin kontserbadorearen logikatik ikusita popularren mugimendua ETAren mesederako eginiko jarrera aldaketa da. Ikusi beharko da aurrerantzean nork jotzen duen txistua eta nork egin dantza. Zoritxarrez, asko dira ETA belaunikatuta barkamena eskatzen agertuko den amaiera besterik nahi ez dutenak. Horregatik, bada zerbait PPk bere barneko jendartean zirrikituak irekitzeko imintzioa egin izanak.

Planak EPPKren aldetik izango duen erantzuna kritikoa izango da, zalantzarik gabe, baina prozesua zentzu zabalean ikusita mugimendua bera da notizia. Horrek badu bere baitan garrantzia handia. Euskal Herriko gizarteak eta eragile politiko eta sozialak gatazkaren konponbiderako egiten ari diren bultzada indartzen du mugimendu txiki honek. Eta, ezin da ahaztu, Nazioarteko Harreman Taldearen ekina. Aste honetan bertan Cadena Ser irratian Alberto Spektorowski-k urratsak eskatu zizkion Espainiako Gobernuari, ETAk bera aldetik egin beharrekoa egin duela azalduz.

Elefantea mugitzen hasi da. “Lehenengo mugitu, gero bideratu”.

Informazio gehiago: 

Gobernuak beste problema bat du (Aizpeolea)

Traizioaz hitz egiten da (Izquierdo)