Martxelo Otamendi: “Esaten zidaten: ‘Nos pasamos por los cojones la Constitución, el sistema de libertades y lo que sea”
Martxelo Otamendi: “Esaten zidaten: ‘Nos pasamos por los cojones la Constitución, el sistema de libertades y lo que sea”
Martxelo Otamendik Euskaldunon Egunkariaren itxieraren ostean jasandako inkomunikazioaz Eusko Legebiltzarrean egindako kontakizuna osorik, hitzez hitz.
El Sr. MARTXELO OTAMENDI: Batzordeko lehendakari jauna, batzordekide jaun-andereak, jaun-andereak, mila esker batzorde honetara agertzeko aukera emateagatik.
Giza Eskubideen Batzordean nagoela, bi arlo ikusten ditut bereziki landu beharrekoak gaurko saio honetan: Lehendabizi, Egunkaria ixtean eman den adierazpen askatasunaren urraketa eta, bigarrenez, Guardia Zibilak atxilotuta egon naizen bost egunetan jasandako tratu txar eta torturak.
Ohar txiki bat egin nahi dut: ez naiz horrela etorri jantzita Legebiltzar honekiko errespetu-faltagatik, etorri naiz hola jantzita atxilotu nindutenean orain soinean daramadan jertsea neramalako, jertsearen azpian neraman kamiseta daramat gaur eta ekarri ditudan galtza bakeroak eta zapatak egun horretakoak direlako. Has dadin luzamendurik gabe lehenbizikoarekin, hau da, adierazpen-askatasunaren urraketarekin. Espainiako Auzitegi Nazionalak, Egunkaria ixteko agindua ematean, demokrazia batean egin litekeen astakeria judizialik handienetariko bat egin du: komunikabide bat ixtea. Adierazpen-askatasuna askatasun-sistemaren zutabeetako bat da, sistema baten osasunaren termometrorik egokienetako bat. Gure kasuan, gainera, argitaratzen zen euskarazko egunkari bakarra itxi zuten eta haren zuzendaritzako zenbait kide atxilotu, horietako batzuk garai batekoak eta beste batzuk garai honetakoak. Hauek dira hamar atxilotuak: Joan Mari Torrealdai, administrazio-kontseiluko lehendakaria; Iñaki Uria, administrazio-kontseiluko kontseilari-ordezkaria; Txema Auzmendi, administrazio-kontseiluko idazkaria; Pello Zubiria, lehen urtean zuzendaria izan zena; Inma Gomila, lehen urtean gerentea izan zena; Luis Goya, Egunkaria Sortzen talde sustatzaileko kidea; Fermin Lazkano, hainbat urtez gerente izan zena; Xabier Oleaga, urte pare batez zuzendariordea izan zena; Xabier Alegria, Egunkaria-rekin loturarik ez duena; eta ni neu, Martxelo Otamendi, zuzendari, 1993tik itxi zuten arte.
Hamar atxilotuetatik bada bat, lehen esan dudan bezala, Xabier Alegria, sekula izan ez dena Egunkaria-ko ezer, ez kontseilari, ez kazetaria, ez kontratatua. Hamar atxilotuetatik sei kalean gara fidantza ordainduta; Uria, Zubiria, Oleaga eta Alegria kartzelan daude oraindik, eta haien askatasuna eskatzen dut tribuna honetatik. Euskaldunon Egunkaria 1990eko abenduaren 6an jaio zen. Hasieran 32 orrialde besterik ez zuen argitaratzen; hamahiru urte pasatakoan, egunean, batez beste, 80 orri argitaratzen ditu, gehigarri informatiboak eta komertzialak kontuan hartuta. 150 langile inguru ari ginen denera lanean itxi zuten egunean. Egunkaria-k 2002ko eguneroko jarduna, bataz beste, 15.000 ale saltzen bukatu zuen. Euskarazko produktu guztiekin gertatzen den bezala, igoerak oso mantso zihoazen, maratoi-erritmoan, baina beti goraka. Esan beharrik ez dago eragin kualitatibo handiagoa zeukala Egunkariak kuantitatiboa baino, kontsentsu handia baitzegoen euskaraz irakurtzeko prest zeudenen artean.
Euskaldunon Egunkaria egunkari estandarra zen, kioskoko beste edozein egunerokok zituen sailak zeuzkan: iritzia, politika, gizartea, ekonomia, mundua, kirolak, kultura, ikuskariak, gaiak, agenda, zinea, irrati-telebista… Baina bazituen berezitasun batzuk: unibertsitateari buruzko gehigarri bakarra Euskal Herrian, edozein hizkuntzatan, “Uni” izenekoa, Egunkaria-k argitaratzen zuen; haurrentzat, Euskal Herrian zegoen gehigarri bakarra, “Txingola” izenekoa, Egunkaria-k argitaratzen zuen. Egunkaria-k ahalegin berezia egiten zuen irakurleei kalitatezko informazioa emateko.
“Nahi zuten nik aitortzea Egunkaria eta ETAren arteko lotura bat, eta lotura hori, ez baldin banintzen ni, zein izan zitekeen”
Adibide batzuk jartzeagatik, Egunkaria Parisen izan zen Kosovoren etorkizunari buruzko negoziazioetan; Algerian, Buteflikaren erreferendumean; Atlanta eta Sidneyko joko olinpikoetan; Stormonteko Aste Santuko negoziazioetan; Israelen eta Palestinan hainbat aldiz; Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeetan,1996an eta 2002an; Aita Santuak Kubara egin zuen bidaia historikoan; irailaren 11ko erasoetan, irailaren 15ean hegazkinak irteten ari zirenetik; Ardanza eta Ibarretxe lehendakarien nazioarteko hainbat bidaiatan; Bagdaden egon zen gure nazioarteko arduraduna urte honen lehen astean, beraz, urtarrilaren hasieran, eta martxoaren 16an, atzo, berriro joatekoa zen, egunkaria itxi ez balute. Euskaldunon Egunkaria egunkari zabala zen, askotarikoa, plurala eta bere barruan iritzi eta sentsibilitate desberdin asko jasotzeko ahalegina egiten zuena. Gaizki dago nik hemen hau esatea beste batzuei dagokielako hori egitea, baina ez dago Euskal Herrian beste komunikabide idatzirik herri honetako sentsibilitate guztiak, guztiak diot berriz ere, jorratzeko orduan Egunkaria-k zeukan batez bestekoa erakuts zezakeenik.
Asko hitz egin da Egunkaria-ren zabaltasunaz eta balizko zabaltasun ezaz. Duela urte batzuk Egunkaria-k bazuen, iritzi-sailean, larunbatetan, alderdi politikoetako iritzi- emaileentzako tarte berezi bat; sail horretan alderdi hauetako bozeramaileek idazten zuten: EAJ, PSE-Euskadiko Ezkerra, Partido Popular, orduko Herri Batasuna, Eusko Alkartasuna, UPN, PSN, UDF, PSC eta Abertzalen Batasuna alderdietakoek. Oker ez baldin ez banago, gainera, bilera honetan edo batzar honetan zaudenetako batzuek sail horretan hartzen zenuten parte. Datu bat emango dizuet: duela gutxi arte, udako trafikoko itzulera-operazioen garaian, Espainiako Barne Ministerioko Guardia Zibilaren Trafikoko Zuzendaritzak iragarkiak jartzen zituen Egunkaria-n, gidariei arretaz gida zezaten eskatuz.
Adibide gaurkoagoak nahi dituzue gure zabaltasunaz? Egunkaria itxi zuten astean hiru elkarrizketa adierazgarri bildu zituen bere orrietara: itxi baino egun batzuk lehenago, Basta Ya-ko Fernando Savaterrekin egindako elkarrizketa argitaratu genuen; itxi zuten egun berean, elkarrizketa Imanol kantariarekin izan zen –Imanol kantaria ezagutuko duzue, euskal kantari bat da, pintada eta mehatxu batzuk azaldu zirela eta, Madrilera joan zena bizitzera–, bueno, itxi zen egun berean, Imanol kantariarekin geneukan elkarrizketa; eta asteburu horretarako programatuta eta eginda eta idatzita geneukan elkarrizketa Manolo Huertas PSE-Euskadiko Ezkerrako Gipuzkoako idazkari nagusiarekin zen, azkenean, argitaratu gabe geratu zena Guardia Zibilak Egunkaria itxi zuelako eta elkarrizketa hori ordenagailuetan geratu delako.
“Esan zidaten belarrira, gazteleraz: “Como vuelvas a contar al forense lo que te estamos haciendo, hijo de puta, te metemos dos tiros”
Egunkaria ixtean hiru eskubide urratu dira batik bat. Lehena, kazetarion adierazpen-askatasuna, berriak landu eta kaleratzeko daukagun eskubidea. Bigarrena, irakurleek informazioa jasotzeko daukaten eskubidea, informatuta egoteko daukaten eskubidea. Eta, hirugarrena, gutxitan aipatzen dena, baina, nire ustez, oso garrantzitsua dena, gizarteko eragileek beren lana, asmoak, emaitzak, produktuak… komunikabide batzuen bidez gizarteratzeko daukaten eskubidea; beste modu batera esanda, Euskal Herriko erakundeek, instituzioek, alderdi politikoek, sindikatuek, enpresaburuek, kulturgileek, kirolariek, artistek orain, Egunkaria itxi eta gero, tresna bat gutxiago daukate haiek egiten dutenaren berri gizarteari erakusteko.
Legebiltzar honek, hurbileko adibide bat jartzeagatik, edo nahiago baduzue, Legebiltzar honetako Giza Eskubideen Batzorde honek, tresna bat gutxiago dauka bere bileren eta erabakien berri emateko. Horixe bera gertatzen zaie euskal enpresaburuei beren espansioaren berri emateko orduan, antzerki-taldeei beren estrenoen berri emateko, musikariei diskoen berri emateko… eta horrela eragile guztiei. Zuek ere, batzorde honetako kideok, galdu duzue tresna bat zeuen lanaren berri emateko orduan. Denok galdu dugu Egunkaria ixtean, baita zuek ere.
Baina batik bat euskarak galdu du. Egunkaria izan da euskara idatziak orain arte izan duen tresna normalizatzailerik sendoena eta eraginkorrena. Milaka euskaldun jarri ditu Egunkaria-k euskaraz irakurtzen egunero: paperean, Euskal Herrian; eta Internet-en, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo. Euskal Herriko komunikabide batek, hizkuntza edozein dela, argitaratu duen estilo-liburu bakarra Egunkaria-k argitaratua da, eta estilo-liburu hori Euskal Herriko Unibertsitatean testu- liburua da. Ez dago beste komunikabiderik Euskal Herrian testu-liburu bat argitaratuta daukanik, ez frantsesez, ez espainolez, ez euskaraz. Itxierari buruzkoa amaitutzat emango dut honekin, zer esan gehiago dagoen arren, gaurko saioa bukaezin gerta ez dadin. Guardia Zibilaren esku egon naizen bost egunetatik hirutan tratu txarrak eta torturak jasan ditut. Asteazken gauean sartu ziren guardia zibilak nire etxean, idazkari judizial batekin. Lau ordu eta erdi inguru pasa zituzten nire etxea miatzen eta nire literatura politiko guztia eraman zuten. Esan gabe doa liburu horiek, den-denak, legezkoak direla, edo susmagarritzat jo behar ditugu Pilar Urbanok idatzitako Yo también entré en el Cesid liburua, edo Toni Batistaren Euskadi sin complejos izenekoa? Bizi naizen etxeko errentaren kudeaketaren informazio guztia eraman zuten guardia zibilek haiekin, eta baita monseñor Blázquez Bilboko gotzaiaren argazki bat ere. Zer egiten duen monseñor Blázquezen argazki batek nire etxean inork jakin nahi baldin badu, galde dezala galderen txandan.
“Ikasarazi zidaten buruz: ‘Galdera honi hau erantzun behar diozu; galdera honi hau erantzun behar diozu…”
Nire etxean goizeko ordu batetik seiak arte egon ziren. Tolosako etxetik Andoaingo Egunkaria-ren egoitza nagusira eraman ninduten. Egoitza zentralean, niri dagokidanez, erredakzioa eta sistema informatikoen gela miatu zituzten; erredakzioan, nire bulegoa, zuzendariordearena eta zerbitzuburuarena miatu zituzten. Nire bulegotik nire artxibo profesionala eraman zuten, tartean Ibarretxe lehendakariaren plana, 2002ko irailaren 27an Legebiltzar honetan bertan aurkeztu zuena. Lehendakariaren planarekin batera, nik planari egindako oharrak ere eraman zituzten, lehendakariak berak proposatu baitzidan egin genuen bilera batean, gizarte osoari eskatu dion bezala, bere planari buruzko oharrak bidaltzea. Miaketa, egunkarian, osteguneko eguerdiko 12etan bukatu zen, eta ni irtetearekin batera itxi zuten erabat Egunkaria. Geroztik jakin dut beste atxilotu batekin miatu zituztela administrazioko bulegoak. Andoaindik Madrilera auto bateko atzealdean eraman ninduten, ezker-eskuin guardia zibil bana neuzkala. Bide guztian begiak itxita joan behar izan nuen, begietan media moduko bat jarrita. Madrilen Guardia Zibilak duen egoitza batera iritsi –hori da esan didatena, nik ez nuen hori frogatzeko modurik izan– eta ziega batean sartu ninduten. Ziega horretan beste atxilotu bat zegoen, baina elkarri begiratzea edo silaba bakar bat esatea galarazi ziguten mehatxupean zaintzaileek.
Ostegunean, ziegatik iritsi eta handik gutxira, forensearengana eraman ninduten; forensearenganako bide guztia beti egiten genuen begiak itxita. Ziegan beti egoten ginen begiak irekita, egoten nintzen ni behintzat begiak irekita, eta traslado guztietan –bai interrogatorio- lekuetara eta baita forensearengana ere– beti media moduko bat jartzen ziguten buruan, eta begien pare egiten ziguten media hori asko itxi; beraz, ez nuen sekula inor ikusi, kenduta forensea. Forensearengana eramaten gintuzten beti media horrekin, baina forensearen bulegoan sartu baino lehenago kendu egiten ziguten, eta, orduan, forenseak ez gintuen sekula ikusten media buruan geneukala.
Forenseak galdetu zidan ostegunean nola nengoen, esan nion trasladoa eta miaketa ondo izan zirela; ondo ere beti erlatiboa da, ez?, baina, bueno, ez zela izan ez agresiorik, ez tratu txarrik, irainik ere ez zela izan. Entzun dut beste batzuek izan zutela galdeketa bat bidean, nik ez nuen galdeketarik izan. Nik ez nuen hitz egiteko gogorik eta haiek jardun zuten telebistako nire debateei buruzko bromak eginez eta irratietan agertu naizen debateen eta tertulien gaineko bromak eginez, baina ez bereziki… Beraz, adierazi nion hori forenseari, eta, forensearekin bukatu eta gero, berriro eraman ninduten begiak itxita ziegara.
Ziegan zutik eduki ninduten. Egon naiz hiru egunetan lo egiteko modurik gabe. Eduki naute zutik, ziegan, paretaren kontra, paretari begira, hobeto esanda, denbora asko, luze; tarteka eseritzen uzten zidaten. Kalkulatu nezake lau-bost bat…, zaila da kalkulatzea, lau-bost bat ordu, tarteka hogei bat minutu eserita, baina ez dut sekula lorik egiteko aukerarik izan. Ez dut sekula izan koltxoi batean lo egiteko modurik; koltxoi bat bazegoen, baina ez neukan baimenik lo egiteko: zutik egon beharra neukan lau-bost bat ordu segidan eta gero hogei bat minutu eserita. Galdeketa-saio pare bat egin zidaten ostegunean bertan.
“Nire bizitza partikularrarean sartu ziren, irain homofobikoak jasan nituen, mehatxu homofobikoak jasan nituen”
Galdeketetan insistitu egiten zuten etengabe Egunkaria eta…, nahi zuten nik aitortzea Egunkaria eta ETAren arteko lotura bat, eta lotura hori, ez baldin banintzen ni, zein izan zitekeen. Eta ostegunean irain batzuk jasan izan behar izan nituen, eta presio batzuk: lau-bost bat pertsona batera nire atzean galdezka etengabe, nik lotura hori egin nezan. Galdeketa guztietan beti egon naiz media bat buruan jarrita eta honaino itxita. (El Sr. Otamendi coloca las manos a la altura de los ojos.) Haiek jarritako kodea barneratu egiten duzu, hain da gogorra egoera. Behin baino gehiagotan gertatu zen nik ezkerreko begitik edo eskuineko begitik argiune bat ikusten baldin banuen, hain neukan barneratuta haien kodea, abisatu egiten niela nire galdetzaileei ikusi egiten nuela begiaren…, ez ikusten nuela, argia sartzen zitzaidala. Nahi nuen kosta ahala kosta ebitatu haiek ikus nintzaten zer edo zer ikus nezakeela. Beraz, ez nuen arriskurik hartu nahi, eta gogoratzen naiz beti abisatu egiten niela ikusi egiten nuenean, argi-izpi bat sartzen zitzaidanean mediatik barrenean.
Aurreko irainak ostegunean jaso nituen; irainak beti ziren orokorrak, beti ziren presioa, irainak, aitortu nezala Egunkaria eta ETAren arteko lotura… Eta aurreneko egunetik abisatu zidaten bost eguneko inkomunikazioa neukala eta bost eguneko bidaia bat zela eta bidaia horrek zeuzkala bost geldialdi. Orduan, nik erabaki behar nuela zein geldialditan jaitsiko nintzen tren horretatik bidai horretan; beraz, zenbat eta denbora gehiago pasa jaitsi gabe trenetik edo bidaiatik, orduan eta gogorragoa izango zela. Baina garbi adierazi zidaten bost egun pasa baino lehenago denek, instalazio horietatik pasatako guztiek, aitortzen zutela aitortu beharrekoa eta, gainera, aitortzen zutela guardia zibilek aitortzea nahi zutena, aitortu egiten genuela. Garbi abisatu zidaten: “Esto es un viaje de cinco días; y cuanto antes te bajes, mejor lo vas a pasar. Si te bajas en el primer viaje, tienes cuatro días de descanso; si te bajas el segundo día, tienes tres días…”, eta horrelako korrelazio bat egin zidaten.
“Esto es la Guardia Civil, aquí nos pasamos por los cojones el sistema de libertades…’, zioten agenteek”
Ziegan beti zutik egon nintzen eta paretari begira. Ostiral goizean berriro eraman ninduten… –badakit goiza zela ematen zigutelako esnea edateko, goizetan, eta holako zera- pare bat…, bollo ez, nola ote dira horiek, jaten direnak…? Berdin da, magdalena-pare bat, magdalena estiratu horietako pare bat eman ziguten– forensearengana eraman ninduten. Forenseari adierazi nion ostegunean ziega propio bat ez neukala, beste lagun batekin nengoela: hura eserita egoten zen, ni zutik edukitzen ninduten; bestea eserita zeukaten, elkarri bizkarra emanda eta ezin genion elkarri hitz egin. Eta abisatu nion ez neukala lo egiteko modurik, galdeketak hasi zirela eta gero aurreneko flexioak egiten hasi nintzela –ez dut hori esan: ostegunean hasi nintzen aurreneko flexioak egiten–, eta, orduan, aitortu nahi niola eta gainera salatu nahi niola zein egoeratan nengoen. Hori ostiral goizean izan zen, forensearekin. Forensearekin bukatu eta gero saio hori, berriro ziegara eraman ninduten; handik denbora batera –zutik segitzen nuen– galdeketak egin zizkidaten. Galdeketa horietan jada tonua eta mehatxu-tonua gogorragoa zen, presioaren irudikapena edo presioaren eszenifikazioa askoz ere handiagoa zen, oihuak handiagoak ziren, irainak handiagoak ziren, tarteka kolpeak ematen zituzten eskuarekin burdinazko ate batzuetan zarataren presio hori nire inguruan sortzeko. Jarri ninduten larrugorritan, galtzak txonkatilaraino jaitsita eta galtzontziloak belaunetaraino jaitsita, jertsea eta nikia kenduta. Flexio asko egin nituen, etengabe ari nintzen flexioak egiten. Flexioak ziren… zutik egon behar izaten nuen, hola, eta gero edukitzen ninduten etengabe flexioak egiten eskuak gora neuzkala. Egin dezaket…? (El Sr. Otamendi se levanta para representar las flexiones.)
Gora eta behera, etengabe flexioak egin nituen, eta gero denbora asko edukitzen ninduten “pikotxean” esaten dugu guk, hola, pikotxean, eta eskuak… (El Sr. Otamendi alza las manos.) Bueno, galtzen nuen ekilibrioa… nekatu arte, eskuak lurrera jaitsi arte. Batzuetan, ahuldadez, erori egiten nintzen, eta, normalean, beti edukitzen ninduten txoko baten kontra ze erortzerakoan beti topatzen nituen bi paretak, beraz, txoko batean egoten nintzen. (El Sr. Otamendi retoma su asiento.)
Flexioak etengabeak ziren. Eta, halako batean, jarri zidaten burdina bat buruaren ezkerreko partean eta “klik” bat entzun nuen. Ez nuen ikusten, beraz, ezin nezakeen esan pistola bat zenik, baina burdina bat zen nire buruarenezkerreko partea ukitu zuena, eta klik bat entzun nuen. Flexioak gelditzen ziren bakarrik ni nengoenean arnasestuka eta arnasa hartu ezinik, jada pixka bat gaizki nengoenean, orduan gelditu egiten ziren; bizpahiru minutuz egoten nintzen ezer egin gabe eta gero berriro segitzen nuen horiek egiten.
Horiek izan ziren ostiraleko…, etengabe, aitortu nezala zein zen lotura ETA eta Egunkaria-ren artekoa, izenak eman nitzala; etengabe galdetzen legalak diren datuak, mundu guztiak badakizkienak, ba administrazio-kontseiluko kideak zeintzuk diren; etengabe galdezka nola kontratatu ninduten, ze bileratan egon nintzen, zeinek eskaini zidan… Datu publikoa da, nik mila aldiz kontatu dut elkarrizketetan: Iñaki Uriak deitu zidan eta berak eskaini zidan Egunkaria- ko zuzendari izatea telebistan lanean ari nintzela. Ostiral gauean eduki ninduten berriro ziegan, zutik eta paretari begira. Larunbat goizean, berriro esnea eta magdalenak ekarri eta gero, epailearengana eraman ninduten eta epaileari kontatu nion ostiralean jasandako guztia eta eskatu nion epaileari…, epaileari ez, barkatu, forenseari. Forensearengana eraman ninduten, kontatu nion eta eskatu nion forenseari esan ziezaiola epaileari, Auzitegi Nazionaleko epaileari, handik atera nintzatela eta eraman nintzatela Auzitegi Nazionaleko ziega batera; ezin nuela han segitu, nire eskubide guztiak urratuta zeudela eta esateko epaileari handik ateratzeko.
Forenseak bere gelan, berak hartzen gintuen gelan, bazuen bere ondoan kolumna berde bat, burdinazko kolumna, zabalera honetakoa, eta esan nion forenseari: “Ez banauzue bihar baino lehenago hemendik ateratzen, nere burua hautsiko dut zutabe honen kontra”, halaxe esan nion berari. Forenseak apunteak hartzen zituen paper ez ofizial batean, paper txuri batean; ze, gero, egun hauetan entzun dut –nonbait publikatu da– nik forensearen aktarik ez nuela sinatu nahi izan. Ez dakit besteen kasuan, nire kasuan, niri forenseak ez zidan sekula aktarik eskaini. ez dakit legalki existitzen duen forensearen aktak atxilotuaren aurrean. Niri forenseak inongo momentutan ez zidan sinadurarako aktarik eskaini eta, gainera, apunteak hartzen zituen paper txuri batean, ez zen paper ofizial bat, ez zeukan inongo Menbreterik.
Hori esan nion forenseari, atera nintzatela handik. Forensearekin bukatu eta gero eraman ninduten ziegara, eta, ziegan ordu erdi inguru neramala, etorri zitzaizkidan berriro bizpahiru… guardia zibilak izango ziren, bizpahiru galdetzaile. Atera ninduten inoiz ez bezala, ze ez naute sekula atera ziegatik hola, atera ninduten erdi arrastaka ziegatik, media begietan jarrita, eta metro batzuetara bakarrik, ez ninduten urrutira eraman, lurrean jarri ninduten eta esan zidaten belarrira, gazteleraz: “Como vuelvas a contar al forense lo que te estamos haciendo, hijo de puta, te metemos dos tiros”.
Nik garbi esan nahi dut hemen, eta esan dudan leku guztietan hala esan dut, nik ez dudala dudarik egiten forensearen jardun zuzenaz; hala adierazi nion Del Olmo epaileari ere deklaratu nuenean. Nik ez daukat inongodudarik forensearen ondradutasunaz. Pentsatzekoa da Guardia Zibilak baldin badauzka metodoak jakiteko zer gertatzen den norberaren etxean, norberaren autoan, edo espionaje deitzen den horretan, ba motibo gehiago eta bitarteko gehiago izango ditu oraindik haren etxean bertan entzuketak egiteko. Beraz, garbi utzi nahi dut hemen nik, horrela kontatuta, ez dudala inolaz ere susmorik txikiena ere jarrinahi forensearen gainean. Ni ez naiz ezer intsinuatzen ari; ari naiz kontatzen sekuentzia nola gertatu zen, eta konbentzituta nago forenseak bere lana egin zuela eta forenseak ez ziola inori ezer adierazi. Baina gertatu zena zen: nik forenseari ostiralean egin zidaten guztia kontatu eta adierazi –nire burua hautsiko nuela burdinazko zutabearen kontra ez baldin baninduten eramaten–, eta handik ordu erdi batera atera nindutela indarrez eta esanzidatela lehen esan dudana.
Larunbatean, hori gertatu eta gero, utzi ninduten berriro ziegan. Segitzen nuen zutik eta etzateko inongo aukerarik gabe, paretari begira segitzen nuen. Eta larunbateko galdeketa-saioak hasi ziren, are gogorragoak zirenak,galdeketan gaia erabat aldatu zen, ez zen jada Egunkaria eta ETAren arteko ustezko lotura, baizik eta nik ETAri egindako elkarrizketak. Orduan, lortu nahi zuten informazio guztia zen ETAri egindako elkarrizketari buruzkoa. Gero, gainera, konturatu naiz epaileari pasa dioten informazioan horri buruzkorik ez dagoela ia ezer.
Beraz, daukat sentsazioa nik harrapatu nindutela, eta hala adierazi zidaten gainera. Ni lehenagotik egon naiz bi aldiz Auzitegi Nazionalean, ETAk egindako deklarazioei buruzko deklarazioak egiten; beti eskatu dut babesa eta beti eskaini dit Garzón epaileak babesa, nire sekretuak…, bueno, sekretu profesionalaren babesa deitzen dena edo –zure iturriak ez adierazteko eta albiste bat jorratzeko orduan daukazun prozesua ez errebelatzeko edo ez esateko eskubidea–, eta hori beti errespetatu izan zait Auzitegi Nazionalera joan izannaizenetan. Baina esan zidaten guardia zibilek hura Guardia Zibilaren etxea zela eta han eskubiderik ez zegoela. Esan gabe doa nik ez deklaratzeko eskubidea, edo kazetaria naizen aldetik onartuta daukadan eskubidea, hau da, nire iturriak ez aipatzeko edo, lehen esan dudana, albiste bat jorratzeko orduan, jorraketa horren prozesuaren berri ez emateko daukadan eskubidea aipatzen nuen aldiro; esan zidaten garbi han ez zegoela eskubiderik: “Hau ez da Auzitegi Nazionala, Auzitegi Nazionaleko epaileek onartzen dizute hori, hemen ez dugu onartzen. Esto es la Guardia Civil, aquí nos pasamos por los cojones el sistema de libertades…”. Nik holako gauzak aipatzen nituen bakoitzean erantzuna beti izaten zen estilo horretakoa, beti, Konstituzioa aipatu edo Auzitegi Nazionala… Nik esaten nien: “Niri Garzón epaileak askotan onartu dit eskubide hori, beraz, zuek ere eskubide hori onartu behar didazue”. Esaten zidaten: “Nos pasamos por los cojones la Constitución, el sistema de libertades y lo que sea”.
Beraz, galdeketak larunbatean izan ziren, elkarrizketaren ingurukoak, eta nahi zuten fortzatu nik kazetari moduan daukadan eskubidea ez aitortzeko nire iturriak eta notiziak nola lantzen diren. Jarri ninduten larrugorritan edo biluzik, erabat, erabat: zapatak, galtzerdiak, soinean neraman arropa oro kendu zidaten, kenarazi zidaten; flexioak eginarazi zizkidaten larrugorritan –larunbatean push up deitzen diren flexio horiek, lurraren kontrakoak, etengabe egin nituen, arnasa galdu arte edo arnasestuka, erdi zorabiatu bitartean edo, modu horretan.
Nire bizitza partikularrarean sartu ziren, irain homofobikoak jasan nituen, mehatxu homofobikoak jasan nituen. Nire lagunekin egon zirela esan zidaten eta nire lagunei aitorrarazi zietela zein den niri gehien gustatzen zaidan postura sexuala, behartu ninduten postura horretan jartzera eta minutu luze batzuz irain homofobikoak entzun behar izan nituen, jasan behar izan nituen. Eta esan zidaten nire bizitza pribatuaren hainbat argazki Interneten pasako zituztela. Hori izan zen larunbatean.
Horren ondoren bi aldiz egin zidaten “poltsa”. Poltsa edo plastikoa. Larunbatean. Poltsa edo plastikoa da buruan jartzen dizuten poltsa edo plastiko bat –ez dakizu poltsa den, ez duzu ikusten–, lepondoan lotzen dutena, ez lepoa estutzeko, ez dute bilatzen itotzea, baizik eta egiten dutena da ondo itxi, bizpahiru segundotan, eta daukazun sentsazioa da itotzen ari zarela eta ezin duzula…; bentosa moduko bat egiten du plastikoak ahoan eta bi sudur- zuloetan, eta orduan gelditzen zara haizerik gabe. Hori bi aldiz egin zidaten, gainera ez tarte handiarekin, egon liteke igual ordubete edo ordu eta erdiko tartearekin. Eta gero hasi ginen jada entsaiatzen…, hasi ziren haiek entsaiatzen Guardia Zibilaren instruktorearen aurrean egin beharreko deklarazioa. Atxiloketaren bukaera aldean edo deklarazioaren akta moduko bat egiten dute, eta egon nintzen bizpahiru orduz akta horren instrukzioa buruz ikasten, alegia, ikasarazi zidaten buruz: “Galdera honi hau erantzun behar diozu; galdera honi hau erantzun behar diozu…”. Bi ordu edo pasa nituen horrela; gero, handik ziegara eraman ninduten. Aurreneko aldiz utzi zidaten ziegako koltxoian etzaten, eta orduan bakarrik utzi ninduten; da aurreneko aldia bakarrik egon nintzena, bitartean egon nintzen beti beste batekin. Eta handik ordubetera esan zidaten ofizioko abokatu bat prest zegoela eta orduan deklaratzera joan behar nuela ofizioko abokatuaren aurrean.
Bueno, nik ofizioko abokatua ez nuen inongo momentutan ikusi. Esan gabe doa nik hemen esaten ari naizen guzti hau Del Olmo epaileari esan niola adierazpenean. Nik ofizioko abokatua ez nuen inongo momentutan ikusi, eduki nuen ofizioko abokatua atzean. Esan zidaten ofizioko abokatu bat atzean jarriko zidatela saihesteko nik bera errekonozitu nezan eta, orduan, gero ETAri ez niezaion jakinarazi norzen.
“Esan gabe doa nik hemen esaten ari naizen guzti hau Del Olmo epaileari esan niola adierazpenean”
Baneuzkan bi instruktore, ordenagailu lap horietako batekin, portátil horietako batekin ari ziren instrukzioa egiten; orduan, galderei nik erantzuten nien. Eta denbora guztian nuen ofizioko abokatua atzean, ez nuen ikusi. Instrukzioaren hasieran esan zutenean: “Se celebra esta declaración ante la presencia del abogado de oficio, colegiado número”, ez naiz gogoratzen, “del Ilustre Colegio de Abogados de Madrid, ¿es así?”. Eta, orduan, atzeko gizonezko ahots batek esan zuen: “Sí”. Hori da nik ofizioko abokatuarekin izan nuen harreman auditibo eta bestelako bakarra, ze ez nuen izan beste harremanik.
Gero, bukatutakoan sinatu nuen lehenago buruz ikastera behartu ninduten deklarazioa, eta, hori bukatutakoan, jada eraman ninduten ziegara. Hori izan zitekeen…, esan zuten orduarengatik, goizeko laurak uste dut esan zutela orduan, akta irakurtzeko orduan: “A las cuatro de la mañana declara…”, holako gauzaren bat. Goizeko laurak izango ziren, larunbatetik iganderako gau horretakoak. Eta jada utzi ninduten ziegan, pakean, igandean eta astelehenean… Igande eta astelehena dedikatu nituen epailearen aurrean egin beharreko deklarazioa prestatzera. Eta hori izan zen gutxi gorabehera gertatu zena. Gero, astelehenetik astearterako gauean, goizaldean, goizeko laurak inguru horretan ere deklaratu nuen epailearen aurrean.
Hemen esan dudan guztia, are xehetasun gehiagorekin gainera, kontatu nion Del Olmo epaileari, fiskalaren, idazkari judizialen eta ofizioko abokatu baten aurrean. Kasu honetan, ofizioko abokatua ikusteko aukera izan nuen –neukan epailea aurrean, neukan fiskala ondoan, bi idazkari eta ofizioko abokatua neukan ondoan, emakume bat zen–; bestean, berriz, ezin nuen ikusi, nonbait bere nortasuna, bere identitatea edo, gorde nahi zutelako, babestu nahi zutelako, nik ETAri adieraziko niolakoan edo pasako niolakoan. Eta hori izan zen gutxi gorabehera…
Baina garbi gelditu dadila, ze askotan esan da batean eta bestean ez dudala denuntziarik jarri, nik guzti hau epaileari esan niola deklarazio luze batean. Nire deklarazioa grabatuta dago. Nik epailearen aurrean egindako deklarazioa sinatu nuen, eta grabatuta dago. Nik sinatu nuen paper bat esaten duena nire deklarazioa dagoela jasota zinta batean eta zinta hori gelditzen dela babestuta eta gero gainera kode batekin, halako identifikazio-kode batekin.
Orain, halako batean deitu beharko didate paperera pasatako zinta hori zertzeko. Gure abokatuak eskatu dio epaileari tortura-salaketaren zati hori eraman dezala konpetentea den auzitegi batera, ze Auzitegi Nazionala ez da konpetentea gai horietan; eta, orduan, hori Madrilgo Probintzia Auzitegiko epaitegi batera eraman behar da. Epaileak erantzun dio sekretupean dagoela sumario osoa eta, orduan, ezin duela piezarik atera hortik.
El PRESIDENTE: Eskerrik asko, Otamendi jauna.