Lehendakarigai hori…

 

Euskararen garapena motelduz joan da Eusko Jaurlaritzan azken bizpahiru legegintzaldietan. Azken legegintzaldi honetan, moteletik  erabateko paralisira heldu gara. Euskararen normalkuntzaren branka behar zuena, barku izotz-hauslea, beste administrazioentzako bide-erakusle behar zuena, Eusko Jaurlaritza, zamaontzi bihurtu zaigu.

Gaztelania da Eusko Jaurlaritzan laneko hizkuntza. Ez da apenas aurrerapenik izan azken 15 urteetan. Soilik IVAP[1], HPSn[2] eta Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuan egin daiteke lan euskaraz normaltasunez.

Jaurlaritzako 5.400 langileetatik, ez dira 200 izango euskaraz lan egiten dutenak! Zergatik? Borondate politiko eskasagatik legegintzaldi honetara arte, eta borondate politiko ezagatik legegintzaldi honetan.

HPS, Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzua eta, partez, IVAP uharte euskaldunak dira Eusko Jaurlaritzan. Gainera, euskararen normalkuntzaren oinarri behar luketen Normalkuntzako Teknikarien Kidegoaren eta Itzultzaileen Kidegoaren artean ez dago harreman antolaturik, are gutxiago jardun bateraturik.
Langileei zuzendutako laneko prestakuntza erdara hutsez eskaintzen da gehien-gehienetan, eta langileokin jardun behar duten enpresei inoiz gutxitan eskatzen zaie euskarazko interlokuziorik.

Eusko Jaurlaritza osorako planik ez dago, 30 urte igaro eta gero. Justizia, Ertzaintza edota Osakidetzaren hizkuntz egoera negargarriak ezagunak dira, batez ere herritarroi oso zuzenean eragiten digutelako, baina beste sailetako egoera ez da askoz hobea. Eusko Jaurlaritzan euskararen normalkuntzan aurrera egingo bada, ardatz berean sartu behar lirateke HPS, IVAPeko Euskalduntze Zerbitzua eta IZO[3], HABE, Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzua, Justizia Administrazioa, Osakidetza, Ertzaintza…

Eusko Jaurlaritzako arduradun politiko gehienak erdaldun elebakarrak dira egun, eta gehienek ez dute euskararekiko inongo interesik. Lehen gutxik; azken legegintzaldian oso-oso gutxik. Arduradun politikoek, ia guztiek salbuespenak salbuespen, gaztelaniaz egiten dute lan, hortaz, euren menpeko langileak ere, erdaraz lan egitera behartuta daude. Zorte pixka batekin, lanaren azken emaitza itzultzera bidaliko da IVAPera edo Jaurlaritzatik kanpoko enpresaren batera, azken dokumentua euskaraz (ere) ager dadin. Baina hori ere ez da beti gertatzen, inondik inora: Euskadi.net webgune ofizialean bertan ere, pixka bat murgilduz gero erdara hutsezko eduki asko eta asko aurki daitezke.

Sentsibilizazio plan sendorik ere ez dago Eusko Jaurlaritzan. Eta eraikin hauetan aurki daitezkeen kartel bakanek “euskararen erabilerak ez  du mugarik” esaten badute ere, berton lan egiten dugun langileok badakigu euskaraz lan egin ahal izateko oztopoak eta mugak askotarikoak direla.

Euskara Planak abian omen daude Eusko Jaurlaritzan, langile gehien-gehienak horretaz ohartu ez badira ere; edo sailburu eta zuzendari gehienek, plan horietaz ezer jakin nahi ez badute ere.

Adibide xume bat: HPS da Euskara Planen  jarraipenaren ardura duen Administrazio atala, baina HPS ez dago Lehendakaritzan, Kultura Sailean baizik, eta ez Lehendakariaren menpe, Kultura Sailburuaren menpe baizik. Hortaz, beste sailen eta sailburuen gain duen autoritatea hutsaren hurrengoa da, sail bakoitzak “bere ezaugarrien arabera” antolatzen baitu saileko plana… egiten duenean. Hain da bitxia egoera, ezen HPS barne hartzen duen Kultura Sailean badiren sei hilabete saileko Euskara Teknikaririk ez dagoela!

Oso kezkagarria da, dimisioa eman izana Euskara Planen gidaritza zuzena eta planok garatzeko asmo zintzoa izan duten zenbait karguk, bai eta dimisio horien gainean hedatu den isiltasuna edo azalpenik eza ere.

Langileontzako IVAPek eskaintzen duen prestakuntzaren %80 inguru gaztelaniaz eskaintzen da. Barruko informatika zerbitzuak (EJIE, CAU…), lanean sarri erabiltzen direnak, gaztelania hutsez eskaintzen dira gehienetan. Landu beharreko gaiak gehienbat erdaraz jaso ohi ditugu langileok… Baldintza horietan euskaraz lan egitea ahalegin titanikoa da, langilearen gogoaren, grinaren, eta moralaren lepo geratu ohi dena.

Hautagai agurgarri hori, ikus dezakezun bezala, euskara “ez doa” EAEko Administrazio Orokorrean ezta bere menpeko erakunde gehien-gehienetan ere. Hartara:
Lehendakarigai hori, proiektu zehatzik baduzu 2013ko urtarrilean inplementatzen (eta ez diseinatzen) hasteko?  Zer egingo duzu Euskararen normalkuntzari  bultzada berria emateko Eusko Jaurlaritzan?

Zer, euskara laneko ohiko hizkuntza izan dadin?

Zer, arduradun politikoek lidergoa har dezaten eta euren menpeko langileen aurrean eredu izan daitezen?

Prest zaude HPS lehendakaritzan txertatzeko, hizkuntza politika zehar-lerro izan dadin?

Zein hizkuntza irizpide ezarriko dituzu zerbitzu publikoa emateko kontratazioetan?

Azken batean, herritar eta langile euskaldunon hizkuntza eskubideak Administrazioan eta Administraziotik bermatzeko zer egiteko prest zaude?

                                              EAEko Administrazio Orokorreko ELA, LAB eta Tiraka taldea



[1] IVAP: Instituto Vasco de Administración Pública

[2] HPS: Hizkuntz Politikarako Sailburuordetza

[3] IZO: Itzultzaileen Zerbitzu Ofiziala

Administrazioa., euskara

2 pentsamendu “Lehendakarigai hori…”-ri buruz

  • Iban Tustán 2012-10-17 21:54

    Nola normalizatuko du euskara Erkidegoan gobernatzen duen etxean bertan normalizazioan aurrera egiteko gauza ez denak?
    Eta nola normalizatu euskara Jaurlaritzan, alderdian normalizatzeko gauza ez denak?

  • Iban, zure hitzak oinarri:
    Nola normalizatuko du euskara Erkidegoan gobernatzen duen etxean bertan normalizazioan aurrera egiN NAHI EZ DUENAK?
    Eta nola normalizatu euskara Jaurlaritzan, alderdian normalizatu NAHI EZ DUENAK?
    Portzierto, egoera tamalgarri honen izenak jartzea ahaztu zaie egileei:

    -Azken 4 urteetan: PSOE
    -Duela 4 urte arte: PNV

    Igandean, gure esku dago axolagabe hauen euskararen aurkako politika zabortegira botatzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude