Ziber-adikzioari aurre egiteko
Etxekoek uste dute menpekotasuna dudala, ziber-menpekotasuna, hain zuzen. Ez didate ezer esan, baina haien begiradan sumatu dut. Ordenagailu aurrean edo smartphonea eskuetan harrapatzen nauten gehienetan jartzen zaien aurpegiagatik, seguru dakit zer pentsatzen ari diren: “zer egiten arituko den orain; nola den posible horrenbeste denbora pasatzea kontzentratuta horretan; interneten arituko ote den; konturatzerako etxeko lanak egiteko denbora joango zaio, atzo bezala; zer bilatuko ote dio horri gugan aurkitzen ez duena; oporretan egonda zer egiten du hor eserita hondartzara joan beharrean; sikiera telebista aurrean eseriko balitz, jakingo genuke zer ikusten ari den; eta benetan adikto bihurtu bada?”
Horregatik, batzuetan galdetzen didate zertan ari naizen, ea beste zerbait idazten nabilen, esku artean neukan lana bukatu ote dudan, edo hizketan hasten zaizkit munduko gaiekiko interesa (eta eurekikoa, XD) galdu ez dudala egiaztatzeko. Nik kasu egiten diet orduan, maite ditudalako eta mundu errealeko gauzak biziki interesatzen zaizkidalako, bistan denez. Asko lasaitzen dira, begiak ordenagailuaren pantailatik kendu eta haiengana zuzentzen ditudanean eta askoz gehiago, nire sentiberatasuna adierazteko, ordenagailua itzali eta altxatzen naizenean.
Egun batzuk behar izan ditut zer egin beharko nukeen hausnartzeko, ez baitut nire maiteak atsekabetzerik nahi. Eta erabaki dut. Listo. Badakit. Desintoxikazio epe bat jarriko dut martxan, beraz, ondorengo astetan, koadernoan tuiteatuko dut.