Al-Jazeeraren balkoia

saif-al-islam-son-leader-of-libyan-moamer-kadhafi-speaks-to-nation_121Al-Jazeerak balkoi bat du Tahrir enparantzan, Cairo erdian. Ez da plaza osoa ikusten, gertuen dagoen aldea bakarrik ikus daiteke ondo. Horregatik manifestaldi txikienek ere pantaila osoa okupatu dezakete, gertatzen ari denaren benetako tamaina aldatuz. Horrelako zenbat balkoi daude egunotan Libian?

Jendeak “Al-Jazeeraren balkoia” deitzen du. Tahrir plazan dago, bertako metro geltokiko sarrera baten ondoan, ez oso altu. Fijatu bazarete Metroaren sarrerako “M” handi hori askotan ikus daiteke bertatik. Kamara bat eskuan izan duen orok daki oso zaila dela espazio oso handi bat guztiz sartzea irudian. Horretarako dauden soluzioak bi dira: edo kamara etengabean mugitzen da edo angular handiko objektibo bat hartu. Angular handiak gauzak deformatzeko arazoa du, oso gertu ez daude gauzak urrunegi jarriz. Etengabe mugitzeak teknikari bat eskatzen du, ekipo oso bat, beraz.

Ez da horrela izan denbora guztian. Hasieran eraikin berean zegoen beste balkoi bat zuten, goi-goiko pisuan eta bertatik bai, bertatik plaza osoa ikus zitekeen. Baina ez dakit aurrekontua den, edo goikoak ez zuela interes gehiegirik momentu batean, beherago zegoen balkoia hartzea erabaki zuten. Eta hori erabili dute hainbatek, euren mesederako, noski.

Plaza osoa ezin zenez hartu, Al-Jazeerak erreferentzia puntu bat hartu zuen, balkoitik gertu. Eta kamara hor mantendu, finko, zuzeneko konexioak eta leihotxoak jarri ahal izateko zerbait gertatuz gero. Tahrir plaza izugarri handia da, baina aski zen mila pertsona biltzea kamaratik gertu zegoen aldean, dena lepo zegoela ulertarazteko. Eta horrela errealitatea desitxuratzeaz gain, benetan existitzen ez zen mugimendu baten indarra erakusten zen telebistan, “domino-efektua” bilatuz eta gatazka betikotzen ari zenaren ilusioa salduz.

Shockaren dotrina

Ez naiz izango lehenengoa esaten gaur egun Shockaren dotrina erabiltzen dela gertatzen direnak, edo egin nahi dituztenak justifikatzeko. Bi adibide jarriko ditut, biak gainera gai berdina hartuta. Ziurrenik okerren ikusita dagoen krimena bortxaketa izango da. Gartzelan dauden lapur, trafikante eta hiltzaileek ere esaten dute, bortxatzaile baten azpian pederasta bat baino ez dago. Eta horregatik bortxatzaileak gartzelan txibato, Guardia Zibil eta bankeroz inguratuta jartzen dituzte, beste presoek hil ez ditzaten.

Beraz shocka sortu nahi bada, bortxaketaren gaia ateratzea da egin daitekeen gauzarik onena. Berdin dio egia edo gezurra den, noski.

Denok gogoan izango dugu Wikileaks auzia. Ez dakigu zertan dagoen, baina hortxe ibiliko da oraindik Julian Assange gartzelaren batean. Arrazoia ez da AEBen ustezko sekretu batzuk aireratu izana, edo hainbat webgune behera botatzea, edo hacker gisa sekretua zen nonbaitera sartu izana. Ez. Arrazoia sinpleagoa da, ukaezina, inork defentsan ez jartzeko modukoa: Julianek bi emakumeren aurkakoak egin zituen. Teknikoki ez da bortxaketa bat, baina antza juridikoki bai Suedian. Julian Assange erruduna da. Bortxaketarena “errudunago” egiteko erabiltzen duten aitzakia baino ez da.

Bigarren adibidea Strauss-Kahnena da. DSK tipo perfektua zen, sionista, bankeroa, umeen hiltzailea, goseteen sortzailea eta, batez ere, frantziar sozialdemokrata. Tipo guai bat boteretsuentzat. Baina krisi egoera honetan dolarraren hegemonia kendu eta nazioarteko txanpon berria sortu nahi zuen, kredituan oinarritua. Eta hori onartu baino egun batzuk lehenago… beno, kamarera bat bortxatzen saiatu zen. Hara, DSK, hiltzaile hori, umeak gosez hiltzen uzten duen tipoa, herrialdeen sobirautzen bortxatzailea… beno, emakumeak ere bortxatzen dituela. Beraz NMFren burua segurtasun handiko gartzela batean sartu eta bertan izan zuten Funtsaren zuzendaritza utzi zuen arte. Eta orduan, beno, ba orduan DSK ez da bortxatzailea gehiago. Eta kamarera horrek dena asmatu zuen. Eta DSK itzul daiteke Frantziar estatura, bai. Baina ahaz dezala berriro karrera politikoa egitera. DSK bortxatzaile bat izango da bizitza osorako.

Gaddafi, bortxatzaile handia

Munduan jende maltzur asko dago medioen arabera. Chavez da Hego Amerikan gaiztoena, bere lagun Castro eta Moralesekin batera komikietako maltzur taldea osatuz. Chavez kritikatzea ondo ikusia dago, baita aurrerakoia den prentsan ere. Chavezek petriolioa du. Petrolioa izatea eta boteretsuei ez ematea delitua omen da mundu honetan.

Maltzurren artean Ahmadinejab dago ere, noski. Irango presidentea maltzurren artean maltzurrena da. Hain maltzurra Ana Pastor ere bidali ahal dela berarekin eztabaidatzera. Eta bere lagunak, Al-Assad adibidez. Horiek ere maltzurrak. Saddam Hussein bere etsaia historikoa zen, baina hori ere maltzurra zen.

Gaddafi maltzur karismatiko bat da, hala ere. Tipoa oso gaiztoa zen panarabismoaren garaian, baina azken hamarkadan Europako boteretsuen lagun egin zen (petrolioa du, eta hobe berarekin ondo eramatea!) eta jada tipo “berezi” bat zen. Baina ai… shockaren dotrina!

Shockaren dotrinak argi erakutsi digu ildo editorialak alda daitezkela haizearen norabidea edo galtzontziloak aldatzen diren bezala. Ben Aliren aurkako matxinada egon zenean Europako sasi-ezker osoak ez zekien oso argi zer egin behar zen. Tunisiako herriaren alde edo euren lagun eta burkidearen alde? Azkenean tipoa abandonatu zuten, Tunisian beste lagun bat bilatu arte. Gogoan dut oraindik Ben Ali erortzear zela Espainiako telebista batean analista batek zioela Gaddafi ere eror zitekeela, baina ezinezkoa zela Mubarak bezalakoak erotzea, bere sistema oso demokratikoa zelako. Eta jendeak demokrazia eskatzen zuelako.

Baina Mubarak erori zen. Eta Mubarak erortzea hitz potoloak ziren. Al-Jazeerak zuzenean eskaintzen zigun bertan gertatzen ari zela, kaletik batzuetan, balkoitik besteetan. Tahrir plaza osorik hartuta ikusteak domino-efektua izan zuen beste leku askotan. Bahrain, Yemen, Siria edo Marokon txinpartak sortzen ziren. Espainian 15M mugimendua sortu zen. Albanian gose zirela esan zuten. Eta Londonen ere sua piztu da ondoren. Tahrir plaza izan zen benetako sua pizten lehena, munduko ezkerrak hartu beharreko beste erreferente bat, gainera.

Gaddafik ez zituen hasiera batean arazo gehiegi izan. 2011ko urtarrilaren 13tik urtarrilaren 16ra jendearen ezinegonagatik ere Darnah, Benghazi eta Beni Walid bezalako hirietan altxamenduak egon ziren. Korrupzioa izan zen aldarrikapen nagusia. Gobernuak eraikitzen ari zen hainbat etxetan sartu ziren. Urtarrilaren 27an Gobernuak matxinadei erantzuteko adierazi zuen $24.000 milioiko inbertsioa egingo zuela etxebizitzen eraikuntzan. Eta hilabete batez, lasai, Gaddafik egoera eutsi zuen.

Baina otsailaren 15eko azken ordutan 500 edo 600 pertsona inguru manifestatu ziren Benghazin, eta poliziarekin istiluak egon ziren, 14 zauritu eraginez, horietako 10 poliziak. Otsailaren 17an Haserrearen Eguna deitu zuten Muammar al-Gadafiren oposizioan zeuden talde guztiek. Hurrengo egunean oposizioak herrialdeko hainbat eremu hartu zituen. Otsailaren 19an biolentziak gora egin zuen eta Bengaziko hiritarrek Al Jazeerari adierazio ziotenez 200 bat hildako egon ziren. Human Rights Watchen arabera 104 izan ziren hildakoak. Ziurrenik ere gutxiago izango ziren.

Baina shockaren dotrina jada martxan zen. Gaddafik 200 bat pertsona hil ditu Benghazin! Al-Jazeerak esan du! Hori da ideia. Gaddafi, bortxatzaile handia, hiltzailea, genozida, satrapa… botere gehiegi duen tipo bitxia. Eta hortik aurrera medioek egunero esan digute CNTaren frontean gertatzen ziren bajak zeintzuk ziren. NATOren bonbardaketatan hildako milaka zibilen inguruan hitz gehiegirik ez… badaezpada. Hemen gaiztoa den bakarra Gaddafi da, eta kitto.

Gezurra ari du

Al-Jazeerak, beraz, balkoi berri bat jarri zigun Libian. “Errebeldeen” aldera ematen zuen balkoia. Egunero aurrera dihoazela esaten digute balkoi horretatk, eta euren balentriak saldu: gose direla diote hemengoek, ura moztu dietela hangoek, elektrindarra behar dutela besteek. NATOk egiten duena? Ba, horrek ez du beste balkoirik behar.

Eta gezurrak bata bestearen gainetik eman dizkigute, inongo arazorik gabe, gainera. Uztailaren 21ean “errebeldeek” Brega kontrolatzen zutela esan ziguten AFPkoek. Baina egun horretan bertan Libiako telebistak zuzeneko emisioa egin zuen Bregatik eta demostratu zuen han ez zela egon inongo “liberazio errebelderik”. Hona hemen bideoa:

Beraz “gerrako partea” gezurra izan daiteke egunero. Ez dakigu, ez dugu inongo modurik erreala zer den jakiteko eta gezurra non amaitzen den kontrastatzeko. Aukera bakarra medio independienteak irakurtzea da, baina horietako askotan zabor bera erosten diote OTANen agentziei.

Ramadanaren 20. eguna, Mekka hartu zen egun bera, erabaki zuen NATOk Tripoli hartzea. “Sirena” zen alarma deia. Beraz meskitetako muezinek arratsaldeko deia egin bezain pronto Ramadaneko baraua hautsi baino hiria hausteari ekin zioten. Portuan ere hainbat yihadista lehorreratu zituen NATOko barku batek. (Ezin dugu ahaztu yihadistak orain aliatuak izan daitezkeela, orain pare bat hilabete hil baitzuten Osama Bin Laden deitzen zen pelikuletako estra hori.) Islamista erradikalek meskitetatik deitzen zuten Tripoli hartzera. Eta hori egin zutela esan ziguten, gau horretan bertan. Bataila guztien ama izan behar zuen “Tripoliko bataila” ordu pare batean bukatu zen. Errebeldeek Saif Al Islam eta beste seme batzuk hartu zituzten eta Gaddafi antza inguratuta zuten. Plaza Berdea hartu eta “Martirien Plaza” izena jarri zioten. Azkar bukatu zen asuntoa, azkar bukatu zen Gaddafiren erresistentzia. Trantsizioa hastea baino ez zegoen. Batzuek azkar esaten zuten trantsizio horretako sistema nola izango zen: NATOk eginiko erasoan parte hartu duten herrialdeek prioritatea izango zuten petrolioa eskuratzeko (Noski!).

Baina abuztuaren 23a iritsi da eta Tripoliko bataila horretan kontatutako guztia gezurra dela ikus dezakegu.

– Saif Al Islam ez dago preso. Are eta gehiago, prentsaurrekoa eman du nazioarteko kazetarien artean eta BBCko Mathew Price kazetariarekin hitz egin zuen gauez. Ehunka zibil armaturen laguntzarekin egin zuen, eta paseo bat eman zuten ondoren teorian liberaturik zeuden auzoetatik, dena kontrolpean zegoela erakusteko. Luis Moreno Ocampo, Hagako Epaitegiko prokuradoreak ere esan zuen Saif Al Islam preso zutela eta epaituko zutela.

– Plaza Berdean aldamio handi bat dagoela diote hainbat kazetari independientek. Aldamio horretan Gaddafiren argazki erraldoi bat dago, NATOk familia osoa erail zion gizon batek ordaindua. Bi gauza interesgarri demostratzen dira mezu hau egia bada: Plaza Berdearen irudiak ez ziren Plaza Berdean hartu, baizik eta beste lekuren batean: Al Jazeerak erakutsitako irudietan ez zegoen inongo aldamiorik ezta argazki erraldoirik. Argazki handiak erre zituztela zioten, baina horren handia omen zen horri ez zioten surik eman? Eta Al-Jazeerak ez zuen grabatu? Gezurra, beraz. Bigarren gauza interesgarria da NATOk eginiko bonbardaketatan zibilak hil dituztela. Eurak defendatzera ez al ziren joan?

– Tripoli ia osoa kontrolpean zutela zioten errebeldeek. Baina orain badirudi ez dela horrela. Kazetariek diotenez tiroketak daude askotan. Baina Lizzie Phelan bezalako kazetari independienteek diote tiroketa horiek ospakizunak direla, bandera berdea daramatenen ospakizunak, hiria kontrolpean dutelako. Bata edo besteari sinistu ahal zaio, baina NATOren bertsioa egia balitz… ez al genituzke ikusiko ehunka irudi, euren kontrolpeko telebistek hartuak, plaza hartzen, kaleak hartzen, estatuak botatzen…?

– Eta Lizzie Phelan aipatzen dudala… berak salatu duenez OTANeko barkuetan agertu diren yihadistak orain arte “Al-Qaeda”ko kidetzat zituzten mujaidinak dira. Ez dakit egia esango den, baina Internetera sartu eta korreoa eta Facebooka eten diote. OTAN eta Al-Qaeda elkarrekin daudela esatea debekatu diotela dio. Egia ote da, ala?

Beraz… zer sinetsi?

Shockaren dotrina erabiltzen saiatu dira berriro ere. Plaza okupatu bat erakutsi eta militarren deserzioak bultzatu, hainbat karguk bandoz aldatzea eta jendea kalera ateratzea, lider berriak agurtzera. Ez dute lortu. Militarren deserzio batzuk aipatu bazituzten ere, badirudi ez direla egia (euren artean Saif Al Islam eta Gaddafiren guardiak zeudelako, adibidez). Aipatu zen ere Arjelian dagoen Libiako enbaxadoreak txaketa aldatu zuela. Baina azken 48 ordutan ez da egon berri gehiagorik.

Plaza Berdeak berde izaten jarraitzen du, Gaddafiren liburua eta Libiako banderaren kolore berekoa. Ez dago bertan Tahrir plazarik ez eta erresistentzia gunerik. Are eta gehiago, baliteke plazara inoiz iritsi ez izana. Edo CNNk momentuan esan zuen bezala, “patrol bat sartu da barruraino, eta buelta eman du”.

Tripoliko bataila ez da oraindik bukatu. Agian hasi besterik ez da egin. Shockaren dotrinak, Al-Jazeeraren balkoia, NATOren bonbardaketek eta “Gaddafi bortxatzaile handia” estratejiek kale egin dute. Orain ehunka bat “errebelde” daude lagunak edo etsaiak izan daitezkeen ehunka mila biztanleen artean. Gerrilla urbanoan NATOk ez du zer eginik, inbasio bat egiten ez badute. Gaddafik dioenez milaka arma banatu dituzte herritar eta zibilen artean.

Balkoiekin hasi naiz, eta balkoiekin bukatu. Al Jazeeraz gain beste hainbat komunikabidek ere instalatu dute euren berriemalea Tripolin. Handik eta hemendik irakurrita informazioa kontrastatu daiteke, balkoi asko baldin badaude. Zaila izango da zer den egia eta zer gezurra jakitea, baina ideien bataila ere egongo da hurrengo ordu eta egunotan. Komunikabideen balkoien bataila ematen den bitartean, milaka zibilek armak atera ahal izango dituzte euren balkoitik, batzuk edo besteak tirokatzeko. Bakoitzak bere balkoitik bere egiak eta gezurrak erakusten ditu, baina balkoiaren azpian hegia baino ez dago.

 

Gaddafi, gerra, komunikabideak, Libia

Geologian lizentziatua eta Primatologian masterra. Han-hemenka interneten...

13 pentsamendu “Al-Jazeeraren balkoia”-ri buruz

  • Herritarrek beraiek ere ez badakite zer gertatu den (gutxiago zer gertatuko den), nola jakingo dugu ba guk? Urrutiko gerrez informatuta egoteak ezintasuna besterik ez du sortzen. Berriemaileak gerrei buruz ari direnean, esan ohi dute: “egoera oso nahasia da”, alegia, “ideiarik ez dugu baina bi minutuz zer edo zer kontatu behar dizuet”.

  • Ados, Iñaki. Baina gertatzen ari dena da bertsio faltsu baten ostean beste bat hedatzen dela, azkenean errealitate paralelo bat sortuz.

    Libiako herritarrek ziurrenik jakingo dute zer ari den gertatzen. Horregatik ez diote men egin shockaren dotrinari, eta ez dira kalera atera “lider berriak” agurtzera.

    Guri, ordea, oso informatuta gaudela esan ohi digute. Alegia, edozein gauza momentuan jakin ahal dugula. Baina gaur Euskal Herrian ekoizten diren egunkari guztiak hartu eta errepasatu zer dioten Libiari buruz. Denetan gezurra ari du. Garak zein Diario Vascok, El Correok zein Berriak, bertsio bera saltzen digute matiz ezberdinekin. Hori da arazoa, ez dagoela inor bertsio ofiziala ez den zerbait azaltzeko.

    Osama Bin Laden egun hartan hil ez zutela badiozu, arraro ikusten zaituzte. Edo Dorre Bikiak autoatentatu bat izan zela. Baina denbora pasatzen denean, guztiak du zentzu gutxiago, bertsio ofiziala geroz eta gezur handiagoan oinarritzen delako.

  • Gonzalo Etxague

    Oso interesgarria, Galder. Agian gakoa ez da zer sinistu, noiz sinistu baizik.

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-08-23 23:04

    Bai, eta beste batzutan, “zer sinistu” ordez “zer ez sinistu” ikustea ere ez da gutxi izaten…

  • Urtzi Urrutikoetxea
    Urtzi Urrutikoetxea 2011-08-24 00:50

    Azterketa interesgarria, Galder. Arrazoi duzu emandako adibide askotan, beste batzuetan ez nator ados. Shockaren dotrina etxean bertan ari gara ikusten, Martin Garitanok ahoa ireki bezain laster (“hara zer esan duen –>, “zelan esan daiteke horrelakorik!” –> “ez dago eskubiderik!” –> “horrelakoak esaten dituenak ezin du agintean egon”).

    Baina kontrajarriak diren kontu pare bat daude hor: atzo Saif al Islamekin ikusi genuen, oraindik ziria sartzen digute. Oso interesgarria izango da ikustea zer gertatu den, eta zelan zabaldu den bertsio hori, Hagako Auzitegia bera tartean sartzeraino. Bregakoaz esaten duzuna behin eta berriz gertatu da, egunero erredakziora goaz eta Brega edo joan den astean Zawiya errebeldeen esku % 100 dagoela entzuten dugu, behin eta berriz, eta handik gutxira borrokaldien berri eman behar, eta ospakizunak, berriz ere hiria erabateko kontrolpean daukatela eta. Baina atzo ez al genuen esan bazegoela kontrolpean?

    Beti dago lana hobeto egitea, noski, baina kazetari askok zuhurtziaz jokatu dugula uste dut, “BBCk/CNNk/Al Jazeerak dioenez” eta antzeko muletillak erabiliz baieztatu gabeko edozein informazio eman baino lehen. Eta informazio gutxi baieztatu genezakeen. Tahrireko planoa zelangoa zen ez dut aztertu, baina badago ikuspegi errazagoa: behin eta berriz eman ditugun irudiak errebeldeen aldetik eman ditugu, errebeldeekin joan diren kameralariek grabatuta. Tripolin egon da kazetaririk, baina ez Sirten, ez Zawiyan, ez Bregan, Gaddafiren esku egon direnean. Ondorioz, ikuspegia beti alde batekoa izan da. Susmoa dut, hala ere, Gaddafiren gobernuak ere ez duela baimendu fronteko irudiak bere aldetik ematea, NATOren aurkako Russia Today edo Telesurrek ere ez baitute ikuspegi hori eman. Siriak uzten ez duen bezala. Eta beti esan daiteke “mendebaldeak ez manipulatzeko” debekatzen duzula, baina gertatzen ari dena ezkutatzen ari zarela ematen du.

    Horregatik, konspirazio teoria horiek zailak zaizkit sinesten 2011n. Oso zaila da gezur bati luzaroan eustea. Saif al Islamen atxiloketarenak 24 ordu ere ez ditu iraun. Etengabe tuiteatu du jendeak, mendebaldeko hedabideekin batera aipatutako Russia Todayk eta Telesurrek eman dituzte bestelako informazioak. Badago kontrastatzea. Igual azaleko ñabardurak irizten diezu, baina nik uste dut NATOren alde egotea baino askoz konplexuagoa dela gaia, eta hala azaldu duela analista askok, irakurri nahi izan duenarentzat.

    Adibide bat: Gadafiren kontrako iritzi nagusia izateak, errebeldeen alde egotea ondorioztatzen du. Neurri batean bai, baina Bengazikoekiko errezeloa hasieratik egon da, Afganistanen entrenatu diren asko hangoak direla gogorarazten, monarkiko, islamista eta Gadafizale ohien multzo nahasia dela nabarmentzen. Baina horrekin batera, ez nuke gutxietsiko Karlos Zurutuzak, esaterako, ekarritako kronikak, hainbat borrokalariren istorioekin. Urtetan hizkuntza ukatu dieten amazigek bere lana utzi eta armak hartu dituzte, ezkerrak ontzat jotzen dituen matxinada askotan legez. NATO alde izan dutelako mertzenariotzat hartu behar dira? Alberto Pradillak Misratatik bidalitako kronikak ere NATO-Al Jazeeraren konspirazioagatik ote? Bidenabar, biak dira Libiara bidean, gogotsu irakurriko ditugu.

    Egia da, horrelakoen aldamenean, falta izan dela beste bertsiorik. Tuaregak gaddafizale izan dira, ona litzateke haien bertsioak eta testimonioak ere entzutea.

    Eta inork ez du ezkutatu badagoela islamizazio gogor baten beldurra. Zein jarrera ote dauka, demagun, diktaduraren aurka borrokan den feministak, jakinda Gaddafi joanda islamista sutsuak (ere) egongo daitezkeela agintean?

    Nahi duenak baditu hainbat analisi irakurgai. Egoera aski konplikatua da; gerrako parte hartzaileek zuri edo beltz egin behar dute, baina urrundik begiratzen dugunok ikus dezakegu Gaddafiren Libiak garapen maila handia zeukala, salafismoa estu hartu duela eta buruzagi garrantzitsua izan dela panafrikanismoan… baina horrekin batera diktadore autokrata ankerra izan dela ukatzerik ote dago? Panafrikanismoaren aurretik panarabismoa besarkatu eta amazigen arabizazioa behartu zuela, ukazio betean?

    Horien aldamenean, dena konspirazio handia dela dioten hedabideak daude(Red Voltaire frantses polemikoa, hori ere erraz koka dezakegu inperialismo errusiarraren morroi), beren teoriak zalantzan jartzen dituen oro CIAren agente edo inperioaren morroitzat hartzen. Besteei leporatzen dietena, manipulazioa eta gerra propaganda, beste alderantz itsu-itsuki egiten dute. Dena da gezurra mendebaldeko hedabideetan, den-dena, alferrik da informazio orekatu eta kontrastatua egitea, beraiek aski dute iturri bakarrarekin, eta kritika txikiena ez Gadafi eta beste “gaiztoekiko”.

    1991n Golkoko gerran bahitutako haurtxoen asmakizunetik askotan ikusi ditugu “iritzi publikoa” gerraren alde jartzeko ahaleginak. Hedabideekiko kritiko izateko motibo asko daude, panorama negargarria da zinez, edozein freelance-k ere esango dizu. Baina konspiranoiko horiek ere propagandaren zati bihurtzen dira, askotan sentsibilitate falta izugarriarekin. Europako bulegoetatik ikerketa semiotikoak eginez, krimen izugarriak ukatzen dituzte. Esan dut, gezur ugari egon dira jendea gerraren alde jartzeko, baina egiazkoak ere zaku berean sartu dituzte. Irango herri zapalduetako jendearekin edo komunistekin hitz egin duenak badauka herrialdearen egoeraren ezkerreko bertsio bat, baina halako batean konspiranoikoek esaten dizute dena CIAren asmakizuna dela, eta 1979ko Iraultzatik Iran paradisu iraultzailea dela. Saddam Hussein defendatzen ikusten duzu, Halabja (5.000 kurdu gasez hilak egun batean!) eta Anfal kanpainak txikikeriak balira legez.

    Nire esperientzia: Konspirazioaren zaleek ukatu izan dute Kosovoko Raçak-eko sarraskia, Clintonen aitzakia gisa, bonbardaketei ekiteko. Eta badaude ikerketak sarraskia ukatzen. Ni egon naiz Raçak-en, egon naiz hilerrian, hildako albaniarren senideekin, eta sinesten diet. Ez naiz gai aurpegira esateko antzerki hutsa direla beraien negarrak. Ez ditut hilobiak ireki zientifikoki baieztatzeko hilda daudenak haien senideak direla edo DNA ikerketak egiteko, ia-ia fede kontua da hitz egin dizunak egia osoa, propaganda pixka bat edo gezurra diotsun. Ni Raçaken egon naiz, entzun diet, eta sinesten diet. Europako konspiranoikoek gezurra dela esan arren. NATOrekiko iritziak gorabehera, Milosevicek Kosovon garbiketa etnikoa gauzatu nahi izan zuela egiatzat daukat.

    Esandakoa, gauza ez da beraz hedabideei “sinestea”, hori erlijioetako kontua izaten da. Galbahe eta izpiritu kritikoa da garrantzitsuena, baina horrek denentzako balio du, BBC eta Telesurrekin, Al Jazeera eta GARArekin. Zuk NATOko barkuko yihadistak aipatzen dituzu, nik Misratako borrokalariak direla irakurri dut beste leku batzuetan. Jende berari buruz ari gara ziur aski.

    Soldadu gadafisten bortxaketak ere propagandaren zati izan omen ziren. Baina badago une bat, NBEko ebazpena onartzen denean. Gadafi gerra irabaztear zen, eta Bengazi hartuz gero sarraski handia gerta zitekeela zabaldu zen. Eta hor dago Srebrenica, hor dago Ruanda, ezer egiten ez denean horrelakoak gertatu izan dira, eta horren aurrean batzuk, kontraesan eta manipulazio guztiekin, genozidio arriskua murriztu behar dela uste dugu askok, shockaren dotrina izan badaiteke ere. Hortik aurrera, egia da ebazpena txikle hutsa izan dela errebeldeen alde egiteko eta Gadafiren kontra, eta ez zibilen babeserako (lehengo astean BBCko analista batek gogorarazten zuen Bengaziko erasoa eragozteko balio zuen bezala balio beharko zuela errebeldeek Tripoli ez hartzeko).

    Eztabaida interesgarria atera duzu, Galder. Barkatu txapa, ea besteek zer dioten.

  • Mikel Elorza 2011-08-24 10:55

    Libian gertatutakoaren analisia alde batera, zehar-kontu bat: Galderren artikuluan (eta iruzkinen batean) Shockaren doktrina aipatzen da, horren arabera azaltzen Libiako “gerra”n eta beste batzuetan darabiltzaten gezurrak eta beste.
    Akaso beste hau ere izango da, baina “Shockaren doktrina”, izen horrekin formulatuta, nik Naomi Klein kazetari kanadarraren liburu bati esker ezagutu dut, eta uste dut bere “formulazioa” dela, eta, liburua osorik irakurri ez badut ere, leitutakoagatik esango nuke Shockaren doktrina ez dela Galderren artikuluan komentatzen den gezurren eta egia asmatuen joko hori, beste gauza bat baizik (kapitalismo basatiak eta merkatu hiperlibreak bere ildoak ezartzeko hondamendiak nola baliatu eta sutatzen dituen, zein metodo baliatu izan diren, tartean errepresio eta tortura eta…).
    Litekeena da Shockaren doktrinak aplikazioa izatea Libian, eta aurrerantzean gerra honek utzitako hondamendia baliatzea “merkatu libreak” bere funtzionamendu gordinena ezartzeko, baina besterik da gezurrak eta egiak asmatu eta zabaltzea interes oso zehatzen arabera. Zeina egin den, noski, baina ni ere, Galderren azterketa batzuetan arrazoizko baina apur bat manikeistarekin baino, adosago nago Urtzik eginiko matizazioekin.

  • Urtzi:

    Nahiko analisi ona egin duzu, dudarik gabe. Are eta gehiago, ni nahiko konspiranoikoa naizen arren ez dut ukatzen Milosevicek krimen ankerrak egin zituenik. Beste gauza bat da ea bera zen pelikulako gaiztoena edo kroatek ere bazuten euren partea. Baina beno, hori eztabaida paralelo bat da.

    Ez dut ukatuko Gaddafik krimenak egin dituenik. Daramatzan 4 hamarkadetan (erraz esaten da) ziurrenik milaka pertsona izan dira biktima. Gertau ohi da. Baina fijatzen bazara artikuluan ez dut behin ere aipatu Gaddafiren alde onak edo txarrak. Artikuluak ez du aipatzen Saif Al-Islam edo beste norbaitek izan ditzakeen korrupzio kasuak, garbiketa etnikoak, aipatu izan den “azpisahararren” esklabismoa. Ez dut aipatu ere egin Gaddafiren “iraultza berdea”k egindako gauza onak, inbertsioak, osasun unibertsal edo uraren kanalizazio erraldoia. Artikulua ez da horren inguruan. Artikuluaren funtsa ez da Gaddafi edo “errebeldeak” lagundu beharko genituzkela. Hori ere “fede” kontua da.

    Artikuluaren muina egoera honetan jaten ematen dizkiguten gezurrak dira. Errealitate distortsionatu horietatik bakarra ematen digutela. Begira, Voltairenet ziurrenik beste konspirazio baten parte izango da. Baina nik nahiago bi bertsio irakurri, zer sinistu eta zer ez hautatu ahal izateko.

    Ikusiko dugu hurrengo egunotan zer den gertatzen dena, baina nik uste Gaddafik oso ondo dakiela kontrolatzen zeintzuk diren bere pauso taktikoak gerra hau irabazteko. Eta orain 4 egun saldu ziguten jada bere garaia bukatu dela, baina ez. Hortxe dago oraindik.


    Mikel Elorza:

    Shockaren doktrinaren erabilera asko egon daitezke. “Bowling for Columbine” ikusi baduzu hor ere aipatzen da asuntoa, “beltzek beldurra ematen dute” gaia ateratzen duenean. Shockan mantentzen gaituzte produktu berriak erosteko edo zerbait bultzatzeko. Baina beno, ez baduzu gustoko erabili ahal dugu beste esamolde bat, eh! Bestetik arazoia duzu ere nire analisia manikeista dela. Baina ez da beste edozein artikulu baino gehiago. Adibide bat jartzearren, herenegun Garan “mendian bizi eta kobratzen ez duten medikuen heroismoa” aipatzen ziguten. Hori ez bada manikeismoa orduan demagogia da.

    Baina onartzen dut artikulua demagogikoa dela. Hori da edozein eztabaida on pizteko behar den funtsa.

  • Oso irakurketa interesgarria. Gezurra, komunikabideak, interesak… Gara eta Berriak edozein egunkarik ematen ari den informazio bera ematen ari dira, informazioak ez dira kontrastazen ari, dena balio du Gaddafiren aurka. Ez dute esango zein den egunero pertsona gehien hiltzen duen gaixotasunaren, gosetea, kausa eta arrazoia, ez dute esango nortzuk diren errudunak baina kontatuko digute zer egin duen Gaddafik 200 hildako horiekin. Tapia eta Leturiak bazuten abesti bat ala zioena: “Oik uste zuten zala – Madriden sartzia – kanpantorrera joanta – ezkillak jotzia.” hala saiatu dira berriro saltzen. Madrilen sartzia hori baino askoz gehiago da, Oraingoz Gadaffik jarraitzen du Gobernuan, Boteran eta OTANek bere aliatu Libiatarrekin jarraitzen dute izua zabalduz, ikusiko dugu noiz arte.

  • Iepa Galder! Lehenago ere esan dizut asko gustatu zaidala analisia baina berriz diot! Nik mesede bat eskatuko nizuke (beste edonorrek ere erantzun dezake, noski), bestelako informazioa nondik lortu dezakedan esatea. Hedabide guztiak zabaltzen ari diren bertsio hori ez den beste bat irakurri nahi badut, non egin dezaket? Aurreko komentarioren batean erantzuna emana badago, barkatu, oraindik ez ditut osorik rakurri, baina nire ustez labur-labur jartzerik izanez gero, loturtatxo batzuk, mesede earra! Eskarrikasko!

  • Urtzi Urrutikoetxea
    Urtzi Urrutikoetxea 2011-08-24 18:13

    Arrazoi duzu, Galder, beti da onuragarria zer irakurri eta zer ez jakitea. Behinola funtzionatu bazuen, gaur susmoa daukat berariazko gezur gutxi dagoela mendebaldeko medioetan. Gauzak beste era batera funtzionatzen du: azpimarratu nahi dena mila aldiz esan, eta ezkutatu nahi dena, hori ba, ezkutatu. Manifestazio bat hauspotu eta bestea aipatu ere ez, eta horrela sortu iritzi orokorra. Baina ez dut uste 2011n esaterik dagoenik, Mediterraneo ertzeko hiri bat gerra betean dagoela eta gezurra izatea. Berehala jakingo genuke gezurra.

    Eta Lizzie Phelan aipatuta, kasu honetan gezurra berea da. Asteleheneko irudiak berrikusi ditut, ez dut erabat ziurtatuko, baina Plaza Berdea dela esango nuke ia seguru. Badago gezurraz jabetzeko beste bide bat: Russia Todayri (independentea??) dena lasai dagoela esaten dion bitartean, Musa Ibrahim, Gadafiren bozeramalea, hirian tragedia izugarria dagoela eta 1.300 lagun hil dituztela ari da esaten. Biak dira NATOren aurkako, eta Gadafizale, baina bietako bat gezurretan ari da, edo oso okertuta dabil gutxienez (hori bera diote Rixosetik irten berri diren kazetariek, gadafizale armatuek benetan uste zutela irabazten ari zirela). Nik Russia Todaykoa dela esango nuke. Baina horretarako da onuragarri hainbat iturri eta bertsio izatea, eta norberak ateratzea ondorioak, denekin izpiritu kritiko bera izanda.

  • Aiora:

    Ba zaila da esatea hau edo bestea irakurri. Normalki “Voltairenet” orrialdeak edo “Rebelion”ek analisi onak izaten ditu. Beno, onak baino, ezberdinak.

    Sare sozialetan ere badago mugimendua. Nik gehiena Facebooken interesa duten pertsonen bidez jasotzen dut. Baina badira ere bestelako lekuetan ikus daitezkeen berriak, baita konspirazioaren blogetan. Horiek asko dira, denak bitxiak, eta lerro artean irakurtzen jakin behar da. HAu da, konspirazioa sinistu gabe, esaen diren hainbat daturekin geratzea.

    Guerraeternan ere argitaratzen dira gauzak. Eta noski, gero cubainformacion edo russia today izan daitezke justo kontrako irizpidea ematen dutenak. Telesurrek ere izan ditu bere momentu onak, nahiz eta gehiegi saiatzen diren “dena ondo doa” mezua ematen.

  • Al Jazeera Qatareko jekearena da. Jeke hori da ere hango petroleoaren jabea. Jakina, herriak ez du bera jeke aukeratu. Qatar, Arabia Saditiarra eta ingurokek apurtu zuten Bahreinen herri protestak.
    Qatar guerra hasieratik lortu zuen matxinoen petroleoa kudeatzea.
    Qatarreko soldaduak parte hartu dute Tripoliko asaltoan, gaurko Gara-n OTANeko nagusiak hori diola diote.
    Al Jazeera sinisgarritasuna badu mundo arabiarrean eta arabiarren gehiengoak sinisten ditu TV horrek botatako gezurrak: Gadafirenekoek jendea bombardatu zutela (Ez dago imaginik nahiz eta libiotarren %70 mobila izan, eta Rusiako sateliteek ere gezurtatu zuten, ez dago egindako zulorik,…) Afrika beltzako mertzenarioak Gadafirekin zeudela, amankomuneko hilobiak, eta abar
    Ezaguna da Gobelsek esaten zuena: mila aldiz esandako gezurra egia bihurtzen dela, BAINAN horretarako baldintza da kontrasterako beste informaziorik ez izatea, hori gertatzen ari mundo mailan.
    Salbuezpenak izan dira: Venezuelako TeleSUR eta Cubakoak ere, beraiek ezin dute gezur potolik esan, bestela berehala medio nagusiek agerian uztziko lituzketen.
    Exks bestaldetik Gara-k eta Berria-k emandako informazioak, amu gehiegi irentsi dituzte. Gara-n azkenaldian eklibratu da asuntoa. Eta ni bion zale akziodun eta eguneroko eroslea nahiz.
    Ongi izan
    Jon

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude