Zergatik planteatzen dugu burujabetza teknologikoa behar dugula hezkuntzan?
- 2020-06-17 14:01
- Salabardoa
Zergatik planteatzen dugu burujabetza teknologikoa behar dugula hezkuntzan? –
Dabid Martinezek sarean.eus atarian (ekainaren 11n argitaratua).
Urte askoan esan dugu burujabetza teknologikoa ezinbestekoa dela bai hezkuntzan bai gizartearentzat estrategikotzat jotzen ditugun beste eremu askotan. Asko gara baieztapen honen alde gaudenok. Seguru azken urteetan blog honetan egin ditudan kolaborazioak irakurri badituzue, burujabetza teknologikoarena behin eta berriz errepikatzen den gaia dela antzemango zenutela.
Gaur, ekainaren 11n eta 18an Hezkuntzan librezale mahai-inguruez gozatu ahal izango dugula aprobetxatuz, gustatuko litzaidake burujabetza teknologikoaren aldeko argudio gutxi batzuk hona ekartzea. Kolektibotasunari erreparatzen dioten argudioetan zentratuko naiz, horrek baitira ni neu gehien motibatzen nautenak. Gainera, software librearen kontzeptuetaz lagundu eta busti nahi ditut argudiok, uste baitut, ezinezkoa dela burujabetza teknologikorako lan-jarraibide batzuk ezartzea, software librearen bidez ez bada.
Lankidetza, gizarte gisa hobetu gaituzten ezinbesteko faktoreetako bat da eta hezkuntza, esparru egokia iruditzen zait lankidetza kontzeptua belaunaldi berriei helarazteko. Nire ustez, bi aukera daude. Bi eredu kontrajarri: lankidetzan aritzea edo lehiatzea. Software librea erabiliz, lankidetza kontzeptua sakondu daiteke. Ez bakarrik edozein pertsonari zure softwarea maileguan uzteko aukera ematen dizulako, baita ere, eta are garrantzitsuagoa dena, software librearen komunitatearen lan moduak aukera ematen digulako lan horren zati bat modu autonomoan, baina lankidetzan, egiteko. Gizarteari eskeinitakoa bueltatuz. Hain tuntuna dirudien ideia honek, ordea, oso motibagarria bilakatzen du prozesua.
Software jabedunarekin aritzea, lehiatzea da. Ez dut uste azken baieztapen honek argibide gehiago behar duenik
Burujabetza teknologikoari esker, ikastetxe gisa eta gizarte gisa, autonomo bihurtzen gara. Guk dugu beharra, eta beraz, guztiz logikoa dirudi pentsatzea gu geu garela hari erantzuteko interes handiena dugunok. Gainera, gizarte digitalaren kontzeptuan modu kontzientean, eta egiten dugunaren eta egin nahi dugunaren jakitun izanik, murgiltzen gaitu.
Hirugarren bat aipatzearren, software librearen erabilerak irudimena areagotzen duela besterik ez dut gehituko. Zergatik diodan hori? Hain zuzen ere, edozein esparrutan oro har, gure ezagutza konpartitzea ahalbidetzen digutenean, eta borondatezkoa denean, gure onena emanez egiten dugulako.
Askoz arrazoi gehiago daude hezkuntzaren esparruan burujabetza teknologikoa sustatzeko, baina gainerako arrazoiak ezagutu nahi badituzu, Hezkuntzan librezale topaketetan egingo ditugun mahai-inguruetara jo beharko duzu. Esan bezala, ekainaren 11n eta 18an izango dira, eta zuzenean ikusi eta parte hartu ahal izango duzu, ekitaldi honetarako sortu dugun plataformaren bidez.
Ez galdu aukera hau! Hezkuntzaren etorkizun teknologikoak eta hezkuntzako kideen pribatutasunak merezi baitu.