11459

11459 –

11459

Zenbakizko goiburu horrek adierazi nahi du, Iruña-Veleiaz jardungo dudala, Historia eta Filologia behin ere aipatu gabe jardungo dudala, eta adibide bakar bat baino ez dudala jorratuko. Bihoa abisua aurretik, honuzgero gaiarekin nazkatuta daudenak apur bat gehiago irakurtzera anima daitezen.

Otsailaren 14ean, zuzeu.com-eko artikulu baten harira, beheko lerrook idatzi nituen, iruzkin luze baten amaieran:

Gizarte batek erabaki duenean norbait erruduna dela, ez dago hori aldatuko duen ebidentziarik, ezta San Pedro zerutik esplikatzera jaitsita ere. Erabakia hartuta dagoenean ez dago atzera bueltarik. Eta aurkako ebidentzia sortzen bada, ezkutatu egiten da asmatu dugun puzzlean gaizki ematen duelako. Ikusi besterik ez dago komunikabideek zer trataera eman dioten auziari. Aurreregi jo dute denek, adituek, erakundeek, e.a. orain atzera egin ahal izateko. Faltsutasunari eta iruzurraren hipotesiei eutsiko diegu. Homo sapiens baino homo gregarius gara zalantzarik gabe.

Amaitzeko, epaia asmatzen saiatuko naiz. Epai salomoniko bat espero dut, Espainian egin ohi den bezala, azken emaitza zein izan behar den erabakitzetik hasiko dena, gero hari egokitzeko aplikatu behar diren legeak aplikatuta, bere zamagarri eta aringarriekin. Eta azken emaitza izan behar da Eliseo libre geratuko dela, ez dagoelako kondenatzeko oinarririk, baina kalte-ordainak eskatzea eragotziko dion moduren batean geratuko dela libre, epaian iruzurraren susmoari eutsiz eta egilea identifikatu ezinik. Hori bezain hits eta gregario. Argitasunak hurrengo belaunaldietarako utziko ditugu, dagoeneko asko lokaztu gara-eta.

Iragarri bezalakoa izan den epai horretara heltzeko ordea, irregulartasun larria egin behar izan du epaile andereak, prebarikaziotik ez dakit nik zeinen hurbil ibili daitekeena. Baina gatozen itzuli izenburura: 11459.

11459 ostraka baten erreferentzia da, “Porky” izen parregarriaz iritzi ohi den ostrakarena hain zuzen ere. 11459 ostrakaren inguruko gorabeherek bikain ilustratzen dute, azken urte hauetan Iruña-Veleiako aurkikuntzen inguruan gertatutakoa.

Aurkikuntzak zalantzan jartzen hasi zirenean, bertako eta Madrileko hainbat adituk irudiaren ezinezkotasuna azpimarratu zuten, horrelako marrazkera Walt Disneyren eraginpeko gizaki modernoek baino ezin zutela egin zalantza izpirik gabe argudiatuz. Porky gora eta Porky behera, ostraka honen inguruko trufa eta burla ugarik, sendo eragin zuten faltsutasunaren hipotesia indartze aldera eta gerora auzipetuko zituzten arduradunen erruduntasun presuntzioa eraikitze aldera.

Argudio filologiko eta historikoez gain, ostraken faltsutasunaren aldeko froga zientifiko nagusia, EHU-UPVko Juan Manuel Madariaga Kimika katedradunak 2008n egin zuen txostena izan da. Txosten honek, gezurtatu egiten du Eliseoren taldeak aurkeztu zuen iruzurrezko txostenean egiten ziren aldarrikapen nagusiak, eta horregatik erabili ohi da ostraken faltsutasunaren froga gisa. Halere, zuhurtzia handiz idatzita dago, izen hori merezi duen edozein lan zientifikori dagokion moduan, eta gezurtapen horrek ez darama ostraken faltsutasuna aldarrikatzera. Eta guri une honetan interesatzen zaiguna: Txosten horrek, benetakotzat jotzen du 11459 ostraka, urte luzeetako debate zalapartatsu gaiztotuaren erdian, oharkabean pasatu dena. (Para las otras piezas analizadas (números de inventario 11459 y 15926) esta separación no es tan nítida y se puede decir que existen zonas de estas piezas en las que la respuesta espectral de tipo XRF es indistinguible, dentro del error experimental, entre la superficie de las piezas y la superficie de los trazos de letra o grafito). (54 orr.)

Halere, denentzat ez da nonbait oharkabean pasa, zeren urte luzez faltsutasunaren aldekoentzat hain garrantzitsu izandako txosten hau desagertu egin baita epaiaren erredakziotik. Arabako Foru Aldundiak antolaturiko lehen batzorde zientifikoan hasiera-hasieratik parte hartu zuen arren, eta aurkeztu diren txostenen artean kalitate zientifikorik altuenetarikoa duen txostena izan arren (egileak, dakienaz baino ez duelako hitz egiten, besteak beste, eta hori bada jada zerbait auzi honen panoraman), arrastorik utzi gabe desagertu da eta ez da epaian horren aipamenik egiten. Nola liteke hori?

Ez dut noski, epaile anderearen gogoan sartzeko modurik, ez eta, beraz, hark egiten dituenak eta egiten ez dituenak, zergatik egiten dituen asmatzeko modurik. Baina bistan da, Madariagaren txostena eta bertan ageri den 11459 ostrakaren benetakotasunaren konklusio erdi-ostendua, kontraesanean dagoela epaileak bere epaia idazteko oinarritzat hartu duen beste txostenarekin, IPCEko Navarro txostenarekin alegia.

Madariagaren txostenak benetakotzat jotzen duen 11459 ostrakan, IPCEko Navarro jaunak metal modernoen arrastoak aurkitu zituen eta ondorioztatu zuen arrasto horiek, graffitiak berriki tresna metalikoz eginak zirela frogatzen zutela. Madariagaren txostenak dioen moduan 11459 benetakoa bada, Navarrok bertan aurkitu dituen metal moderno arrastoak beste jatorri batekoak izan behar dira (garbiketaldikoak edo auskalo) eta beste hainbeste esan ahal izango da  antzeko metal arrastoak aurkitu diren gainerako ostraka guztiei buruz. Beraz Madariagaren txostena desagertzeak mesede galanta egiten dio epaiaren koherentziari. Are gehiago, Madariagaren txostena aintzat hartuz gero, IPCEko Navarro txostena baliogabeturik geratzen da eta ez dago kondenazko epai baterako oinarririk.

Ikerketa bat aurreiritzirik gabe garatzen denean, bildutako datuen arteko kontraesan bat agertuz gero, hari heldu eta hura argitzea bihurtzen da ataza lehenetsia, argitu bitartean ez baitago aurrera egiterik. Aitzitik, ikerketa hasterako konklusioa zein izan behar den jakina bada, kontraesana ez da kitzikagarri intelektuala, oztopo gogaikarria baizik. Iritsi nahi den konklusiora iristeko gehien molestatzen duena baztertzen da eta kitto kontraesana.

Akusazioak esku artean ibilitako bi txostenen artean kontraesan larria dago 11459 ostrakari dagokionez, eta korapiloa askatzeko modua ez da izan kontraesan horretan sakontzea egia argitu arte, ez ikusiarena egitea, eta nahi den lekura iristeko enbarazuan dagoena baztertzea baizik.

Zoritxarrez, epaiketa hau erruduntasun presuntziotik abiatuta egin da, eta erruduntasun presuntziotik abiatuz gero, dena da zabar eta trakets. Zertarako zorrotz ikertzen nekatu, zertarako kontraesanak erreparatu eta horietan sakondu egia argitu arte, konklusioa aurrez baldin badakigu? Saihestezina da horrela izatea. Ez, auzi honetan bakarrik, ez hemen eta orain bakarrik. Jarrera hori nagusitzen denero, beti gertatzen da gauza bera nonahi eta noiznahi gertatzen dela ere, Epaiketa honek, aipatutakoa ez ezik, oraingoan bazter utziko ditudan (hitza zor), horren beste hamaika adibide ere utzi dizkigu, konklusioak aurretik finkatuta  abiatzen den edozein ikerketan gertatzea espero litekeen bezala.

Datuok hain garbiak eta hain larriak diren arren, hasieran adierazi dudan etsiaz amaituko dut. Unibertsitateak, erakundeek, prentsak,… gizarteak ez du atzera egingo, aspaldi atera zuen konklusioan. Ez dago behar adina urik hainbeste lokatzerako. Burla gehiegi, irain gehiegi, esaldi potolo gehiegi, mespretxu gehiegi, gorroto gehiegi urte luzeetan, atzera egin eta beste moduan zerotik abiatzea posible izateko. Agian belaunaldi berri batek helduko dio gaiari hogei urte barru edo agian, Europako auzitegietara joateko adorea baldin badute, aurrez lokaztu gabeko epaitegiren batek aginduko du epaiketa hasieratik eta errugabetasun presuntziotik abiatuta errepikatzea, ikerketak fundamentuz eginez. Oraindik bizi banaiz interes handiz jarraituko dut, behar bezala burututako ikerbide bat, ea behingoz jakiterik dagoen faltsuturiko ostrakak ba ote ziren eta baiezkotan zenbat eta zein ziren faltsuturikoak, eta zenbat eta zein ziren egiazkoak  eta zein ekarpen egin zizkieten gure Historia eta Filologiari, ekarpenik balego.

 

17 pentsamendu “11459”-ri buruz

  • Juan Inazio,
    Bicain ari çara!
    Adeitsuqui

  • Bitxia kontua, batez ere ahazten ez bada Eliseoren aldeko Koenraad Van den Driesschek honela deskalifikatzen zuela Madariaga bera:

    “Usted debería también reconocer que usted no es especialista en la materia. Su CV de marzo de 2010* lo demuestra: estudios relacionados con la conservación de piedras de edificios históricos, estudios sobre pigmentos y papel pintado, estudios sobre la aplicación de espectrometría Raman en materiales arqueológicos y arte, pero nada sobre el tipo de material que forma el soporte (cerámicas, ladrillos y huesos de época romana), ni sobre evidencias arqueológicas tales como los depósitos naturales que se encuentran encima de las inscripciones o sobre métodos de datación arqueológica o sobre pátinas.
    Koenraad Van den Driessche, Doctor en Geoquímica”

  • Madariagak ustezko batzorde zientifikoan idatzi zuen txostena argitaratuta dago AFAko Iruña-Veleiako webgunean: http://www.araba.eus/publicar/Informes/Veleia_Inf_24.pdf
    Gero urteetara txostena osatu omen zuen baina nik behintzat ez dut argitaratua aurkitu, eskertuko nizuke (publikoki argitaratua baldin badago) lotura paratzea. Aurretik eskerrak emanez.

  • Baina hain garrantzizkoa izan daiteke orain horretaz ezer ez dakien baten txostena? Ez jakiteagatik, txostena egitean ez omen zekien “nada sobre el tipo de material que forma el soporte (cerámicas, ladrillos y huesos de época romana), ni sobre evidencias arqueológicas tales como los depósitos naturales que se encuentran encima de las inscripciones o sobre métodos de datación arqueológica o sobre pátinas.”

  • Juan Inazio Hartsuaga 2020-06-17 17:17

    Ostrakari. Ordenagailuan internetetik eraitsita dudan alea, zuk esteka horretan aipatzen duzun berbera da. Hortxe dago, 54 orrialdean, txostenetik hartu dudan paragrafoa. Zein estekatik eraitsi nuen berriz, ahaztu zait jada.

  • Meredith: Madariagaren txostenaren gaineko Konraden balorazioa gauza bat da, eta Hartsuagaren iruzkina Porkyri buruzkoa beste bat, ikasi bereizten eta ez egin tranparik

  • Nik ez dot ba “kontraesan larririk” ikusten txosten bien artean, ez behintzat texto honetan ipinitakoan: esta separación no es tan nítida y se puede decir que existen zonas de estas piezas en las que la respuesta espectral de tipo XRF es indistinguible, dentro del error experimental,
    neure ustean inportanteak diraz “no es tan nítida”, “existen zonas” eta “dentro del error experimental” lako esaldiak, eta txosten bakotxak zer ikertu dauen jakitea be bai

  • juan inazio hartsuaga 2020-06-18 12:50

    Peruri. Egia da idazkera ilun samarra gertatzen dela testuingurutik kanpo. Zera aztertzen dihardu, ea baden jarraikortasunik azaleko patinan, ukitu gabeko azaleran eta grafittien ildosken hondoan. Aurreko zenbait piezetan jarraikortasunik ez, baizik eta eten garbia aurkitu ondoren, 11459 piezaren kasuan dio horrelako etenik dagoenik ez dela hain garbi ikusten (esta separación no es tan nítida) eta hainbat tokitan ez dela etenik ikusten (existen zonas de estas piezas en las que la respuesta espectral de tipo XRF es indistinguible). Etenik ezak, grafittia ostraka bezain zaharra dela adierazten du. Beraz, bada kontraesana bi txostenen artean. “Dentro del error experimental” esaldia berriz, noski ikerketa osoari aplika badakioke ere, kasu honetan baino ez du esaten, eta badirudi desenkusatu nahian edo idazten duela, esaten ari dena ez baita azterketa eskatu diotenak entzutea espero zutena, kontrakoa baizik.

  • existen zonas badiño beste zona batzuetan etena badalako ez ete? Batzuk diñoe marra onak be izan daikezela, baia ez grafiti osoa

  • Barkatu Erramun: zer bereiztu?
    Ez naiz ulertzeko kapaza.
    Ez al da Konrad hori, akaso, zilegitasun zientifikoak banatzeko orduan azaldu izan diren maistru nagusietako bat?
    Ez al da Konrad izan Madariaga eta haren txostena gaitzetsi zituztenetako bat?
    Ez al da orain Hartsuagaren iruzkina, zeramiketako patinak aztertzeko inolako gaitasunik ez omen zuen Madariagaren txosteneko patinei buruzko azterketan oinarritzen?

    ???

  • Logika erabiliz bi dira Hartsuagarenetik atera daitezkeen konklusioak:

    1) Hartsuagak aintzat hartu du Madariagaren txostena. Hortaz, lerro orokorretan faltsutasuna berresten ari da.

    2) Pieza bakar baten faltsutasuna zalantzan jartzeko zirrikitua aurkitu izan uste du, nahiz eta Madariagaren txostenean argi nabarmenduta azaldu “dentro del error experimental” gerta daitezkeela horrelako apreziazioak.

    Ados?

  • Hamen inok ez dau jakiten ezebez baia Konrad eta Juan Marin eta holangoak expertos

  • juan inazio hartsuaga 2020-06-18 13:27

    Meredithi. Madariagak ez du esaten patinan etena dagoenean faltsuak direnik. Esaten du kaltzita zoldak patina eteten duenean, bi sorburu izan daitezkeela hori argitzeko: Piezak aspaldi lurperatuta egon direla edota kaltzita zolda artifizialki eta azeleratuki hazi arazi dela ildosken gainean. Ez dut Madariaga ezagutzen baina errespetu handia diot bi gauza erakutsi dizkidalako bere txostenarekin: Bat,kapaz dela inguruak berarengandik espero duenaren kontrakoa esateko, frogek hori erakusten badiote. Eta bi, oso zuhurra dela eta aukera guztiak aipatzen dituela, presaka eta korrika komeni den konklusiora iritsi gabe. Zientifiko bati dagokion moduan, datuek garbi erakusten dutena segurtasun osoz esaten du, eta gainerakoari dagokionez, zalantza du habi. Horrelakoak izan balira auzi honetan ibili diren gehienak, aspaldi argitua genuke guztia. Baina zoritxarrez, zalantzak baztertuta egiaren jabe bizi direnak dira gehiengoa.

  • Hona ekarritako pasarteetan ez dut inon ikusten “esta pieza es verdadera” edo “esta pieza debe ser considerada verdadera” bezalakorik. Ikusten dudana da ikertzaile horrek ez duela datu edo ebidentzia nahikorik ikusten besteen parean jartzeko (ebidentzia hain garbiekin).
    Bestalde, Konradoren irizpideak zergatik ez dizkiogu aplikatzen Elexpuru, Satué, Fritz, Silgo eta besteri? Ezen euskararen historiaz edo hizkuntzalaritzaren historiaz zero patatero dute egina: egin duten bakarra Veleiari loturik egin dute, arloko ezagutza, metodo eta konbentzioak errespetatu (are ezagutu) gabe.

  • (oker ez banabil, neronek eman nizun Madariagaren txostenerako esteka, aspaldi batean izan genuen antzeko eztabaidan). Orduan esan nizun berdina esaten dut oraingoan: Nik ezin dut Madariagaren txostenetik hau ondorioztatu:
    “Esaten du kaltzita zoldak patina eteten duenean, bi sorburu izan daitezkeela hori argitzeko: Piezak aspaldi lurperatuta egon direla edota kaltzita zolda artifizialki eta azeleratuki hazi arazi dela ildosken gainean.”
    Artifizialki zahartzea piezei buruz aipatzen du, ez grafitoei buruz. Esaten du piezak edo benetakoak direla edo artifizialki zahartu direla, eta hori kimikoki ezin dela konprobatu (benetakoak edo zahartuak diren). Grafitoak aztertzean ez dio deus, edo behintzat nik ezin dut ondorioztatu, zahartze artifizialari buruz. Soilik patinaren jarraikortasun espektrala aipatzen du, kaltzita zoldatik independentea dena. Kaltzita ziolda pieza guztiek dute, eta naturalki sortu edo artifizialki egina dela dio, baina ez du harremanik jarraikortasun espektralarekin, nik ulertzen dudanagatik.
    Ez da txosten ulergarriena, hori ziur, eta ni ez naiz kimikaria, baina pentsatzen dut oker ulertu duzula zati hori.
    Edozein kasutan, tyxosten honek erantzun kimiko arraroak topatu ditu. Nahikoa behar luke eztabaida argitzeko, baina ez, gorago esan bezala, hainbatek egilea mezpretxatu dute. Eta antza, Madariaga kimikariak ez du behar adina ezagutza, baina Miguel Thomson inmunologoa eminentzia bat da arkeologia eta epigrafian. Edo Elexpuru berbera, atzo antzinako sardinieraren ikerlaria, eta gaur epigrafista.

  • juan inazio hartsuaga 2020-06-19 01:30

    Ba Oteri. A zer lanak jartzen dizkidazunak interpretazioaren kontu horiekin. Berriro irakurri behar izan dut goitik behera txosten osoa eta egia da, laburpenak egiteko garaian batzuetan ez duela aurretik esan dituen gauzak modu berean esaten. Bakantze lan bat egin dut, modu pribatuan bidaliko dizudana, plaza hau erdaraz ez betetzearren. Hemen labur adierazteko, artifizialki azelera daitekeena karbonato kaltzikoaren sorrera da. Eta karbonato kaltzikoa bietan agertzen da, ukitu gabeko azaleran, nahiz grafitoen ildoska hondoetan. Ukitu gabeko azaleran, mikrokristalak formatzen ditu (patina) eta ildosketan berriz forma amorfo bat hartzen du eta materia organikoarekin nahastuta ageri da. Materia organiko hori da infragorrian ikusteko moduan agertzen dena. 11459ren kasuan berriz, ez dago horrelakorik eta patina jarraikortasuna dago ia ildoska guztian eta horregatik ez da ezer ikusten infragorrian, txosteneko argazkiek erakusten duten modura. Madariagaren iritziz, mikrokristaletan kristalizaturiko karbonato kaltzikoa (patina) benetakotasun seinalea da eta ildosketan materia organikoarekin nahastuta ageri den karbonato kaltzikoa berriz, lurpean sortua ala artifizialki hazi arazitakoa izan daitekeela dio. Honen ondoren oraindik ez baduzu nik ulertzen dudan modu berean ulertzen, bakarrik geratuko zaigu Madariagarekin sagardotegira joan eta gaizki ulertu duenak hirurona ordaintzea.

  • Honek ere porky itxura dauka baina zientziak onartutakoa da: https://www.bbc.co.uk/ahistoryoftheworld/objects/2qdi5f-HS2GyYiudDrDmvA