Zer da hobe, seme-alabak izatea ala ez izatea?

Zer da hobe, seme-alabak izatea ala ez izatea? –

Juan Ignacio Pérez Iglesiasek Zientzia Kaieran.

Zer da hobe, seme-alabak izatea ala ez izatea? Haurrek onurak ekartzen dizkigute ala buruhausteak? Hobeto bizi dira seme-alabak dituztenak, ala seme-alabarik ez dutenak? Hau guztia eztabaidagai izan da, kalean, familian zein kuadrillan, baina era berean mundu akademikora iritsi da eztabaida.

Zer da hobe, seme-alabak izatea ala ez izatea?
Eustaten datuen arabera, jaiotzak %9,7 gutxitu ziren EAEn 2018ko bigarren hiruhilekoan. (Argazkia: Olichel / Pixabay).

Amerikako Estatu Batuetan egindako ikerketa batean, ondorioztatu zuten apur batez hobeto bizi zirela seme-alabak zituztenak, desberdintasunak txikiak baziren ere. Izan ere, alaitasun gehiago azaltzen da beraiengan, eta bai barre eta ongizate handiagoak. Tristura gutxiago pairatzen dute gainera. Hala ere, gehiagotan haserretu eta kezkatzen dira, eta estres gehiago jasaten dute (baina min fisiko gutxiago).

Baina esan beharrekoa da seme-alabak izatearekin batera tankera horretako gizakiek bestelako ezaugarri onuragarri batzuk ere erakusten dituztela. Normalean diru gehiago irabazten dute, ezkonduta daude, erlijiosoagoak dira, eta osasuntsuagoak eta heziagoak ere. Jakina da ezaugarri horiek onuragarriak direla bizitza-kalitatean. Beraz, baliteke seme-alabak dituztenek beste arrazoi batzuengatik hobeto ebaluatzea bere bizitza propioa. Gainera, baliteke Estatu Batuetatik kanpo egoera desberdina izatea.

.

161 herrialdeko datuak ikergai

Hau guztia dela eta, 161 herrialdeko datuak aztertu dira beste egitasmo batean, eta bertan, ondorioztatu dute seme-alabak dituzten gizonek sentipen on edo txar bortitzagoak izaten dituztela. Ez da ordea hala gertatzen emakumeen kasuan, eta aztertutako herrialdeen 2/3etan emakumeek ez dituzte sentipen onak bortizkiago nabaritzen. Gizonek eta emakumeek bada, desberdin sentitzen dute aitatasuna eta amatasuna, eta gizonek hobeto sentitzen dute.

Era berean, ondorioztatu zuten seme-alaba gehiago sortzen diren herrialdeetan, seme-alabak dituzten aita-ama horiek joera dutela bere bizitza seme-alabarik ez dutenek baino gaizkiago ebaluatzeko. Alderantzizkoa gertatzen da seme-alaba gutxiago sortzen diren herrialdeetan: seme-alabak dituzten gurasoek hobeto ebaluatzen dute bere bizitza. Areago, joera hori oso nabaria da estatistika mailan. Alegia, ugalkortasun handiagoa dagoen herrialdeetan, seme-alabak dituzten gurasoek ilunago ikusten dute bere bizitza.

Laburbilduz, hainbat eragileren arabera asko aldatzen da bizitza eta aitatasun-amatasunen arteko harremanaren ebaluazioa. Demografia-aldaketa oraindik gertatu ez den herrialdeetan, seme-alabek bizitza nekagarriagoa eta ezatseginagoa eragiten dute, eta hori areagotu egiten da emakumeengan. Herrialde horietan, aitatasuna ez da boluntarioa, eta are gutxiago amatasuna.

Behin demografia-aldaketa gertatuta ordea, seme-alabak izatea aukerazko bilakatzen da, eta agian pentsa dezakegu izateak ala ez izateak ezer gutxi ekarriko diela gure bizitzei. Izan ere, seme-alabak izateko aukera askeari eusten dionak, ondo pentsatuko zuen erabakia hartu baino lehen, eta etorkizuna nekez asma badaiteke ere, espero izatekoa da ustez berari bizitza onena ekarriko ziona aukeratuko zuela. Gauza bera pentsa daiteke seme-alabarik ez izatea erabaki dutenei buruz. Horrela bada, ziur aski zentzugabekeria bat da seme-alabek bizitza onera ala txarrera eramaten dutela pentsatzea.

.

Erreferentzia bibliografikoa:
Deaton Angus, Stone Arthur A., (2014). Evaluative and hedonic wellbeing among those with and without children at home. PNAS, 111(4), 1328–1333. DOI: 10.1073/pnas.1311600111
Zer da hobe, seme-alabak izatea ala ez izatea? Zer da hobe, seme-alabak izatea ala ez izatea?
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

4 pentsamendu “Zer da hobe, seme-alabak izatea ala ez izatea?”-ri buruz

  • Lotsagarria iruditzen zait Estatu Batuetako burgesiaren txorradak eta indibidualismoa hemengo agendan ipintzea. Bakoitzaren zilborretik harago, euskaldun bezala eta euskal langile bezala, ikuspegi kolektibo batetik, seme-alabak izatea ez da mesedegarria bakarrik, funtsezkoa baizik.
    Iraultza natalista izango da edo ez izango! Bete dezagun Euskal Herria ninitxo eta haurrez eta bidal dezagun kapitalismo inperialistaren ideologia suntsitzailea zerri askara!

  • Alpargatero 2019-01-21 09:32

    Seme-alabek asko kentzen dute. Importanteena: askatasuna, ezin baituzu zure bizitza bizi seme-alabarik izango ez bazenu bezala; zu zeu lehentasuna izateari uzten diozu, eta bigarren plano batera pasatzen zara, lehen postuan haurrak jartzen dituzularik. Eman ere asko ematen dute: maitasunaz eta laguntasunaz gain, egunero-egunero aurrera egiteko eta bizitza honetan saiatzeko arrazoi garbi bat, eta ez da gutxi! Gero ere egia da galdutako askatasun hori apurka-apurka berreskuratuz joaten dela, seme-alabak hazi ahala. Beraz, norberak ikus dezala zer komeni zaion gehiago, bi aukerek dituzte alde onak eta txarrak, eta bietan aurki daiteke zoriona zein zorigaitza.

  • Aitzol Azurtza 2019-02-01 02:38

    Landare, arrazoi osoa duzu. Seme-alabarik gabe ez dago Euskal Herririk.

    Seme-alabak izan dituen inori ez diot inoiz entzun, zahartzaroan bere bizitzari buruz gogoeta egitean, haurrak izanaz damutzen denik. Alderantziz, seme-alabarik gabe zahartutako zenbaitek esan dit haurrik ez izanak nahigabea sortzen diola.

  • Izugarrizko fribolitatea da artikulukoa. Seme-alabak edukitzea biologian, naturan bertan dago seinalatua, instintiboa dute espezie guztiek, den-denek.

    Gaur egun, berriz, feminismo/multikulturalismo/progresismo/”guayismo” suizidaren kulpaz iristen ari gara puntu batera non artikuluko lerdokeriak barra-barra entzun eta irakurri behar ditugun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude