Zenbat kolore hidrogenoak?
Zenbat kolore hidrogenoak? –
Hidrogenoa energia-iturri alternatibo, berriztagarri eta garbitzat planteatzea ez da gauza berria energia fosilei ordezkoak bilatzeko unean. Jada duela 18 urte Jeremy Rifkinek hidrogenoaren ekonomia aldarrikatzen zuen The Hydrogen Economy: The Creation of the Worldwide Energy Web and the Redistribution of Power on Earth lanean.
Urtetan ixilean ibili eta gero, atzen garaian ozen entzuten da hidrogenoaren aldarria. Aktore ekonomiko eta politikoen diskurtsoaren parte bihurtu da. Hortxe dago, Bizkaiko Foru Aldundiaren bedeinkazioarekin Petronor Muskizen hidrogeno berdea ekoizteko sustatzen ari den egitasmoa; bidenabar, Europako Batasunaren Next Generation funtsetatik finantzazioa lortzeko Eusko Jaurlaritzaren zerrenda agertzen dena. Izan ere, Recovery and Resilience Facility delakoan, hots, Batasunak funtsak banatzeko antolatu duen tresnan, hidrogeno berriztagarria aipatzen da diruz lagundu daitekeen egitasmoen adibideen artean (1). Lerro hauek idazten ari naizen egunean, EVEko arduradun Enrique Monasteriok hidrogenoaren onurak aletu ditu egunkari batean (2).
Ez dut dudarik hidrogenoak bere tokia izango duela energia-mix berriztagarrien baitan, berriztagarrien soberako produkzioa kudeatzeko esaterako. Hala ere, arazo larri bat du. Hidrogenoa ez da energia-iturri primarioa, haize-sorgailu bat edo ur-jauzi bat izan daitezkeen bezala. Hidrogenoa sortu egin behar da. Elektrolisiz ur molekula hidrogenotan eta oxigenotan banatzea energia berriztagarriak erabiliz hidrogenoa lortzeko modu txukuna da. Ez da hori modurik ohikoena, hala ere.
Egungo beharrak asetzeko produzitzen den ia hidrogeno guztia iturri fosiletatik lortzen da: ikatzaren gasifikazioaz edo gas naturalaren pirolisiaz, adibidez. Ez da kantitate makala. Nazioarteko Energia Agentziak 2019an emaniko datuen arabera hidrogeno-produkzioak 830 milioi tona karbono(IV) oxido isurtzen ditu urteko, Erresuma Batuak eta Indonesiak batera adina (3). Eta hor dago koxka!
Sortzeko maneraren arabera sailkatzen da merkatuan dagoen hidrogenoa. Beltza edo marroia deritzo ikatzaren gasifikazioz lortzen dena; metanoaren lurrin-reformingaren bidez lortutakoari grisa; prozesu horri sortutako karbono(IV) oxidoa harrapatzea eransten bazaio urdina; gasaren pirolisiaz lortzen denari turkesa; energia nuklearra baliatuz ura-ren elektrolisiaz lortutakoari arrosa edo purpura eta energia berriztagarrien bidez lortzen denari berdea. Hidrogeno berdea da, soilik, emisioak eteteko balio duena.
Hidrogeno-sorkuntza negozio handia da eta energiaren alorrean diharduten aktore nagusiek ez dute beren puska galdu nahi, handitu baizik. Hortaz lobby-lan handia egiten ari dira Bruselako agintarien aurrean Batasunak hidrogeno-ekonomia bultzatzeko bere planetan berdeaz gain grisa eta urdina ere aintzat har ditzan. Antzera dabiltza estatu kideetako gobernuen aurrean. Hidrogeno grisa trantsizio-fase baterako ezinbestekoa dela saltzen ari dira energia berriztagarrien bidez eskaria ezin dela ase argudiatuta, hots, gure artean Eusko Jaurlaritzak gas naturalari eman izan dion paper bera ematen diote hidrogeno grisari. Halaber, azpimarratzen dute oraingo gasa garraiatzeko sareak, egokituz gero, etorkizunean hidrogenoa garraiatzeko usa daitezkeela eta bitartean gas naturala eta hidrogenoa proportzio batean nahastatua eraman daitekeela.
Industriak amesten duen eskemak ez du zer ikusirik Jeremy Rafkinek amesten zuen sorkuntza sakabanatuarekin, baizik eta oraingo produkzio zentralizatuarekin. Hidrogenoa produzituko duten planta handiak dituzte gogoan, EBen egon daitezkeenak baina baita Ipar Afrikan, Ukrainan edo beste tokiren batean ere. Alegia urrutiko baliabideak ustiatzea estilo kolonial finenean!
Oraindik orain Corporate European Observatory erakundeak publikatutako ‘The hydrogen hype. Gas industry fairy tale or climate horror story? azterketak industriaren interesak, helburuak eta lobby-lanak oso klaru azaltzen ditu. Leitzeak merezi du (4).
Gorago esan dudan bezala zinez uste dut hidrogenoa gure etorkizun energetikoaren parte izango dela eta bide horretan pausuak ematen hasi behar dugula jada.
Alabaina, ‘berde nahi zaitut berde’ poetak kantatu zuen legez eta, jakina, etxetik gertu sortua.
…
1 (Examples_of_component_of_reforms_and_investment_power_up_en.-pdf; https://ec.europa.eu/info/business-economy-euro/recovery-coronavirus/recovery-and-resilience-facility_es#example-of-component-of-reforms-and-investments)
2 (https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/actualidad/sociedad/2020/12/08/electricidad-e-hidrogeno-irrumpen-nuevo/1073760.html).
3 (https://www.iea.org/reports/the-future-of-hydrogen).
4 https://corporateeurope.org/en/hydrogen-hype.
…
Galde 31 negua/2021
Oso interesgarria.