Euskal Herria, ardatz: zeintzuk dira gure lurretan girotutako bideojokoak?

Euskal Herria, ardatz: zeintzuk dira gure lurretan girotutako bideojokoak? –

Game Erauntsiak sarean.eus atarian.

Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendari buelta bat ematen aritu gara egunotan. Gure hizkuntzan joka ditzakegun tituluak errepasatzen ari nintzela, gure lurretan oinarritutako obrei buruz pentsatzen hasi nintzen; izan ere, bideojokoen girotzeari buruz hitz egiterakoan, denetarik aurki dezakegula ohartuko gara: fantasiazko Erdi Aroa, cyberpunk hiri erraldoiak, mundu abstraktu eta bitxiak, mundu errealeko aro historiko desberdinetan oinarritutako herrialdeak…

Hala eta guztiz ere, behin hauen testuingurua aztertzen hasita, gehienek antzeko abiapuntua hartzen dutela ikus dezakegu. Portal, Bioshock Infinite, Resident Evil, Fallout, Metal Gear, Deus Ex Human Revolution… munduko toki desberdinetako garatzaileek egindako bideojoko hauek leku berean igarotzen dira: nola ez, Amerikako Estatu Batuei buruz gabiltza.

Hollywood-eko filmeekin gertatu antzera, bideojoko handiek arazo berbera izaten dute: berdin dio testuingurua zein den, gehienek AEBetako girotzea nahiz elementuak izango dituzte. Arazo larria da. Bideojokogileen estudioak eta enpresak mundu osoan zehar sakabanatuta dauden arren, askok herrialde bakar bat hautatzen dute bere istorioen ardatz bihurtzeko. Ez dauka zentzu handirik, gainera: aipatutako Hollywoodekin ulertzekoa dela esan dezakegu, talde guztiak bertan baitaude.

Bideojokoen munduaren kasuan, esan bezala, langileak edonondik dabiltza: behin dokumentazio lana eginda, edozein toki har dezakete inspirazio iturritzat, gero etxetik edo bulegotik horri forma eta itxura emateko. Horizon Zero Dawn eta Forbidden West, adibidez, apokalipsi osteko AEBetan girotuta dago. Hauen garatzailea, Guerrilla Games, Amsterdamen finkatutakoa da; jabeak berriz, Sony-ko japoniarrak dira. Orduan, zergatik hautatzen da herrialde amerikarra abiapuntutzat?

Japonia aipatu dugu, eta, nola ez, hau da bideojokoetako girotzeen beste klixeetako bat. Kasu honetan, behintzat, ez da horren harrigarria: estudio japoniarren kopuru esanguratsuarekin, ulertzekoa da garatzaileek euren historian eta kokalekuetan oinarritzea lanak eratzerakoan.

Hala eta guztiz ere, industriaren hastapenetatik eguzkiaren sorrera ematen den herrialdeak izan duen indarrarengatik atzerriko estudioek ere Japonia hartzen izan dute inspirazio iturritzat: azken urteotan Sucker Punch-eko estatubatuarren Ghost of Tsushima, Flying Wild Hog poloniarraren Trek to Yomi eta Erresuma Batuko Creative Assembly-ren Shogun: Total War II jaso ditugu, besteak beste. Ezin gara ahaztu STALKER bikainaz, noski: GSC Games World-eko ukrainarrek euren lurraldean girotutako akziozko obra maitatua eta berezia eratu zuten, eta gaur egun bigarren atalean lanean dabiltza.

Zorionez, joera hau pixkanaka aldatuz doa. Gehienbat estudio txikiei edo ezezagunei esker ikusten ari garela azpimarratu beharra dago. Lucas Pope garatzailearen Papers, Please ezaguneko Arstotzka herrialdea asmatutakoa izango da, baina argi dago Bigarren Mundu Gerra osteko Ekialdeko Europako herrialdeetan oinarritzen dela; Euro Truck Simulator 2-n, izenburuak dioen bezala, Europa zeharkatuko dugu gure kamioian; Maldita Castilla zein Blasphemous interesgarriek Espainiako Erdi Aroari fantasia kutsua ematen diote, bertako kokalekuak, eraikinak, elezaharrak eta pertsonaiak hartuta.

Joko handiagoekin ere antzekoak ikusi ditugu. Half-Life 2 bikainaren 17 Hiri ahaztezina aipatzea ezinbestekoa da, besteak beste: Viktor Antonov arte zuzendari bulgariarrak aurretik AEBetan girotutako jokoari Ekialdeko Europako kutsua eman zion. Dishonored maisulanen ere lan egin zuen Antonovek: Londres eta Edinburgo bezalako hiriak oinarritzat hartuta hiri berezia eratu zuten Arkane Studios-en lanerako.

Arestian aipatu dugun modura, ia edozein girotze aurki dezakegu bideojokoen munduan pixkat bilatuz gero. Baina, zer gertatzen da Euskal Herriarekin? Gure herrietan, mendietan, haranetan eta orokorrean, paisaietan girotutako bideojokoak existitzen al dira? Gutxi izan arren, egon badaude, eta gauza interesgarriak aurkituko ditugu horien artean. Goazen hauek ezagutzera:

.

SORGINEN KONDAIRA

  • Argitaratze data: 2017-05-30
  • Garatzailea: Binary Soul
  • Plataformak: PC
  • Generoa: Plataformak, abentura, puzzleak

Binary Soul-ko bilbotarren bideojoko hau jatorriz 2016. urtean argitaratu zuten arren, hainbat aldaketa zekartzan behin betiko bertsioa 2017an estreinatu zuten. Sortzaileek luze eta zabal idatzi zuten Sorginen Kondairari buruz gure blogean.

Euskal mitologiako hainbat elezaharretan oinarritu ziren jokoa girotzerako orduan: Mari, Basajaun, Gaueko, lamiak, Tartalo eta askoz gehiago azalduko zaizkigu hemen, baita gure lurraldeak ere. Anboto, Omako basoa, Sorginetxe eta beste hainbat leku bisitatuko ditugu gure abenturetan.

Pirulina sorgin gaztearen rola hartuta puzzleak eta oztopoak gainditzea izango da gure helburu nagusia, modu horretara iluntasunari aurre egiteko. Abentura, esplorazioa eta plataformak biltzen ditu. Haurrei eta gazteei zuzenduta dagoenez, atal estetiko alai eta koloretsua aurkituko dugu Binary Soulen tituluan.

Nabarmentzekoa da euskal mitologiari eta historiari buruzko informazioa biltzen duen atal osagarria: kokalekuak, pertsonaiak, flora, fauna eta beste hainbat elementu jaso dituzte hemen garatzaileek, jokoarekin interesa piztu ondoren jokalariei are xehetasun gehiago ezagutzeko baliabideak eskainita.

Euskal Herrian girotuta egoteaz gain, euskaraz joka daitekeela aipatu beharra dago ezinbestean. Ordenagailuetarako kaleratu zuten bilbotarrek: Steam bidez eskura daiteke.

Gailu mugikorretarako Sorginen Erronkak deitutako bertsioa ere garatu zuten Binary Soulekoek: hiru minijoko desberdinen bidez euskararen eta euskal mitologiaren ezaguera sustatzea zen garatzaileen asmoa. Play Store-tik desagertu zenez, ezin daiteke Android gailuetan jokatu; iOS bertsioa, ordea, App Store-an eskuragarri dago.

.

BARRAKA

  • Argitaratze data: 2022 bukaeran
  • Garatzailea: Ibai Aizpurua
  • Plataformak: PC, gailu mugikorrak
  • Generoa: Esplorazioa, puzzleak

Helduok askotan ahaztuta izango dugu, baina haurrak ginenean zer zen herriko festetan gehien maite genuena? Barrakak, noski! Ainhoa izeneko neska gaztea izango da Ibai Aizpurua garatzen ari den laneko protagonista nagusia. Uda garaian herri batetik bestera aritzen da, festaz festa, baina ez farran ibiltzeko; izan ere, amak txurroen postua darama, eta bere alaba bertan laguntzen egoten da.

Herriko festa batzuetan sorgindutako barraka bereziarekin eta bitxiarekin topo egingo du Ainhoak. Bertara sartzerakoan, mundu ezezagun batean agertuko da: barrakak zein ingurua eraldatuta daudela ikusiko dugu, eta gozoki itxurako arerioak azalduko zaizkigu.

Durangoko Azokako IV. Sormen Beka jaso zuen Aizpuruak proiektuarengatik; urtebeteko epea dauka jokoaren garapena burutzeko, beraz aurtengo azokan ikusteko aukera izango dugu ziurrenik.

.

GUILLOTINE

  • Argitaratze data: Zehaztu gabe
  • Garatzailea: Zomorro Studio
  • Plataformak: PC
  • Generoa: Plataformak, akzioa, puzzleak

Ibai Aizpuruarekin zein euskal mitologiarekin jarraitzen dugu, baina generoa nahiz mekanikak erabat aldatuta. Guillotine metroidvania estiloko bi dimentsioko abentura da: zendutako borrero baten rola hartuta, honen burua berreskuratzea izango da gure egitekoa.

Esploratzeko kokaleku anitzak eta akatzeko arerio mordoa aurkeztuko dizkigu Aizpurua bere Zomorro Studioko kideekin batera sortzen ari den lan honek. Hori guztia egiteko, baina, baliabide benetan berezia proposatuko digute: aurkarien buruak lapurtuta askotariko ahalmen bereziak eskuratuko ditugu. Oilo buruarekin salto bikoitza lortuko dugu, eta kalabazarekin, berriz, beleak tirokatzen ibiliko gara. Gure borrero aizkorak lana erraztuko digu, gainera.

XIV. mendeko Euskal Herrian zehar ariko gara gure buruaren bila; suposatuko duzuen bezala, euskal mitologian agertu ohi diren folklorea eta mitoak izango dira nagusi abentura honetan. Olentzero, buruhandiak, sorginak eta bestelako izakiak ikusiko ditu gure protagonistak.

Bideojokoa bukatuta ez badago ere, probatxo batera jokatzeko aukera daukagu; Zomorro Studioren itch.io webgunean aurki dezakegu. Jatorriz 2015ean egindako Ludum Dare 33 Game Jam-ean hasi zen Aizpuruak bideojokoarekin: bertan prototipo bat egin ondoren, bideojoko osoa sortzeko gogoa erakutsi zuen irundarrak.

.

IHOKU

  • Argitaratze data: 2010
  • Garatzailea: Animatu / Alhondiga Bilbo
  • Plataformak: Gailu mugikorrak
  • Generoa: Plataformak, abentura

Bilboko Alondegia —gaur egungo Azkuna Zentroa— zen Animatu enpresak sortutako joko honetako protagonista. hóPLAY ekimena —ondoren Fun & Serious AZ Indie izenarekin ezagutzen zena— ezagutzera emateko bideratutako gailu mugikorretarako obra txikia dugu.

Super Mario Bros klasikoetan oinarritutako plataforma joko honetan Alondegiko gune desberdinak esploratzen genituen, ? kutxak saltoka irekiz eta hó txanponak bilduz. Ez hori bakarrik: tribial erako galderak ere erantzun behar genituen —Alondegiari eta bideojokoei buruzko gaiekin—, baita erritmo jokoetan parte hartu ere.

.

BASAJAUNEN KONDAIRA

  • Argitaratze data: 2003
  • Garatzailea: Gestionet Multimedia / Ibaizabal
  • Plataformak: PC
  • Generoa: Puzzleak

Euskal Herria, ardatz: zeintzuk dira gure lurretan girotutako bideojokoak?

Euskal Herrian barrena gune batetik bestera ibiltzera eramango gaituen tribial estiloko bideojokoa garatu zuen Erandioko Gestionet Multimedia enpresak Ibaizabal argitaletxearekin elkarlanean 2003. urtean.

Jokalarien helburu nagusia Deiar sorginaren madarikazio batengandik askatzeko edabe magikoa prestatu ahal izateko osagaiak aurkitzea izango da. Izenburuak argi uzten ez badu, girotzea euskal mitologiarena zen, Basajaunekin, lamiekin eta bestelako izakiekin. Hala ere, galderetako gaiek denetarik jorratzen zuten: Euskarari eta Literaturari, Historiari, Geografiari zein Arteari buruzko gaiak lantzen dituzten 2.000 galdera prestatu zituzten arduradunek.

Ordenagailu berean lau partaidek joka zezaketen, baina LAN bidezko jokoari esker “nahi adina lagunek” jokatzeko aukera eskaini zuten; izan ere, ikastetxeetarako bereziki prestatutako bideojokoa dugu Basajaunen Kondaira.

.

EUSKAL KIROLAK

Gure kiroletan oinarritutako bideojokoak ere badaude; are gehiago, hauek izan ziren Euskal Herrian girotutako lehenak. Nola ez, pilota izan ohi da kirolik ezagunena bideojokoetara eramaterakoan, baina beste diziplina batzuk ikusteko aukera ere izan dugu.

.

PELOTA VASCA

Lehena, 1986. urtekoa da. MSX mikroordenagailuetarako sortutako Pelota Vasca lanari buruz gabiltza: bere jatorria oso argia ez den arren, Julen Zaballa kazetariak Tabakalerarekin prestatutako LOAD: Euskal bideo-jokoen historia argitalpenean Manhattan Transfer argitaletxe katalanaren jokoa izan zen hau. Jokoaren fitxategietan ez zaio, ordea, honi aipamenik egiten. Hortaz, misterio interesgarria dugu honen inguruan. Nola ez, gure herrietako pilotalekuetan ariko gara hemen.

Euskal Herria, ardatz: zeintzuk dira gure lurretan girotutako bideojokoak?

JAI ALAI

Urte batzuk beranduago jaso genuen pilota ardatz zeukan bigarren jokoa: Jai Alai. Esku pilota alboratuko dugu, hori bai: zesta punta da tituluaren erabateko protagonista.

Oraingoan ere, Euskal Herritik kanpo garatutako proiektua dugu: Opera Soft estudio madrildarrak kaleratu zuen 1991an mikroordenagailuetarako bertsio desberdinekin.

Euskal Jai pilotalekua eta Miami Arena frontoia ezagutuko ditugu hemen. Goiko ikuspegiarekin, ez dauka aurreko jokoaren antz handirik. Bi joko motak nabarmentzekoak dira: partida errealistak jokatzeko aukera edukiko dugun arren, ahalmen bereziak ematen dituzten kapsulak eskaintzen dituen modalitatea ere biltzen du Jai Alaik.

.

ESTROPADAK

Eusko Jaurlaritzak, euskara sustatzeko asmoarekin, kanpaina berezia abiarazi zuen 1999 urte bukaeran. Horri Gipuzkoako Foru Aldundia batu zitzaion: besteak beste, bideojokoen bidez euskararen erabilera areagotzea bilatzen zuten.

Oreretako 3D News TV enpresarekin bat egin zuten helburu hori lortzeko. Beraiekin batera jarraian aipatuko ditugun hiru bidejokoak eratu zituzten. Gipuzkoarrek bideojokoen arloan egindako lehen lana izan zen. LOAD liburuan Adolfo Luzuriaga enpresako arduradun nagusiak nabarmentzen duenez, ez zeukaten programatzailerik. Hala eta guztiz ere, hiru dimentsioetan adituak izanik, euskal kiroletan girotutako hiru joko sortzeari ekin zioten.

Lehena, 2000. urtean merkaturatutako Estropadak izan zen. Simulazio jokoen kutsua alboratu, eta arkade estiloko arraunlarien titulua prestatu zuten 3D Newskoek. Hiru dimentsioetan adituak, bai, baina euren jokoen atal grafikoa gehienbat bi dimentsiokoa zen.

Kontxako bandera irabazteko arraunlarien nekea eta sasoia kudeatzea da Estropadakek proposatzen diguna. Era batean, erritmo jokoen antza zeukala esan daiteke: arraunkadak neurtu beharko ditugu, eta aldi berean olatuen zein itsas korronteen norabidea kontuan hartu beharko dugu garaipena eskuratzeko. Dena den, botoi bakarra erabilita jokatzeko lana dugu: benetan sinplea, hortaz. Bitxikeria modura, patroiaren garrasiak grabatzeko estropadetara eta entrenamenduetara hurreratu ziren garatzaileak.

Sei hilabetetean garatu zuten bideojokoa ordenagailuetarako. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egindako elkarlana izanik, hau aurkezteko prentsaurrekoa burutu zuten. Gaur egun halakoetara ohituta bagaude ere, hau egin zuten lehen euskal garatzaileak izateko ohorea daukate 3D Newskoek.

.

MENDIZALEAK

Lau hilabeteko epean, Oreretakoak bigarren lanarekin itsasotik mendira igaro ziren, euskaldunok mendiekin daukagun lotura berezia nabarmenduta. Izenburuak argi dio nori zuzendutako jokoa den: Mendizaleak izenak ez du zalantzentzako lekurik uzten.

Anboto, Txindoki, Biaizpe eta Egino mendiak igotzea da bideojokoak proposatuko diguna. Estropadakekin lortutako esperientziaz baliatuta, beste kalitate maila batera iritsi ziren bigarren obra honekin. Teklatuko geziak erabilita jokatuko dugu: tontorrera iristeko 64 mugimendu izango ditugu, eta hauek erabakitzea izango da erronka. Oztoporik latzena erorketak izango dira, hauek mugimenduak murriztuko dizkigute-eta.

.

JAI ALAI SPORT

Izenekin ez ziren oso irudimentsuak, ez. 3DNews TV enpresaren lanekin jarraitzen dugu. Hirugarrena eta azkena pilotan oinarritutakoa izan zen: Jai Alai Sport. TAOSpain garatzaile espainiarrarekin elkarlanean garatu zuten hau: LOAD liburuxkan esperientzia “gazi-gozoa” zela nabarmentzen bada ere —proiektu kaotikoa izan zen gipuzkoarrentzat—, ziurrenik hiru jokoetatik borobilena izan zen pilotalekuetakoa.

Euskal Herria, ardatz: zeintzuk dira gure lurretan girotutako bideojokoak? -
ITURRIA: MERISTATION

Hiru dimentsioko atal grafikoa ekarri zigun 2001eko lan honek. Jokalariak, hala ere, bi dimentsiokoak zirela azpimarratu beharra dago: Anoetako pilotalekuan bi jokalari grabatzen ibili ziren mugimendu errealistak sortzeko. Errotoskopia bidez inplementatu zituzten bideojokoan. Era batean, Mortal Kombat originalekin egindako antzeko lana burutu zuten euskal garatzaileek.

Sekulako promozio kanpaina bizi izan zuen bideojokoak: Gipuzkoako Foru Aldundiak jokoa ezagutzera emateko autobusa prestatu zuen. Honek hainbat herri zeharkatu zituen aste pare batez; ez hori bakarrik, Donostian aurkezpen ofiziala egin zuten. Bertan Luis Bandres foru diputatua adierazi zuenez, Jai Alai Sport babestea erabaki zuten “gazteek aisialdian bideojokoak erabiltzeko ohitura handia zutela” ohartu zirelako. Hori horrela, “aisialdian ere euskara erabili zezaten” nahi zuten: bideojokoa euskaraz kaleratu zen, noski.

Estropadak, Mendizaleak eta Jai Alai Sport kaleratuta, bideojokogintzatik aldendu egin ziren 3D News TV enpresako kideak. Luzuriagak aurrekontuaren eta bitartekoen, pertsonen zein denboraren artean zegoen “izugarrizko desoreka” nabarmentzen ditu, eta horren ondorioz langileek leher eginda bukatu zutela aldarrikatu.

.

EUSKAL HERRIA MUNDIALA

Futbola, nola ahaztu futbolaz! Euskal Herriko selekzioa mundialera eramateko bideojokoa ere jaso genuen orain 20 urte: Euskal Herria Mundiala. Garaiko FIFA eta bestelako futbol jokoen mekanikak jarraitzen zituen, sekulako atal teknikoa erakutsita.

Istorio benetan bitxia eta interesgarria dakarkigu joko honek; izan ere, Euskal Herria Mundiala obra honen izenetako bat baino ez da. Jatorriz, Enigma Software estudio espainiarra garatzen ari zen PC Futbol sagako 2002ko atalaren bertsioa dugu hau: sagaren jatorrizko garatzailea, Dinamic Multimedia, itxi egin zenean, beste estudio honek hartu zuen frankiziarekin jarraitzeko lana. 2000ko eta 2001eko jokoen grafikoak erabili zituzten atal berria eratzeko.

Hainbat oztoporen ostean —Ubisoft-ekin harremanetan jarrita eta guzti—, bideojokoa ezin izan zuten PC Futbol markapean merkaturatu. Hala ere, 2002ko futbol mundiala aprobetxatuta, Pro Soccer Cup izenarekin kaleratu zuten Enigmakoek. Are gehiago, herrialde desberdinetarako bertsioak ere prestatu zituzten: Poloniako selekzioa protagonista zuen Era Futbolu 2002… eta Hello Kitty katuarekin eta lagunekin jokatzen zen Hello Kitty Football Cup 2002 izaten bukatu zuen PC Futbol honek.

Horiei guztiei guk jasotako betsioa gaineratu behar zaie. Euskal Herria Mundialaren kasuan, egindako aldaketak errazak izan ziren: Mexikoko selekzioa gureak ordezkatu zuen, eta zelaian ikus zitekeen publizitatea zein ikurrinak aldatuta, jokoa kaleratzeko prest zegoen. Lau zelai desberdin, mundiala zein lagunartekoa joko motak —sarezko jokoarekin— eta gure hamaikakoa sortzea proposatzen zituen.

.

SEIBAIETZ!

Herri kirolak ez ditugu alboratuko, noski. Nire kide Maitane Junguituk 2020an aizkolaritza bideojokoei buruz prestatutako erreportajeen seriean Gestionet Multimediak 2008 bukaeran kaleratutako SeiBaietz! aipatzen zuen. Kirol jokoak sei kirol proba desberdinetara jokatzeko aukera eskaintzen zuen: sega proba, lasto fardo altxaketa, ingude altxaketa, lokotx bilketa, harri jasotzea zein aizkora proba ziren horiek.

Minijoko formatuan aurkezten ziren. Bakoitzean garaipena lortzeko mekanika desberdinak menperatu beharko ditugu, hortaz. Ezaugarri desberdinak zituzten kirolariak hautatuko ditugu, gainera: hiru emakume eta hiru gizon dira SeiBaietz!-en protagonistak, bakoitza bere indarguneekin. Hauekin herriko plazetan eta belardietan lehiatzen gara.

Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien nahiz Eusko Jaurlaritzaren babesarekin garatuta, Durangoko Azokan aurkeztu zen beste joko bat da hau.

.

IZAN KIROLARI

Herri kirolekin batera bertsolaritza, geografia zein euskal mitologia lantzen zituen bideojokoa prestatu zuen ondoren Gestionetek: 2012an Facebook sare sozialeko jokoen zerrendarako kaleratu zuen Izan Kirolari.

SeiBaietz!-en antzeko formatua eratu zuten hurrengo lanerako: minijokoen bidez proba desberdinak gainditzea da helburua. Sare sozialetarako jokoa izanik, zoritxarrez galdu egin dela esan beharra dago: gaur egun ezin daiteke jokatu Izan Kirolarira.

.
AIZKOLARI, ULTIMATE AIZKOLARI TRAINING ETA GURE KIROLAK 1.0

Herri kiroletatik pasata, aizkolaritzara mugatuko gara oraingoan. Lehena, 2010ean Animatu enpresak garatutako Aizkolari dugu: iOS sistema eragiledun Iphone gailuetarako soilik estreinatutako bideojokoa da, Junguituk bere erreportajean nabarmentzen duenez.

Mekanikek ez daukate misterio handirik: enborrak mozten ibiliko gara erritmo bideojokoen oinarriak hartuta. Geroz eta azkarragoak izan, are puntu gehiago eskuratuko ditugu; ondoren, lortutako emaitzak parteka ditzakegu. Zoritxarrez, App Store saltokitik ezabatuta dago.

Ultimate Aizkolari Training da aizkolaritzari zuzendutako beste bideojokoa: honi buruzko informazioa are urriagoa da. New Way Systems deitutako estudioa arduratu zen garapenaz; antza denez, ez dute beste titulurik sortu. 2011. urtean kaleratu zuten, beste batez, iOS sistema eragilerako.

Aizkorarekin aritzeaz gain, trontza zerra hartzea ere ahalbidetzen digu bideojokoak. Bi jokalarirentzako joko mota ere baimentzen zuen: parte hartzaile bakoitzak mugikorraren pantailako albo batean jo behar zuen ahalik eta azkarren mozten aritzeko.

Bukatzeko, Waskman enpresak sortutako Gure Kirolak 1.0 dugu. Beste behin, aizkolaritza bideojokoaren aurrean gaude, baina kasu honetan oso berezia dela aipatu behar dugu. Wii kontsolaren Wiimote agintea erabilita enborrak moztera eramango gaitu lan honek: makila baten muturrean Wiimotea jarrita, guk geuk burutuko ditugu aizkolarien mugimenduak.

Jokoak agintearen ibilbidea hartuta, erabilitako indarra eta abiadura kontuan hartuko ditugu puntuazioa areagotzen hasteko. Bitxikeria bezala, jokoan Mii aizkolaria ikusiko dugu. 2010ean Bilbon aurkeztu zuten bideojokoa: haur zein helduentzako txapelketa antolatu zuten eta guzti.

.

FRONTBALL PLANET

Gammera Nest estudioa Relevo Videogames garatzaile bilbotarrarekin sortzen ari den kirol jokoa estreinatu gabe dago oraindik: urte hasieran iragarri bazuten ere PlayStation 5-erako eta PlayStation 4-rako titulu honek ez dauka argitaratze datarik.

Pilotaren modalitate berri bati heltzera goaz oraingoan: Frontballak pareta bakarra erabiltzen du. Bideojokoan mundu osoko guneak bisitatuko ditugun arren, arduradunek dagoeneko Bilbon ere jokatu ahalko dugula baieztatu dute.

Bakarkako partidak zein multijokalaria, gure pilotaria sortzeko nahiz pertsonalizatzeko baliabideak eta arkade partida bizkorrak zein dibertigarriak proposatuko ditu Frontball Planetek.

.

ERROAK

  • Argitaratze data: 2020-06-13 (proba bertsioa)
  • Garatzailea: Confusion Games / DigiPen Europe Bilbo
  • Plataformak: PC
  • Generoa: Akzioa, puzzleak

Zerrenda honetan sartu dugu, eta jokatzeko aukera daukagu… baina Erroak oraindik bukatu gabeko jokoa da, eta auskalo inoiz amaituko ote duten. DigiPen Europe Bilboko ikastetxeko bigarren urteko ikasleek 2020. urtean prestatutako bideojokoa dugu: garapen prozesua ia bukatutzat eman zuten arren, proiektu txiki hau osatu gabe dagoela aipatu digute Confusion Games taldeko kideek. Hala ere, noizbait joko osoa garatzeko asmoa agertu dute, beraz zorte pixkatekin zerbait ikusteko aukera izango dugu.

Ikuspegi isometrikoarekin, bi dimentsioko esplorazio abentura honetan euskal mitologiaren munduan murgilduko gara beste batez. Urko errementaria Marirekin akordio batera iritsiko da bere helburua betetzeko asmoarekin: Izaro alaba salbatzea bilatuko du. Horretarako, baina, sorginek madarikatutako Euskal Herriko lurrak zeharkatu beharko ditu, era guztietako arriskuei aurre eginez.

Era batera, Hades bezalako hack and slash ezagunen mekanikak hartzen ditu Erroakek. Borroka biziak izango dira erronka nagusia, eta arerioen hordak garaitzeko gure mailua eta hainbat abilezia berezi erabili beharko ditugu.

Erroak DigiPenen webgune ofizialetik jaitsi dezakegu. Euskal mitologian girotutako jokoa izanik, nola ez da ba euskaraz egongo? Bai, horrela da: bukatu gabeko proiektu hau euskaraz prestatu zuten Confusionekoek.

.

MAMUTXEN EREMUA

Euskal Herria, ardatz: zeintzuk dira gure lurretan girotutako bideojokoak? -

  • Argitaratze data: 2005
  • Garatzailea: Animatu
  • Plataformak: Gailu mugikorrak
  • Generoa: Akzioa, puzzleak
Antzinako altxorra dugu oraingoa. Java 2 Micro Edition gailu mugikorretarako 2005ean argitaratu zen titulua da Mamutxen Eremua: kanpaldi batean gaudela izaki mitologiko hauek bilatzeari eta argazkiak ateratzeari ekin beharko diogu, ondoren hauek gure gurasoei erakusteko.
Eusko Jaurlaritzako Kultura sailaren laguntzarekin Animatu enpresak sortu zuen lanetako bat da. Hori horrela, euskaraz goza daitekeen jokoetako bat da. The Legend of Zelda edo Pokémon klasikoen estiloarekin, pertsonaia desberdinekin hitz egin beharko dugu mamutxak bilatzeko.Gaur egun halako bideojokoei buruzko irudiak edo bideoak aurkitzea benetan zaila da, zoritxarrez… informazio gehiago baduzu, idatzi iruzkinetan!

Euskal Herria, ardatz: zeintzuk dira gure lurretan girotutako bideojokoak? -

 

.

ADUR – AZKEN ERRONKA

  • Argitaratze data: 2022-06-22
  • Garatzailea: Eneko Azedo
  • Plataformak: PC, gailu mugikorrak
  • Generoa: RPG abentura

Zerrendako azken bideojokoa euskal girotzea dutenetatik berriena da. Orain gutxi hitz egin genuen testu bidez jokatzen den ADUR – Azken Erronkari buruz: doako bideojoko hau “rolarien topalekua, rol kanpaina handia, mahai joko digitala” dela aldarrikatzen du Eneko Azedo sortzaileak.

Proposamen zoragarriaren zein bitxiaren aurrean gaude. Telegram mezularitza aplikazioaren bidez joka daiteke Azken Erronkara; hortaz, ordenagailuetan zein gailu mugikorretan ikusiko dugu. Tira, Telegramerako euskarria duen edozein gailutan, egia esan.

MMORPG abentura da; gure pertsonaia eratu, maila bat ezarri eta honekin abenturak bizitzeari ekingo diogu. Dena den, autoreak JUERJOI (Jokalari Ugarirentzako Euskal Rol Joko Online Itzela) bezala bataiatu du. Hori horrela, beste hainbat jokalarirekin batera biziko ditugu mahai jokoetan ikuste direnaren antzeko abenturak.

Izan ere, ADUR mahai jokoan oinarritutako bideojokoa dugu hau: Euskal Herriko benetako jazoerak eta kokalekuak bertoko mitologiarekin eta fantasia istorioekin batzen ditu Azedoren lanak. Agurain, Altsasu, Leitza, Iruñea eta beste hainbat herri bisitatuko ditugu: arduradunak kokaleku bakoitzean girotutako taldeak sortu ditu, eta, modu horretara, gune batetik bestera aldatzerakoan, Telegram txatez ere lekualdatuko gara. Nola ez, gure irudimenaren esku egongo da hauek irudikatzea: Telegrameko bot-ek testu bidez azalduko dizkigute gure inguruak.

Esan bezala, doako jokoa da: Telegram talde orokorrera sartu eta partida hasi ahalko duzu. Bertan agertuko zaizkizu jokatzeko argibide guztiak; ez hori bakarrik, MMORPGa izanik gainerako jokalariek ere lagunduko dizute… edo ez.

.

007: THE WORLD IS NOT ENOUGH

  • Argitaratze data: 2000-12-08
  • Garatzailea: Eurocom
  • Plataformak: Nintendo 64, PlayStation, Game Boy
  • Generoa: Tiro jokoa

Nolatan ahaztu dugu hau baina: James Bond Bilbon izan zen —Pierce Brosnan zur eta lur ikusten zebilen horietakoa izan nintzen—, eta horren ondorioz, The World is Not Enough filmean oinarritutako bideojokoak Bizkaiko hiriburuan hasten ziren.

Tira, “Bilbon”: filmean Guggenheim museoa azaltzen zen, baina Nintendo 64-ko, Game Boy-ko eta PlayStation 1-eko jokoetan ez dugu halakorik ikusiko. Banku batean ariko gara, filmean ikusten den lehen eszena aurreko uneak bizitzen. Bertsioaren arabera, Bilbo ez da aipatu ere egiten. Eurocom-ek garatutako tiro joko hau ahaztuta geratu da: ez zen Rare-ren GoldenEye bikainaren mailara iritsi, eta bertsio guztiak nahiko eskasak izan ziren.

.

ASSASSIN’S CREED: BROTHERHOOD

  • Argitaratze data: 2010-11-19
  • Garatzailea: Ubisoft
  • Plataformak: PC, PS3, PS4, Xbox 360, Xbox One, Switch
  • Generoa: Abentura, akzioa

Ezio Auditore da Firenze asasinoa Nafarroatik igaro zen bere bigarren abenturan. Assassin’s Creed: Brotherhooden azken misioa Vianan burutzen genuen; helburua Ezioaren arerio nagusia akatzea zen, Cesare Borgia. Benetako bizitzan ere bertan hil zen Borgia. Noski, ez zeun asasinoen ermandadeko buruzagiak hil; hala eta guztiz ere, Andre Mariaren elizaren ate nagusiaren aurrean ehortzi zuten bideojoko bilaua.

1507. urteko gaztelua bisitatuko dugu bertan; jokoko unea setio batean igarotzen denez, ez dugu paisaiez gozatzeko tarte handirik edukiko. Argi dago zerrendako jokoetatik ikusgarriena hau dugula: ez da harritzekoa, Ubisoft-ekoen saga ezaguneko atalik gogoangarrienetakoa baita Brotherhood.

.

GUREA, GIROTZE INTERESGARRIETARAKO OINARRIA

Argi dago mitologia eta kirola direla euskal girotzean murgiltzeko garatzaileek hautatutako lehen testuinguruak. Ez da harritzekoa, bi esparru hauek gure kulturari gogor lotuta egon, eta, aldi berean, bideojokoetan erabiltzeko aproposak baitira.

Munduko kultura desberdinak ardatz dituzten bideojokoak oso ezagunak dira —God of War, Assassin’s Creed edo Sekiro datozkit burura asko pentsatu gabe—; beraz, zergatik ez dugu antzeko zerbait egingo guk ditugun pertsonaiekin eta elezaharrekin? Gauza bera gertatzen da kirolekin: nazioartean hedatu diren diziplinak izanik, ez dago zergatirik hauetan oinarritutako joko interesgarriak sortzeko.

Hala ere, orain hurrengo pausoa ematea falta da: Euskal Herrikoak, bai, baina aipatutako bi testinguruetatik harago doazen bideojokoak eratzea. Bandoen gerrak, Amaiurko setioa, Karlistaldiak, Gerra Zibila… guduak bakarrik hartuta, era guztietako obra interesgarriak sortzeko aukera daukagu; hala ere, horretara mugatu gabe ere gurea kultura aberatsa eta interesgarria dela argi eduki behar dugu. Testuinguru zehatzak izan beharrean, gune esanguratsuenei arreta eskaintzea da beste aukera bat: hiri nagusietatik hasita, bideojokoetarako iruditegi aproposa nahiz ederra osatzeko pasaia edo ikuspegi ikaragarriak ditugu.

Blasphemous bezalako joko bat Euskal Herriko girotzearekin ez al zen miresgarria izango? Hemengo jazoerak jarraitzen dituen estrategia jokoak sortzeko aukera ere badago, edo Telltale Games-en abentura grafikoetako mekanikak hemen kontakizunekin batzekoa. Gaur egungo telesailei edo filmei begiratuz, Hondar Ahoak bezalako misteriozko lanak, Errementarin ikusitakoak edo Patria moduko dramak beste eremu honetara ekartzea posible dela pentsa daiteke.

Azken finean, benetan erakargarria al da milagarren biderrez New York, Washington, Los Angeles edo San Frantzisko hiriak zeharkatzea. Berdin dio hartutako testuingurua zein den, ni behintzat nekatuta nago beti kokaleku berberak ikusteaz. Gauza bera gertatzen da, noski, Tokio, Londres edo Paris bezalako eremuekin.

Argi dago ez garela hauetara mugatu behar; are gehiago, hurbileko istorio bereziak eta erakargarriak sortzeko, aproposagoa da horren erabiliak diren tokietatik urruntzea. Bada Euskal Herria bideojokoen bidez ezagutzera ematen hasteko garaia.

zeintzuk dira gure lurretan girotutako bideojokoak? zeintzuk dira gure lurretan girotutako bideojokoak? zeintzuk dira gure lurretan girotutako bideojokoak? zeintzuk dira gure lurretan girotutako bideojokoak? zeintzuk dira gure lurretan girotutako bideojokoak? zeintzuk dira gure lurretan girotutako bideojokoak?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude