Wiki Uda

Wiki Uda –

Iñaki Alegriak sarean.eus atarian.

Harrigarria da Euskal Wikipedia hartzen ari den bolumena eta kalitatea, baita haren inguruan garatzen ari diren proiektuak ere. Horren erakusgarri ezaugarri hauek azpimarra daitezke beste askoren artean:

Wiki Uda

  • Hezkuntza programa ahaltsu eta berritzaile bat ari da garatzen, oinarrizko artikuluen kalitatea ziurtatzen ari dena.
  • Txikipedia: Umeentzako wikipedia. Mundu mailan ekinbide aitzindaria da. Gainera aste honetan bertan plazaratu dute telefonorako app-a.

 

Wiki Uda

 

Hala ere jende askok ez daki aukerak badaudela halako proiektuetan parte hartzeko, eta bide batez, Gema Lasartek Berrian berriki esaten zuen ildotik, euskara prestigiatzeko eta gazteei eduki interesgarriak hurbiltzeko. Opor garaian ere aukera onak ditugu Wiki munduan parte hartzeko, eta gonbidapena luzatzea otu zait oraingo honetan.

Artikuluak sortu, itzuli (itzulpen automatikoaren laguntzarekin), osatu edo txukundu. Dirudiena baino errazagoa da, baina beti egin daiteke ikastaro bat. Uda honetan UEUk, EWKE eta Tabakalerarekin batera, ikastaro bat antolatu dugu eta ikastaroaren materiala eskura dago. Egon ziren hiru tailerretako eskuliburuak eta adibideak topa daitezke bertan, baita lortu ziren emaitza batzuk ere. Adibidez, Oteizaren artikulua hobetu zuten, Albertine Zullorena ilustratzailearena itzuli eta Organogintza Oñatin sortu. Animatzen bazara hemendik abiatu zaitezke sorkuntzan, eta hemendik itzulpengintzan. Ez izan beldurrik, irakurri ondoren ekin, eta zalantzak edo arazoak sortzen bazaizkizu mentoreen laguntza eska dezakezu. Jorra daitezkeen gaiak mugagabeak dira, baina momentu honetan bultzatzen ari diren gaietan aritzea interesgarria izan daiteke (sariren bat irabazteko aukera izateaz gain): funtsezko artikuluak, EHko udalerriak, emakumeen biografiak eta Txikipedia (umeentzako wikipedia).

Wiki Uda

Bertako turismoa eta kultura Wikipediaren lagun. Eta alderantziz. Aurreko edizio-lanak Internet konexioa duen edozein tokitan egin badaitezke ere, oporretan bestelako planak egiteko aukera dugu askotan. WikiBizi EH ekimena Wikipedia EHko turismo eta kulturarekin uztartu nahi du bi ildo nagusirekin, Bidaia gida irekia eta Museoen edukien zabaltzea.

Bidaia gidan bi atal daude: Herriz herri eta oinez egiteko ibilbideak.

Herriz herri atala prestatuta dago herrietako informazioa bisitariei eskaintzeko: zer dagoen
interesgarri, zer egin daitekeen, ibilbideak, non jan, non lo… Denak egituratuta daude, eta asko bete gabe dauden arren (zure herrikoa betetzeko aukera duzu) batzuk hasi dira osatzen. Eredu gisa Kuartango har daiteke.

Ibilbide asko daude dagoeneko Berriaren eskuzabaltasunari esker. Berriak argitaratuko ibilbideak komunitatearen esku daude lizentziari libreari esker eta aukera dugu edukia osatzeko, batez ere gure argazkiak igoz. Adibidez Oderizko trikuharrirako Berrian argitaratutako ibilbidea osatu da hainbat argazkirekin. Ibilbide berriak dokumentatzeko aukera ere hor dago.

Museoekin lotutako ildoan dagoeneko Oteiza museoarekin lankidetzan bisita bat antolatu da, eta horren emaitza izan da hainbat informazio osatu direla. Kulturarekin lotuta abuztuaren 15erako Errenteriako kultura ezagutarazteko beste Wikibizi ekitaldi bat antolatu da.

Honekin guztiarekin argazki lehiaketa bat ere badago antolatuta hiru sailetan: Ondarea, Natura eta Kultura. Animatu parte hartzen.

Wiki Uda

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.