Txomin Jauregi: “Guganako konfiantza da gure enpresaren zutabea”
AEBtako haizeek bultzata ekin zion Txomin Jauregik Deskontu proiektuari, ekintzailerik ekintzaileenaren sineste itsuan “ideia bikaina” zela argudiatuz. Eta ez zitzaion bada gaizki atera, izan ere, milaka dira orain plataforman kontsumitzen dabiltzan erabiltzaileak. Hamaika jatorritakoak. “Egunero produktu bakar bat eskaintzen hasi ginen, eta batzuetan milaka ziren erosleak”, aipatzen du La Bici Rojaren sortzaile Jauregik Urola Kostako Mankomunitateak antolatutako Saretuz jardunaldietan. “Egun batean jatetxe baterako 2300 menu saldu genituen, eta beldurtzera ere iritsi nintzen”, azaltzen du.
Gerora eguneko oferta bakarrak behea joko zuelakoan, produktu bat baino gehiago eskaintzeari ekin zioten “kroketa razioetatik hasi eta bidaietara”. “Sarean dena azkarrago joaten da, eta eten gabe aldatzen joan behar duzu, bestela akabo zara”.
“Komertzial lana da ezinbesteko
aktiboa gure enpresetan”
Deskontu, atari arrakastatsua izaki, beste askore aurrekari izan zen. Gluup da horietako bat, Igor Penilla fundatzaileak aitortzen duen legez. “NI apustu mundutik netorren, eta nazkatu nintzen moralki bat egiten ez nuen mundu horretatik bizitzeaz”, dio. Horregatik egin zuen salto eskaintzen merkatura. Politika agresiboak erabiltzearen aldekoa da Penilla: “zergatik ez lortu bezeroaren emailak eta eskaintzak gero zuzenean bidali? Biolentoa irudi lezake, baina jende gehiago dago harpidetza eskatzen diguna, ezabatzeko eskatzen diguna baino”. Fruituak eman dizkie politika horrek, Facebooken 30.000 lagunetik gora baitute eta Twitterren 10.000 inguru. Jauregiren arabera eredu dira arlo horretan. “Komertzial lana da garrantzizkoena, ezinbesteko aktiboa halako enpresetan”.
Konpetentzia, bai eskerrik asko
Giro txarra sortzen dutenak Deskontuko buruaren aburuz, konpainia handiak dira. Espainiar Estatuan zehar erroak bota dituztenak, haien lana erruz zailduz. “Eskerrak Euskal Herrian ekosistema lokal bat sortu dugula, eskaintza plataformei dagokienez, Espainiar Estatuan zehar merkatu guztia erre dute irabazi portzentaje abusiboak jarriz”. Haiek ez dute bide horretan lan egiten, win to win eskeman oinarritzen baitira. “Enpresa txiki eta ostalariei laguntzea da lan honen motibazio handiena”, azaltzen du Penillak. Konfiantza da haien negozioaren funtsa, eta maila lokalean, lana ondo eginda soilik iritsi dira dauden lekura. Bejondaiela.