Piratak egile eskubideak aldarrikatzen

PdC5.jpg

Mundua ez da aldrebestu, ez da mundu aldrebesa. Atzo arte ikusentzunekoen merkatu piratan film eta serieen linkak partekatzen eta, bide batez, dirua irabazten ari ziren SeriesYonkiseko arduradunak haserretu egin dira Arseny Alexeyev-ek ustez webgunea kopiatu dienean.

Paradoxa espazio tenporalak sketch baterako eta txiste askotarako eman dezake ezbairik gabe. Kontua da Jabetza Intelektualaren lege berria indarrean jarriko dela-eta, Alexa ranking-ean 20. postuan zen SeriesYonkis atariko arduradunek link guztiak kendu zituztela. Eta hori gertatu ostean, whois.com-en arabera, Arseny Alexeyeven jabetzapean dagoen seriesyonkis.sx domeinupean, kopia mimetiko bat publikatu dute sarean, eduki guztiekin.

Javier Prenafeta SeriesYonkisen abokatuak adierazi du, webgune berriak ez duela zer ikusirik haiekin, eta atariak zuen arrakasta eta audientziaz probesteko saiakera bat dela. Are gehiago, Burn Media SL, SeriesYonkisen jabegoa duen enpresa epaitegietan neurriak hartzea aztertzen ari dela adierazi du Prenafetak.

Kuriosoa istorioa ezta? Egiletza eskubideak besapetik pasatzen zituztenak, orain haserre dira haien egile eskubideak urratuak direnean. Edo hori, edo konspirazioaren hariari tiraka, dena gezur ustel bat da. Bullshit handi bat, pirateoan jarraitzeko Caribeko irla batetik, errusiar gazte baten izenean. Ez ginateke harrituko.