Joko demokratikoaren kontraesanak

Joko demokratikoaren kontraesanak

Joko demokratikoaren kontraesanak
Eusko Legebiltzarrean politikariak eta kazetariak berbetan

Politikan zure arerioa ezgaitzat hartzea baino mespretxu handiagorik ez da. Interlokutore gisa ez onartzea baino baztertze zantarragorik, alegia. Euskal Herrian ikusi dugu argien Bildu eta bere hautetsiak elkarrizketatik kanpo uzteko irrika demokraten* aldetik, erakundeetan ordezkatze gutxien lortu duten lekuetan batik bat.
Erretorika horrek galtzeko denak ditu, hamaika udalerritan eta Gipuzkoako Foru Aldundian bertan ikusi den legez. Bilduk akordioak sinatu ditu arko parlamentarioa osatzen duten alderdi guztiekin, UPyDrekin salbu. Gorriarán jaunak aipatu zituen 300.000 putasemeen pisuagatik funtsean. Hori da ezker abertzaleak egun duen aktibo nagusia, bazter utzi ezin dena.

Joko demokratikoaren arauak
Biderkaketen taula baino ikasiago izateraino errepikatu dizkiguten hitzak dira ‘las reglas del juego democrático’. Joko demokratikoaren arauak. Ezker Abertzaleari (eta Ibarretxeri ere bere garaian) behin eta berriz errespetatzeko eskatzen zitzaizkionak. Demokraten mantra izan da formulazio hau, haien jokoa eta haien arauak izan baitira beti auzitan hemen. Kurioski, joko hau eta beren arauak onartutakoan, mobbing estrategiari ekin diote konstituzionalistek. Paradoxa, jokoaren arauak betetakoan, jokoz kanpo uzteko taktika hori, azkenengoz Nafarroan ikusi duguna Roberto Jimenezen (edo Ferrazen) erabakiak medio.

Nafar sozialisten kasuan inkoherentzia honek ahulezia erakusten du eta hala, eskuinarekiko, nola Ferrazekiko morrontza agerian uzteaz gain, PSN bera uzten du jokoz kanpo. Berak duen aktibo nagusia, aldaketarako giltza (bisagra lana) ezerezean utziz. Erabakigunea Madrilen duen alderdiak, nekez egin diezaieke aurre Euskal Herriko errealitate zein arazoei.

Pasa den ostegunean Sortuko legebiltzarkide batek kontatu zigun, Eusko Legebiltzarreko korridoreetan Arantza Quirogarekin gurutzatzean, begiekin keinu bat eginez bakarrik duela agurtzen. Inguruko kazetarien argazkiaren eta eduki lezakeen erreperkusioaren beldur iduri duenez. Oholtzan eta kamerinoetan jarrera desberdina da, barregarria bezain tristea eta egia gordina era berean. Espainiar prismak baldintzatuta daudenek erabaki behar dute, edo Euskal Herriko errealitatea onartu eta pedagogia egin, edo bakarrik geratu Ebrotik beherako txalo artean.

 

*Demokratak: Espainiar joko demokratikoaren arauak errespetatu eta aldarrikatzen dituztenak

Joko demokratikoaren kontraesanak

Ekaitza bainuontzi batean

13 pentsamendu “Joko demokratikoaren kontraesanak”-ri buruz

  • *Demokratak: PP, PSOE, UPyD, IU, PNV, EHBildu…

  • A ze maila artikuluak!
    Nibelon!
    .
    .
    .
    .
    penagarria…

  • Antzerki hutsa da hau dena, nafarroakoa agerikoa. Bildu horrela tratatzeko arrazoi nagusia haren hazkunde elektoralari dioten izua da. Hegemonia jokoan da, eta PP-PS bazterrera doaz apurka-apurka. Hori+ urtetan pozoitutako panorama mediatikoa. Leireri: kritika destruktiboaren paradigma da zure iruzkina. Eta gainera sei hitz baino ez idazteko bezain alferra.

  • “Arantza Quirogarekin gurutzatzean, begiekin keinu bat eginez bakarrik duela agurtzen”
    Konfirmatuta al dago? Ez da posible. Herri gisara erantzun beharko genuke eta gure posizio politikoak zertxobait gehiago apalduz “erabakitzeko eskubidea” aldarrikatu beharrean “agurtzeko eskubidea denontzat” eskatu.

  • Eskerrik asko zuen ironia fin eta umoreagatik.
    Maite dut egurraren usaina astelehen goizetan. 😉

    Peru: Helburua Bildu desaktibatzea da. Baina bildu desaktibatzetik jokoz kanpo geratzera ez da tarte handia. Kasu, PSNk zer eskaini behar du bozetan? Zer eskaini behar die bere bozkatzaileei? Hurrengo hauteskundeek berebiziko garrantzia izanen dute, Euskal Herriko indar oreka zertan geratuko den ikusteko.
    Eskerrik asko ekarpenagatik.

    • Hurrengo hauteskundeek berebiziko garrantzia dute, beti bezala, haien joku arauari ( okupazioa ) zilegitasuna emateko antolatzen dituztelako, eta hortik garrantzia.
      Hauteskundeek, baldintza hauetan, ez dute inolaz ere indar oreka zertan den erakutsiko; hauteskundeek baldintza hauetan, indar orekaren emaitza dira.

  • Asmakizun polita hori. Denek parte hartu nahi dute demokraziarik ez dagoen joko demokratikoan, nahiz eta prakak etxean ahaztu. Kontraesanak?

  • “Hurrengo hauteskundeek berebiziko garrantzia izanen dute”
    Hori bai dela mantra…

  • Iker Araotz. Zergatik ez zara ausartzen pseudonimorik gabe artikulu bat idaztera.
    Iruzkin hutsalak baino. Beti trolleoan Aristizaleak.

    • Oker zaude, ez dut nik bat ere idatzi. Pseudonimotik iruzkin hutsala egin duzu. Izatekotan, zeu trola.

  • Nik ez dut espainiar hauteskundeetan parte hartu nahi, ezta frantziarretan ere.
    Nabar hauteskundeak noizko?