Txertoa hartuko duzu?
Txertoa hartuko duzu? –
Gorka Orivek, EHUko Farmazia irakasle titularrak, Berria egunkarian.
Utz iezadazue galdera garbi eta ausart bat egiten: txertoa jarriko duzue SARS-CoV-2aren aurka?
Badakit galdera oso orokorra dela, baina asmo bikoitzik gabe egiten dut. Zintzotasunetik. III. faseko entsegu klinikoak amaitu ondoren emaitza kliniko horiek arautzen eta definitzen dituzten protokoloetan aurreikusitako helburu nagusi eta sekundarioekin bat datozen eraginkortasun- eta segurtasun-irizpideak betetzen dituzten lehenengo txertoetako batekin txertatzeari buruz ari naiz. Beraz, agentzia erregulatzaileek onartutako txertoez ari naiz, dela Europakoa (EMA), dela Amerikakoa (FDA), dela irizpide zientifiko zorrotzak ustez bete dituen beste edozein.
Erantzuna garrantzitsua da. Izan ere, txerto bat edo gehiago izatea, per se, ez da izango pairatzen dugun osasun-krisiaren azken puntua. Azal dezadan. Txertoek ez dute zertan infekzioa saihestu. Haien funtzio nagusia izango da birusa edo birusaren zati bat immunitate-sistemari aurkeztea, etorkizuneko infekzio baterako prestatzeko, eta COVID-19arekin lotutako sintomatologia murriztea edo eragoztea. Beraz, txertoa jarrita ere, ezinbestekoak izan daitezke prebentzio-neurriak, maskarak bereziki. Gainera, eraginkortasunaren ikuspegitik, txerto gehienak onartuko dira baldin eta %50eko eraginkortasuna erakusten badute COVID-19aren sintomatologia murriztu edo deuseztatzeko.
Nora noa honekin guztiarekin? Oso erraza. Kritikoa izango da txertoa jasotzen duten herritarren ehunekoa, txertoaren eraginkortasuna eta komunitatean hartutako immunitate-maila modu frogagarrian zehaztu ahal izateko. Esate baterako, txertoak %50eko eraginkortasuna badu eta edozein arrazoirengatik biztanleen %50ek bakarrik jarri nahi badute txertoa, lor genezakeen immunizazio pasiboaren maila %25ekoa baino ez litzateke izango; izan ere, infekzio naturalaren osteko immunitate-ehunekoari gehituta, ez gintuzke eramango biztanleriaren %40-50etik gora. Ez genuke lortuko aditu batzuen ustez behar den %65-70eko talde immunitatea.
Azken batean, txerto «eraginkor eta seguru» bat edo gehiago izatea (gaur egungo estandarren arabera) ez da nahikoa izango, kontzientziazio eta txertaketa masiborik ez badago. Hori ez egiteak eragin sanitario, sozial, emozional eta solidarioa izango du, eta ez dezagun ekonomia ahaztu. Galdera giltzarria hau da: derrigorrezkoa izan behar al du txertaketak, guztion onerako eta osasun publikorako? Ekintza solidariotzat hartu behar al dugu, ala norbanakoaren askatasunaren irizpidea ezarriko da?