Euskaraldiak albo-kalterik bai?

Euskaraldiak albo-kalterik bai? –

Euskaraldiaren aurtengo edizioa ezberdina izango da, dena desberdina baita aurten birus malapartatuaren ondorioz, eta, zer esanik ez, jendaurrean eta belarriprest eta ahobizien arteko jokoan oinarritzen den praktika batez ari garenez gero. Prestalanak ondo doazela ematen du. Zorterik onena opa diogu hamabost eguneko hizkuntza-praktikari, eta elkartasun euskaltzalea eskaintzen diegu antolatzaile, bultzatzaile eta parte-hartzaileei.

Euskaraldiak albo-kalterik bai?Hori esanda, gatozen ekimen honek albo-kalterik izan dezakeen erreparatzera. Itzulingurutan astirik galdu gabe, aurrera dezagun sumatzen diogun albo-kalte nagusia: politikariek herritarren bizkar gainean utzi nahi izatea herri erdaldundu hau berreuskalduntzeko erantzukizuna.

Denok dakigu oraindik zenbat hutsune dituen euskararen normalizazioak; esaterako, estatuak EAEn eskaintzen dituen zerbitzuetan: Renfe-n alde-aldera beti “buenos días”, Correos-en askotan “buenos días”, polizia-etxeetan beti “buenos días”. Gobernu autonomikoak askoz gehiago egin dezake eskualdatutako edo eskualdatu gabeko administrazioari dagokionez.

Eskualdatutakotik beraren mendeko administraziora etorrita: Justizia, Osakidetza, Ertzaintza…; eta euskararen normalizaziorako hain garrantzizkoa den EITBri (bereziki ETB2, Radio Euskadi, etab.) gagozkiola, oraindik orain izendatu dute zuzendari pertsona bat euskaraz (ondo) moldatzen ez dena. Zergatik jazotzen dira gurean Espainian eta Frantzian pentsaezinak eta guztiz onartezinak izango liratekeen gertakariak? Guretzat, garbi gera bedi, euskara eta euskal kulturarik gabe EAE Errioxako edo Kantabriako erkidegoaren pareko bilakatuko litzateke identitate nazionalari dagokionez; badirudi, administrazio autonomikoak ez duela horrela ikusten.

Badaude planteamendu okerrak eta horietako bat pentsabide hauxe da: denok dakigu espainieraz. Ez da kontuan hartzen askotxo gaudela euskaraz egitea nahiago dugunak, eta gure ohiko hizkuntza euskara delako euskaraz egiten ohituago gaudenak edota soil-soilik, euskaldunon hizkuntza euskara delako euskaraz egin nahi dugunak.

Zenbat egiten da euskaraz Eusko Legebiltzarrean, Batzar Nagusietan, udaletan?, eta zenbat gehiago egin dezakete politikariek euren praktikarekin etsenplu emanez? Askoz errazagoa da, noski, hamabost eguneko epean itxura egin, edo gehixeago erabili, onenean, eta handik hamabost egunera betikora itzultzea.

Tabakismoarekin, esaterako, bestela jokatu da. Erretzaileen erantzukizunaren gain ere badago, noski, erretzaile ez direnen eskubideak errespetatzea, baina administrazioak neurri zorrotzak hartu ditu afera horretan erretzaile ez direnen eskubideak babeste aldera. Hizkuntza-kontuan, aldiz, herritarren gain utzi nahi da ia erabat erantzukizunaren zati handiena.

Baldin eta Euskaraldiak aitzakia bezala funtzionatuko balu, hizkuntza-politika ausartagoak ez hartzeko eta politikariek beren ardurak hobeki ez betetzeko, zinez, albo-kalte larria izango litzateke. Aitzitik, politikariak zirikatzeko balioko balu, Kataluniako proçesarekin gertatukoaren antzera, azkenaldian izan dugun euskararen aldeko dinamika eraginkorrena bilakatuko litzateke.

Euskaraldiaren arrakasta eta eraginkortasuna gorabehera, euskaldunon biziraupenak araugintza galdegiten du, progresibotasuna aplikatuz eta desberdintasun soziolinguistikoak kontuan harturik, baina 1982ko lege xaharkitua hobetzeari sendo lotuz, gehien-gehiena borondate hutsaren gain utzi gabe, eta betiere politikariek eurek etsenplu emanez.

PLAZARA GATOZ taldea

NAZIOGINTZA taldea

Euskaraldiak albo-kalterik bai?

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)