Twitter.eus bada jada eta euskara ulertuko du laster
TWITTER.EUS BADA JADA,
ETA EUSKARA ULERTUKO DU LASTER
…
PuntuEUS Fundazioaren eta Twitter-en arteko lankidetzaren ondorio dira aldaketak.
Twitter.eus bada jada. Twitter sare sozialak salto egin du euskal hizkuntzaren komunitatearen adierazgarri den .EUS domeinura, PuntuEUS Fundazioarekin adostutako lankidetzari esker. Hau ez da, ordea, Twitter-ek euskal komunitatearen alde egingo duen urrats bakarra.
Gaur egun, Twitter-ek ez du euskara ezagutzen, interfazea euskaraz izan arren. PuntuEUS Fundazioarekin adostuta, hori konpontzeko lanean ari da Twitter, eta, laster, euskaraz idatzitako txioak identifikatuko ditu. Horretarako, CodeSyntax enpresaren laguntza izan dute PuntuEUS Fundazioak eta Twitter-ek.
…
Twitter eta euskara
Erabiltzaileen eskariz, Twitter-ek euskarazko bertsioa argitaratu zuen 2012an, eta, harrezkero, Twitter-en interfazea euskaraz erabiltzeko aukera dago.
UMAP webguneak txiolari euskaldunen jarduna jasotzen eta iragazten du. Haren arabera, azken hilabetean, maiatzean, euskara erabiltzen duten 7.569 erabiltzaile aktibo izan dira orotara. Idatzitako txioei dagokienez, berriz, komunitateko erabiltzaile aktibo horiek 653.108 txio bidali dituzte, haien %50,70 euskaraz. Alegia, egunero 10.682,13 euskarazko txio argitaratu dira, batez beste.