Sautrela 415: Ibai Iztueta, Günter Grass eta Piano gainean gosaltzen

Ibai Iztueta

Beste urtebete osatu dugularik, aste honetan izango dugu kurtso honetako azkeneko saioa. Bertan, Ibai Iztuetaren saiakera berria izango dugu mintzagai: Cultura vasca versus euskal kultura. Euskal kulturaren inguruko testua da, haren mugak zedarritzea helburua duena besteak beste. Gai zaharra da inondik ere: zerk bereziten dute euskal kultura eta cultura vascak? Hizkuntza al da irizpide bereizlea? Zer da Euskal Herrian erdaraz egiten den kultura? Nola harremantzen dira bi esparruak? Ez dira nolanahiko galderak, (gure) kulturaren erroak aztertzen ditu eta azken batean. Ikerketaren ondoren lortu dituen ondorioak azalduko dizkigu Iztuetak.


Bestetik, hil berri den idazle bati buruzko erreportajea izango dugu. Joan den apirilean hil zen Lübeck herrian Günter Grass, XX. mendeko bigarren erdiko idazle alemaniar handienetakoa. Batez ere Latorrizko danborra nobelagatik egin zen ezagun mundu mailan eta 1999an Literatura Nobel Saria eskuratu zuen. Petra Elser itzultzailearekin eta Joxemari Iturralde idazlearekin batu gara Grassen inguruan gehiago jakiteko.

Azkenik, Beñat Sarasolak Harkaitz Canoren liburu bati buruz hitz egingo digu, Piano gainean gosaltzen kronika liburuari buruz. 2000. urtean argitaratua, Canok aurreko urtean New Yorken eman zituen zortzi hilabeteen kronika da liburua, kronika huts eta hotzari itzuri egiten diona.

Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.

Saioa osorik ikusteko klikatu hemen