Teknopolis, Tecnalia Kazetaritza Sariaren irabazle
Elhuyarrek ekoizten duen Teknopolis telebista-saioak jaso du VII. Tecnalia Kazetaritza Saria telebistako atalean, otsailaren 2an AZTI-Tecnaliaren Derioko egoitzan (Bizkaia) egin den ekitaldian. Han izan dira Elhuyarreko zuzendari nagusia, Leire Cancio; EiTBko zuzendari nagusia, Maite Iturbe; Teknopoliseko zuzendaria, Nagore Rementeria, eta saio horren aurkezlea, Iñaki Leturia. Teknopolis saritzeko arrazoien artean, bi azpimarratu dituzte epaimahaiko kideek: batetik, Teknopolisen “15 urteko ibilbidea”, eta, bestetik, “I+G+Bn egiten den lana gizarteratzeko egiten duen lana, zorroztasun zientifiko handiz eta oso era dibulgatzailean betiere”. Bat datoz epaimahaiaren aipamen horiek Elhuyarren xedearekin: “Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu dugula”.
Teknopolisen 15 urteko ibilbidea
Zientziaren eta teknologiaren dibulgazioa du helburu Teknopolis saioak, eta 1999tik emititzen da, ETBn. Euskal Herrian nahiz gure mugetatik kanpo egiten diren ikerketa zientifiko eta teknologikoei erreparatu eta haiei buruzko erreportajeak egiten ditu saioko lantaldeak, zeina zientzialariz eta kazetariz osatuta baitago (guztira, sei lagun). Larunbatetan izaten da ikusgai Teknopolis: ETB1n, 13:20etan, eta ETB2n, 9:30etan. Bestalde, Teknopolis-en webgunean ere ikus daiteke: http://teknopolis.elhuyar.org.
Teknopolisek lehendik jasotako sari-zerrenda luzeari erantsi behar zaio Tecnalia Kazetaritza Saria. Hona hemen orain arte saio horrek bereganatutako sarietako batzuk: Lanbide Heziketako Ikastetxe Publikoen Sarearen Ikaslan Saria (2014); Teknopolisen “Zelatan” erreportajeari 2011ko emandako Telenatura saria (2011); lehen saria Bioteknologiaren Komunikazioaren eta Dibulgazioaren Asebio/Genoma España Sarietan (2011); Europako telebista-programa onenaren saria, Jonhson&Jonhson popular science TV Award Sarietan (2009); Tecnaliaren III. Kazetaritza Sarirako accesita (2006) eta Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza Sailaren saria (2006).
Denboraldi honetako babesleei eskerrak eman eman dizkie Teknopoliseko lantaldeak, “haiek gabe ezinezkoa bailitzateke saioa egitea”. Hauek dira aurtengo denboraldiko babesleak: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza, Politika eta Kultura Saila; Energiaren Euskal Erakundea (EEE), Tknika, UPV/EHU, Mondragon Unibertsitatea (MU) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa (UPNA).
Teknopolis saioko zuzendari Nagore Rementeriak oso pozik daudela adierazi du, lantalde osoaren izenean, eta beste hau ere esan du: “Ohore bat da guretzat sari hau jasotzea, aurreko ekitaldietan saritutako lanen maila ikusirik”.
Elhuyarreko zuzendari nagusiak, Leire Canciok, berriz, beste hau gogorarazi du: “Ia aldi berean etori dira Tecnalia Kazetaritza Saria eta Basque Research webgunearen itxiera. Bada, Teknopolisek urte luzez egindako gizarteratze-lana beharrezkoa dela eta estimazio handia duela dela adierazten digu gaurko sariak, eta aurrera egiteko pizgarritzat jasotzen dugu Elhuyarreko guztiok”.
VII. Tecnalia Kazetaritza Sariak
AZTI-Tecnaliak, NEIKER-Tecnaliak eta TECNALIA Research & Innovationek osatzen dute Tecnalia Korporazio Teknologikoa, hau da, Tecnalia Kazetaritza Sariaren antolatzailea. Hona Sariaren xedea: iritzi publikoan ikerketa, berrikuntza eta garapen teknologikoaren ezagutza sustatzen eta dibulgatzen duten eta, hala, gizarte berritzaileago bat eraikitzen laguntzen duten hedabideetako profesionalen lana aintzatestea eta saritzea.
Lau atal ditu sariketak: idatzizko komunikabideak, irratia, telebista eta Internet. Lau mila euroko saria ematen zaio atal bakoitzari. Enpresa-, hezkuntza-, teknologia- eta kazetaritza-alorretan ospe handikoak diren zenbait lagunek osatzen dute epaimahaia. VII. aldi honetan, sariak ez ezik, lau aipamen berezi ere banatu dira.
Idatzizko komunikabideen ataleko saria Elena de Arrieta Palaciorentzat izan da, Expansión ekonomia egunkarian argitaratutako artikulu batengatik (Nuevas tecnologías, la clave para redefinir la economía ); irrati-alorreko saria, berriz, Manuel Hernández Hurtadorentzat, RNEko España vuelta y vuelta programan eman zenI+D+i para el cambio de modelo productivoerreportajeagatik, eta Internet-kategoriakoa, azkenik, Angelo Attanasio eta Jerónimo Giorgirentzat, www. elperiodico.com-en argitaratutako erreportaje batengatik. Aipamen bereziak berriz, hauek jaso dituzte: idatzizko komunikabideen kategorian, Antonio Villarrealek, Vocentoko Innova+ gehigarrian argitaratutako artikulu batengatik; irrati-atalean, Andrés Goñik, Radio Euskadiko Graffiti programan emandako erreportaje batengatik; telebista-atalean, Pilar Requena, Óscar Martínez, Jesús Paris eta Stella Rodríguezek osatzen duten lantaldeak, TVE La 2eko En portada programan emandako erreportaje batengatik, eta internet-kategorian Marta Palomo de Udaetak, www.agenciasinc.es webgunean argitaratutako erreportaje batengatik.