Bertrand Russell: jokoa errazten zuen futbolari osoa

Bertrand Russell: jokoa errazten zuen futbolari osoa

Badakit esango dudana snobkeria hutsa dela baina aurrekoan bi lagunekin hizketan ari nintzela, Bertrand Russell aipatzea okurritu zitzaidan eta inork ez zekienez noren gainean mintzo nintzen, artikulu hau idaztea erabaki nuen. Kultura oinarrizkoa dela gizakion garapenerako eta futbola dela masa oldeak mugiarazten duena kontuan hartuta, biak uztartu eta pentsalari honen bizitza futbolaria bailitzan aurkeztea pentsatu dut. Kultureteek barka bezate neure atrebentzia.

Bertrand RussellBertrand Russell (1872-1970) XX. mendeko futbolari osoena izan zela esan dezakegu. Matematiketan, Filosofian baita Literaturan ere aritu zen galestarra. Futbolarien familia batean jaioa (John Stuart Mill izan zuen aitabitxi), 20 urte zituela, Cambridgeko harrobira (Trinity College) sartu zen eta 1894. urtean lehen taldearekin egin zuen debuta Alfred North Whiteheadren eskutik Matematikari gisa. Defentsak gainditzen abila, goia jo zuen Jena Unibertsate taldeari sartu zion golagatik. Diotenez, Jenako atezaina zenak, Gottlob Frege,  Matematikak ikertzeari utzi zion, Russellen  “caño”-aren ostean. Halaber, George Edward Moore taldekideari esker, Russellek Filosofia ikasteari ekin zion, bere posizioa aldatuz. Halere, txukun ere ibili zen Russell zelaierdian jokoa ume jolasa bihurtzen. Aipagarriak dira Hizkuntzaren Filosofiari egin zizkion ekarpenak, esaterako On Denoting artikulua. Bere deskripzioen teoriak eragin handia izan zuen bere taldekidea izan zen Ludwig Wittgensteinen jokoan.

Prentsa aretoan ere itzal handiko gizona izan zen Russell jauna. Ahoan bilorik gabekoa, sexuari, adulterioari, erlijioari (Why I’m not a cristian?) edota lanaren rolari buruz mintzatu zen kazetarien aurrean, orduko pentsamoldeekin hautsiz. Bakearen aldeko aldarriak kartzelara eraman zuten birritan: lehena I Munduko Gerraren harira eta bigarrena, 80 urte zituela, bonba atomikoaren kontra ibili zelako. Hala eta guztiz ere, 1950. urtean Literatur Nobel Saria jaso zuen bere ideia humanistak eta pentsamendu askatasuna defendetzearren. Izan ere, jakimin itzeleko gizona izan zen Bertrand Russell eta mundu osoan zehar bidaiatu zuen futbolen taktika eta teknikak ezagutzeko asmoz. Adibidez, 1921. urtean Sobietar Batasunera egin zuen bisita eta Leninek Iraultzaren ostean indarrean jarri zuen joko eta entrenatzeko modu boltxebikearekin deseingainua hartu zuen futbolari gastelarrak. 

*Esan gabe doa, gaztelaniazko wikipedia ere erabili dut artikulu (?) hau osatzeko.

Bertrand Russell: jokoa errazten zuen futbolari osoa

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

5 pentsamendu “Bertrand Russell: jokoa errazten zuen futbolari osoa”-ri buruz

  • Gure belaundaldian berriz, haren “Why I’m not a christian” ezin besteko irakurketa izan zen. Noski belaunaldi berriak ez dira jada kristau eta ez dute irakurketa horren premiarik. Ala, badaezpadako txerto moduan komeniko litzaieke agian hauei ere?

    • Jon Intxaurraga 2015-02-03 10:36

      Arrazoia duzu, Bestela. Gainera, liburua etxean daukat eta, oker ez banago, artikulua irakurrita ere. Orain txertatuko dut.

  • Jesus Mari Intxauspe 2015-02-03 14:40

    Bertrand Russell-ek ere bere eragina izan du Euskal Herrian. Txillardegik berak aitortzen du B. Russell, J.P. Sartre eta E. Morin aintzat hartu zituela. Joxe Azurmendik ekarpen horiek Txillardegiren bigarren fase batean kokatzen ditu, 1962 ondoren, antolaketa politikoa pentsatzen hasi zenekoan. (ik. Azurmendi, Joxe 1999: Txillardegiren Saioa: hastapen bila, Jakin 114:17-45). Bestalde, Azurmendik Russell eta bere “Zergatik ez naiz kristau” idatzia landuak ditu “Azken egunak Gandiagarekin” (Elkar, 2009) liburuan, arrazoimen ezberdinen arteko harremanen testuinguruan (zientzia, erlijioa…).

  • Anartz Bilbao 2015-02-04 11:08

    Kaixo Jon,
    Artikulua argitaratu zenuen egunean, otsailaren 2an, bete ziren 45 urte pentsalari-`futbolaria´ hil zela -horregatik egingo zenuen, baina testuak datari erreferentziarik egiten ez dionez…-.
    Galestarraren aipu bat: “Pertsona buru argiak zalantzaz beterik daude, ergelek ez dute ezeren inguruko zalantzarik; hau da gizateriaren arazoa”. Bertrand Russell

    • Jon Intxaurraga 2015-02-04 11:25

      Egun on Anartz,

      Banekien bere heriotzaren urteurrena zela (gaztelaniazko wikipedian zetorren), baina ahaztu zitzaidan aipatzea. Dena den, artikulua ez nuen horregatik idatzi (aukera eder bat galdu nuen marketinari dagokionez).

      Eskerrik asko aipuagatik. Gordeko dut, buruan dudan beste artikulu baterako erabilgarri izan daitekeelako.

      Ondo ibili