Syriza, abiadura handian

Europako politikagintzara haize berriak Peloponesotik etortzekoak zirelako edo Europa zaharrari 230.000 milioi euro zor zizkiolako, Mendebaldeko zibilizazioa Greziari so paratu zen gaur zortzi, hauteskundeak ospatzen zituztela-eta. Geroztik etorri denaz asko hitz egin eta idatzi da, baina Syrizaren Gobernu berriak daraman abiadura ikusita, merezi du, astebeteko agintaldia baino ez daraman arren, atzera begirako bat egitea.

SyrizaHauteskundeak irabazi eta agudo hartu ditu Syrizak lehen erabaki potoloak. Astelehenean bertan, gehiengorako bi aulki behar zituztela-eta, eskumako Greziar Independenteak (ANEL) alderdiarekin gobernu akordioa lortu -beraien esku utzi dute Defentsa ministerioa- eta kargu hartzea gauzatu zuten, azken hauekin bat egiten baitute troikak ezarritako neurriei aurre egiterakoan. Gainera, politikagintzan keinuak ere garrantzitsuak badira, Alexis Tsipras-ek astelehenean bertan egin zuen lehena, II. Mundu Gerrako museora bisita eginez eta bide batez naziek greziarrei 160.000 milioi euro lapurtu zietela Europa osoari gogorarazita.

Biharamunean gobernu berria aurkeztu zuen Tsipras-ek, hamazortzi ministroko taldea hamarrekora murriztuta; den-denak gizonezkoak, ezin ulertuko erabakia eta, besteak beste, ZUZEUn bertan Leire Barrenak idatzitako “Syriza: gau bakarreko lilura?” artikulua eragin zuena.

Neurri ekonomikoei dagokienez, gizarte politikak hauspotzeko ahalegina egin du Syrizak lehen egunetik: egoera larrian diren greziarrei (300.000 mila inguru omen) argindarra doan emango ziela iragarri zuen -baita jana eta garraiorako kupoiak ere-, osasun sistema unibertsala berrezarriko zutela, kalean utzitako 2.100 funtzionarioak berriro lanean jarri, aurreko gobernuak itxi zuen telebista eta irrati publikoa berrabiarazi eta gutxieneko pentsio zein soldatak 586 eurotik 751ra igo. Horretaz aparte, estrategikoak dituzten enpresak -portuak eta argindarra kudeatzen dituztenak- pribatizatzeko planak bertan behera utzi dituzte.

Aberatsei zergak gehituz eta iruzur fiskalari aurre eginez
lortu nahi dute iragarritako neurriak martxan jartzeko dirua


Ekonomiari erabateko lehentasuna eman dio Syrizaren gobernu berriak, eta sortu berri diren hamar ministerioetatik hiru dira finantza eta ekonomia garapenerako sortutakoak. Aipatutako neurriak hartzeko plana Salonikako Programa deitu dute -Iorgos Stathakis Sustapen ministroak sortua da-, eta horretarako 12.000 milioi euro beharko dituztela aurreikusten dute, aberatsei zergak gehitu eta iruzur fiskalari aurre eginez lortu nahi dituztenak. Diru poltsa hori lortzeko, gainera, ezinbestekoa ikusten du Syrizak Europarekin duten zorra itzultzeko baldintzak berradostea, Europar Batasunean ezinegona sortu duen kontua. Hartzekodunak eta merkatuak artega jarri eta gorabehera handiak izan ziren europar burtsetan Syrizak hauteskundeak irabazi zituela iragarri zen bezain pronto.

Gianis VarufakisOstegunean Alexis Tsipras-ek Europar Parlamentuko lehendakari Martin Schultz-en bisita jaso zuen Atenasen, besteak beste Grezia errusiarrengana hurbiltzen hasia zela-eta kezkatuta zena. Eta ostiralean, Greziako Finantza ministroak, Gianis Varufakis-ek bereganatu zuen arreta osoa, Troika (Europar Komisioak, Europar Banku Zentralak eta Nazioarteko Moneta Fondoak osatua) mintzaidetzat aitortzen ez zutela esan eta hautsak harrotuta.

Greziak ez du aldebakarreko erabakirik hartuko
Syrizak hauteskundeak irabazi bazituen, egungo erreskate plana onartzen ez duen programa bati esker irabazi zituela argitu du Varufakis-ek, Greziako zorra ahotan hartuta, eta Alemaniatik Merkelek berak eman zion erantzuna larunbatean, zorraren zati bat barkatzeari muzin egin eta Greziari zorrotz joka dezan beste behin eskatuta.

Kontuak bere onera ekartze aldera, igandean Frantziak bere burua eskaini zuen, Michel Sapin Finantza ministroaren bitartez, Europar Batasunaren eta zailtasunak pairatzen ari den Greziaren arteko zubi izateko. Gauzak horrela, Parisen ez ezik Londonen ere batzarrak izan dituen Varoufakis-ek europar agintariak lasaitu ditu gaur bertan, aldebakarreko erabakirik hartu ez eta adostasunaren alde jokatuko dutela ihardetsi duenean. Finantza ministroaren esanetan, hilabete bukaerarako Europar Batasunari proposamen berri bat helaraziko dio Greziak; eta bi hilabeteren buruan akordio berri bat adostua izatea espero duela berretsi du. Bere esanetan, aurreko greziar gobernuek egindako akats nagusia urte luzez zorpetzeko joera izan da, erreformarik egin eta etorkizunean pentsatu gabe. Horixe da eten beharreko jokamoldea, Varufakis-en aburuz.

`Kontratu berria´ lortzeko asmotan 24 orduren buruan beste batzar bat izango du Gianis Varufakis-ek, honakoan alemaniar agintariekin. Gainera, ustekabeko babesa jaso zuen bart AEB-en aldetik; zorrak ordaindu ahal izateko aurrena hazi beharra du Greziak, adierazi baitzuen Barack Obama-k.

Politikagintzan hiru hilabeteko tartea izaten bada gutxienekoa lehen balorapenak egiten hasteko -100 kortesia egun-, ezin esan daiteke Syrizak galtzeko denbora duenik. Asmatu ala ez asmatu, erabakiak hartzeko ardura dute eta horretan dabiltza. Greziar gobernu berria ez dago geldotasunak jota; ehun metroko lasterketen abiaduran hasi dute maratoia.

aldaketa, Europar batasuna, grezia, syriza, zorra

Zer duzu buruan “Syriza, abiadura handian”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude