Software librea nahi dugu
Software librea nahi dugu
Irailaren 25ean Euskal Autonomia Erkidegoan burutu behar diren hauteskundeak direla-eta, softwarelibreanahidugu.eus plataforma sortu dute, lehendakaritzarako hautagai guztien jarrera ezagutu eta eskari bat egiteko asmoz.
Horretarako bi ekintza jarri dituzte martxan:
- Software librearen aldeko sinadura bilketa.
- Lehendakarigaiei software librearen inguruan izango duten jarrera modu zuzenean galdetu.
.
* Lehengoko puntuari erantzuna emateko sinadura bilketa bat jasoko duen webgune bat sortu da.
* Bigarren atalari dagokionez hauteskunde hauetara aurkezten diren alderdi politiko guztiei lau galderaz osatutako korreoa bidaliko zaie (azpian duzuena). Jasotzen diren erantzunekin alderdi bakoitzak software librearen inguruan duen jarrera batzen duen dokumentu bat maketatuko dute (2009. urtean egin zuten modu berdintsuan).
.
Manifestua
Azpian sinatzen dugun talde eta pertsonok, Software Librea (eta honek bere gain hartzen dituen teknologia estandar irekiak eta sare askeak) erabili nahi ditugula adierazten dugu (adibidez, GNU/Linux, Firefox, LibreOffice, guifi.net…):
- Software Libreak, berdintasuna, parte-hartzea eta solidaritatea sustatzen dituelako eta mundu justuago bat sortzen laguntzen digun tresna delako.
- Giza garapena, jakintzaren jendarte eta berrikuntza teknologikoa bultzatzen dituelako, teknologia libreak denon eskura jarriaz.
- Jakintzaren elkarbanatzean oinarritzen delako, ekonomikoki errentagarriagoa delako (lizentziak doakoak dira) eta lekuko enplegua sustatzen duelako.
- Librea delako (edozeinek erabili eta hobetu dezake) eta estandar publikoak eta formatu irekiak erabiltzen dituelako.
- Independentzia teknologikoa ahalbidetzen duelako eta, software pribatuak ez bezala, edozein enpresak hartu ditzakeen erabakietara lotuta egotea saihesten duelako (adibidez, Microsoft).
.
Guzti honengatik, ondokoa eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari eta beste euskal administrazio publikoei.
- Pertsonek Administrazioarekin dituzten harreman guztietan, Software Librea era aktiboan bultzatzea eta sustatzea.
- Software Librearen erabilera erakunde publiko guztietan eta jendartearen arlo guztietan ezartzea.
- Guztion zergekin hornitutako aurrekontu publikoa, jendarte onerako, Software Librearen, Teknologia eta Estandar irekien eta Sare Askeen garapenean inbertitzea.
- Software Librearen esanahia jendartean zabaltzea eta bere abantaila eta onura anitzak hedatzea.
- Jendarteko pertsona oro programa libreen erabileran hezitzea, bereziki eskola heziketan.
- Lekuko enplegua eta independentzia teknologikoa bultzatzea, Software Librearen garapenean erabiltzaile komunitatearekin eta lekuko enpresekin aktiboki lan eginez.
- Teknologiekin erlazioa duten aurrekontuen esleipenak eta hauen eratorriak diren ekintza guztiak gardentasunez informatzea.
.
.
Lehendakaritzarako hautagai agurgarria:
Azken urteotan Euskal Herrian software librearen aldeko sinadura bilketa (softwarelibreanahidugu.eus) burutu duen pertsona talde bat gara. Irailaren 25eko hauteskundeetarako zure alderdiaren izenean lehendakaritzarako hautagaia zaren heinean, gai honen inguruan duzun iritziak jakin-mina sortzen digu.
2009. urtean burututako sinadura bilketak arrakasta nabarmena izan zuen (1.500 euskaldun inguruk eta mota guztietako 80 taldek sinatu zuten: hezkuntza zentroak, elkarteak, enpresak, etabarrek). Euskaldunentzat Software Libreak duen goranzko giza bermea kontuan izanik, bost galdera hauek lehendakaritzarako hautagai guztiei baldintza berdinetan egitea aproposa iruditu zaigu, guztion ikuspuntua bildu eta sarean zehar hedatzeko xedez, bide batez hauteskunde-kanpaina Interneten zabalduz.
- Egun bizi dugun krisi ekonomikoaren egoeran, Software Librea potentzian merkeagoa dela (lizentziak doakoak dira) eta lekuan-lekuko lana bermatzen duela jakinda, Eusko Jaurlaritzak honen erabilera giza-esparru guztietan sustatzeko esfortzua egin beharko lukeela uste duzu? Eta ados al zaude erabilera hori sustatzeko biderik onena, gure inguruko geroz eta erakunde gehiagok egiten ari diren bezala, euskal administrazio ezberdinetan Software Librearen erabilera ohikoa bihurtzea delako iritziarekin?
- Lehendakaritzarako hautagai gisa, eta tresna libre eta baliokideak (LibreOffice, Firefox, etab.) badaudela kontuan izanik, zentzuzkoa deritzozu euskal gazteak hezteko software pribatiboetara (Microsoft Office, Internet Explorer, etab.) horrenbeste baliabide ekonomiko ez zuzentzearen alde lan egiteari? Laburki zergatia azal zenezake?
- Ez duzu uste e-administrazioetarako sarrera euskaldun guztientzat baldintza berdinetan behar litzatekeela izan? Hortaz, zein da zuen egitasmoa estandarrak betetzen ez dituzten eta, ondorioz, erabiltzaile bakoitzarentzat diru kopuru jakina balio duen enpresa zehatz baten softwarea erabiliz baino bisitatu ezin daitekeen webguneekin?
- Hauteskunde autonomikoetan lehendakari hautatua izanez gero, Software Librea eta formatu irekien erabilera gizartean sustatzeko eta euskal administrazio publikoetan estandar bihurtzeko zein hobekuntza zehatzekin hartuko zenuke konpromisoa?
- Eskutitzaren hasieran aipatutako administrazio publikoetan Software Librea erabiltzeko manifestua sinatu duzu? Zergatik?
Milaka euskaldunek irakurriko dituzten galderen erantzunak idazten denbora eman izana oso-osoan eskertzen dizugu. Ahal den heinean, zure erantzunak irailaren 15a baino lehen info@softwarelibreanahidugu.eus helbidera helaraztea zeharo eskertuko genizuke, orduan Internet bidez, giza-sareetan eta komunikabideetan barreiatzeko txostena lantzeko asmoa baitugu.
Mila esker eskainitako laguntzagatik eta heltzear dauden hauteskundeetan zuk eta zure alderdiak aurrezarritako helburuak erdiestea opa dizugu.
Agur bero bat.
.