Seguru?
Seguru? –
Joxe Rojasek sarean.eus atarian.
Ez dago noizean behin geldialditxo bat egin, begirada puntu zehatz batean finkatu eta hari so geratzea bezalakorik. Gertatzen dena da, batzuetan, hala eginez gero, gauza beldurgarri samarrak ikusten direla. Edo tira, hozkirri apur bat ematen dutenak bai behintzat.
Ikusi, adibidez, segurtasunaren gaia. Nola eraiki duten/dugun/diguten diskurtso oso bat, gure segurtasuna zaindu beharrarekin lotuta, azken hilabeteotan nolabait ‘bizkortu’ egin dena, baina urteak daramana, astiro-astiro, gu danok barruraino bustitzen, guztiok mela-mela bukatu dugun arte.
Ondo gogoan dut 1990eko hamarkadan udal batzuk hasi zirela iragartzen kamerak jarriko zituztela puntu jakinetan, hiritarron segurtasunaren aitzakian, noski. Orduan jende asko asaldatu zen, eta protestak eta manifestazioak ere izan ziren etengabeko zaintza gailuen kontra. 30 urte hauetan ez dakit zer hipnosi kolektibo klase egon den, baina gauza da orain herritarrok garela mesedez eta faborez kamera gehiago jartzeko kaleetan. Beti ere, noski, segurtasunaren izenean.
Fenomenoak goia jo du azken 12-24 hilabeteotan. Segurtasun enpresen iragarkiak nonahi azaltzen zaizkigu, eta mezua argia da: zure etxean alarma sistema ez baduzu, ganorabako hutsa zara, ez negarrez etorri zeozer gertatzen zaizunean. Bueno: segurtasun enpresak, eta bestelakoak ere bai. Azken asteotan Euskaltel bera -ai, Euskaltel!- tematuta dago telefoniaz gain alarma zerbitzua saltzeko.
.
Mikro mailan ere bai
Baina segurtasunarekiko obsesioa maila ‘mikroago’ batean ere saltzen ari zaizkigu. Hemen oraindik ez dago oso zabalduta, baina Estatu Batuetan txurroak bezala saltzen dira bideokameraz hornitutako txirrinak, ate parean gertatzen den guztia grabatu eta, behar izanez gero, poliziara deitzeko ahalmena ere badutenak. Segurtasun enpresa jakin bateko zerbitzua izan gabe, norberak eros ditzake erraz samar era guztietako zaintza kamera, sentsore, alarma eta bestelako gailuak, gauzen interneten magiari esker elkarrekin komunikatu eta gure etxea ustez gotorleku menderaezin bihurtu dezaketenak.
Horrek, gutxien-gutxienez, bi arazo potolo sortzen ditu. Lehenengoa da gailu horiek gehienek zerbitzua ‘lainoan’ eskaintzen dutela. Hau da: norberak eros dezake kamera bat, adibidez, noizean behin ikusteko txakurrak zer egiten duen etxean, jabea lanean dagoen bitartean. Ideia polita da, baina gauza da txakurraren grabazioa Estatu Batuetatik, Txinatik edo gailuaren fabrikantearen etxetik pasatzen dela gure etxetik gugana iritsi aurretik. Eta, kontrakoa esan arren, grabazio horiek aztertu eta prozesatzen dituzte, guri buruzko informazioa ateratzeko.
Bigarrena, hain zuzen ere, gure grabazio horien azterketarekin lotuta dago. Informazio kopuru handiak pilatzen direnez, horien azterketa adimen artifiziala erabiliz egiten da. Eta jakina da zer gertatzen den adimen artifizialari gizakien portaera aztertzen uzten badiozu, bestelako testuingururik eman gabe: makinak berehala biderkatzen ditu industrian gehiengo diren klase ertaineko gizonezko hetero zurien aurreiritzi eta sesgoak, eta hasten da gaizkile potentzialtzat gisa hartzen klase ertaineko gizonezko hetero zuria ez den beste edonor.
Total: bueltan-bueltan, geure edo gure familia edo maskoten segurtasunaren izenean etxean jartzen ditugun zerbitzu eta gailuek sarritan bukatzen dute gure segurtasunerako, eta batez ere intimitaterako, mehatxu erraldoia bilakatzen. Baina, ah, ze lasaitasuna norbaiten etengabeko zaintzapean sentitzea, ezta?
Seguru? Seguru?