Lapurretari aurre egin, aukerak piztu

Lapurretari aurre egin, aukerak piztu –

Egia da askorentzat argindarraren fakturak ulertzea ia ezinezkoa izan daitekeela, baina ez da hain zaila sistema bere osotasunean ulertzea. Espainiako erresumak 116 gigawatteko potentzia instalatua du, eta, irizpide zientifikoaren arabera, sobran emango luke sistema elektriko osoa hornitzeko. Teorietatik harago, azken urteetako eskaera maximoaren bikoitza da ezarrita dagoena. Are gehiago, berriztagarrien aldeko apustuarekin 180 gigawattera iritsi nahi da, eta nabarmendu behar da elektrizitatearen kontsumoak apurka-apurka behera egiten jarraitzen duela, urtez urte, 2008tik hona. Gauzak horrela, eskaria jaisten bada eta merkatua ondo baino hobeto hornituta badago, norbaitek azaldu beharko luke zer dela eta garestitu daitekeen argindarraren faktura. Esku ikusezina besteen poltsikoak arpilatzen lanpetuta egongo da, izan ere, eskaintza handiagoa eta eskaria gero eta txikiagoa izanik, merkatuaren dogmaren aurka doa argiaren prezioa gero eta garestiagoa izatea.

Lapurretari aurre egin, aukerak piztu

Nola ulertu hau? Iberdrolak, Endesak, Naturgyk eta EDPk osatzen duten oligopolioak elektrizitatearen prezioa ezartzen duelako. Ikus ditzagun ordaindu ezin duenari argia mozten dioten enpresa hauen irabaziak: 2021ean Iberdrolak 3.885 milioi euroren irabazi garbia lortu zuen, Endesak 1.435 milioi euro, Naturgyk 1.214 milioi euro, eta EDPk 657 milioi euro. Zifrek erakusten dutenez, enpresa horiek mozkinak handitzen jarraitzen dute jendearentzat ezinbestekoak diren zerbitzuen kontura.

Historikoki, prezioen igoera eta bizitzaren garestitzea izan dira protesta eta altxamendu herrikoien arrazoi nagusietakoak. Argiari zergak jaistearen edo erregaiak diruz laguntzearen moduko neurrien aurrean, zer egin du oligopolio elektrikoak? Megawattaren orduko prezioa igotzea. Zer gertatu da? Diru-bilketa txikiagoa izan dela ogasun publikoentzat, irabazi gehiago enpresa handientzat, eta, azkenean, kontsumitzaileak ordaintzen jarraitzen duela biziraupen-ekonomian itota.

Premiazkoa da sektore estrategikoak berreskuratzea edo nazionalizatzea. 1985ean, Espainiako Estatuan, 130 enpresa publiko zeuden; gaur egun, aldiz, hamasei besterik ez. Publikoa arpilatzeko eragiketa horrek, enpresak merkealdian erosi zituztenentzat eta, noski, politikatik administrazio-kontseiluetara igaro zirenentzat negozio biribila izateaz gain, Estatuari merkatuan modu erabakigarrian esku hartzeko atea ixtea ere ekarri zuen. Eta horrela lortzen dute baliabide publikoak xahutzea, kontrol publikoko edozein zantzu ezabatu ondoren, herritar guztiei lapurreta eginez.

Energia sektore estrategikoa eta elektrizitatea ondasun komuna direla defendatzen dugunontzat, esku-hartze publikoa betebeharra da. Beharrezkoa da energia-enpresa publikoak sortzea, guztien ongia helburu dutenak, eta ez gutxi batzuk aberastea gehiengoaren miseriaren eta planetaren espoliazioaren kontura.

BEZa % 10era jaistea tirita bat besterik ez da. Neurri horren ondorio bakarra da gutxiago biltzen dela hezkuntza, osasuna, pentsioak edo gizarte-politikak ordaintzeko. Egin beharrekoa ez da kontsumitzaileei argiaren faktura ordaintzen laguntzea. Esku hartu behar da, oligopolio elektrikoa (edo kartela) osatzen duten lau enpresa horiei aurre egin, iruzurra pairatzen ari diren milaka eta milaka pertsonen alde eginez.

Konponbidea ezin da oinarritu honaino ekarri gaituzten eredu zaharkituak tinkatzean. Elektrizitate-kontsumoa murriztea premiazkoa da, eta desazkundea bultzatu. Irtenbidea dator energia berriztagarriko iturri gehiago azkar hedatzetik, lidergo eta kontrol publikoarekin, gardentasun osoz, eta ikuspegi ekologikoaren, demokratikoaren eta justizia sozialaren bidetik, herritarrak proiektuen parte senti daitezen eta ez kontsumitzaile hutsak.

Miren Basaldua eta David Mangado – Alternatibako Mahai Ekologista

Lapurretari aurre egin, aukerak piztu Lapurretari aurre egin, aukerak piztu

Nafarroako Alternatibaren koordinatzailea. Sesma