Ostegunean, sarean saltzeari buruzko doako jardunaldia Donostian
Ostegunean, sarean saltzeari buruzko doako jardunaldia Donostian
Negozioek ba al dakite sarea saltoki gisa erabiltzen? Galdera honi erantzuna emateko, Nortasuna Sarean jardunaldia antolatu du TaPuntuk.
Negozioak sarean murgildu eta estrategia egokiekin etekin ekonomikoak nola lortu ikasteko doako jardunaldia ospatuko da datorren urtarrilaren 26an, Koldo Mitxelena Kulturunean. Arratsaldeko 18:30ean hasita, sare sozial eta online denden inguruan lan egiten duten profesional ezberdinek negozioek sarean saltzeko ezagutu beharreko gakoak landuko dituzte, TaPuntu Kooperatibaren eskutik.
Hizlariak
4 hitzaldik osatuko dute jardunaldia, bi zati nagusi izango dituena: gakoak eta esperientziak. Gakoen zatian online alorrean berezitutako komunikazio aholkularia den Iraitz Mardariagak online saltzeari buruz hitz egingo du, eta Biantik Kooperatibako Jon Turrillasekin segurtasuna eta alde juridikoa landuko ditu.
Esperientzien zatian berriz, bi kasu erreal aztertuko dira testigantza bitartez eta modu praktiko batean,. Arrate Imaz, Loratu.com online dendaren arduradunak, sarean saltzeak ekarri dizkien aukerak azalduko ditu bere bizipenean oinarrituz. Leire Egiarte, Eguzkilore bitxi-dendako Marketin arduradunak aldiz, denborarekin nola ikas daitekeen adieraziko du, Eguzkilorek eta euren online dendak azken urteetan bizitako eraldaketan oinarrituz.
Jardunaldian zehar, hizlariei galderak egiteko tarteak ere izango dira, arratsaldeko 20:30ak arte luzatuko den saioan.
Izen-ematea
Autonomo, bere negozioak martxan jartzeko lanetan dauden ekintzaile, enpresa txiki nahiz ertainen arduradunei, zein bere erakundearen nortasuna sareratzearen ardura dutenei zuzendurik, interneten saltzera salto egiteko beharrezko diren oinarrizko ezagutza eta aholkuak eskainiko dira. Helburu garbia du antolakuntzak, enpresa edo proiektuek sarean saltzen jakitea, hau modu egokian nola egin irakatsi eta bide horretan lagundu ahal izatea.
Bertaratzeko interesa dutenek izen-ematea www.nortasunasarean.eus web-orriaren bitartez egin beharko dute. Parte-hartzea doakoa izango da eta interesa duen orori irekia da. Jardunaldia ospatuko den aretoaren espazio mugak direla eta, parte-hartzaile kopurua mugatua izango da. Hori dela eta, antolatzaileek bertaratzeko asmoa duten guztiei ahalik eta azkarren izen ematera gonbidatzen ditu.
Argazkia: Irutxuloko Hitza