Boxeoa vs futbola

Boxeoa vs futbola

Jende askori entzun diot boxeoa oso kirol bortitza dela esanez. Gogorregia. Are gehiago, boxeoa kirol bezala ez litzatekela kontsideratu behar pentsatzen duen jendea ezagutu dut. Baina ni ez naiz iritzi horretakoa. Kasik esango nuke kontrako pentsaera dudala.

Gaur egun, lehen edo bigarren mailako futbol partida bat dagoenean oso arrunta da polizia auto eta furgoi ugari egotea, seguritate maila altua izatea… Honen arrazoi nagusia zaleen arteko gatazkak kontrolpean izatea da. Guztiok dugu izugarrizko indarkeria erabiltzen duten futbol-zale taldeen berri. Denok ikusi dugu zer nolako gehiegikeriak egitera iris daitezkeen. Aldiz, boxeo jaialdi bat ospatzen denean dagoen seguritate maila ezin da konparatu futbol partiduko batekin, norgehiagoka bigarren mailakoa izan arren. Ez da beharrezkoa poliziarik egotea, boxeolarien zaleak elkar errespetatzen baitute. Inondik ez da ageri jendeak hainbeste aipatzen duen indarkeria.

Boxeoa vs futbolaBeste alde batetik, sarritan ikusi ohi da goi-mailako futbol partidetan jokalarien artean arazoak sortzen direla. Batak bestea iraindu duelako, elkar zirikatu dutelako… Kontua da tontakeria batetik sekulako borrokak sortu ohi direla futbol zelaietan. Eta egia esan, halakoak boxeo-txapelketetan ez dira inoiz gertatzen. Boxeolariek beren arerioari izugarrizko errespetua diote. Borroka hasi baino lehen eta bukatzean bi kirolariek elkar besarkatzen dute, besteari ezer leporatzeko beharrik gabe. Egia da ringean bi boxeolariak elkar oso gogor jotzen dutela, baina ez dute egiten besteari mina emateko xedearekin, baizik eta diren bezain onak erakusteagatik, beren teknika, estiloa eta gaitasunak frogatzeko. Kirol gogorra. Baina noblea. Azpijokorik gabea.

Esaten dudana ez dut esateagatik esaten. Are gutxiago nonbaiten entzun dudalako. Esaten dudana bizi izan dudalako esaten dut. Zazpi urte egon naiz futbol talde on batean jokatzen. Eta bertan ikusi ditut kontatutako ekintza guztiak. Jokalarien arteko irainak, zaleen (nire kasuan zenbait gurasoren) errespetu faltak… eta halakoak. Gaur egun boxeatzen  ari naiz eta daramadan denbora guztian ez dut inolako arazorik izan inorekin. Jendearen artean erakusten den errespetua itzela da. Futbolean inoiz bizi izan ez dudana.

Boxeoa vs futbola