Osasungintzaren digitalizazioa denon osasuna hobetzeko

Osasungintzaren digitalizazioa denon osasuna hobetzeko –

Osasungintzaren digitalizazioa denon osasuna hobetzekoHemen da berriro ere OEEren biltzarra. 29. aldia duen honetan Gasteizera itzuli da, eta aurtengo gaia, “Osasungintza berria? Bere jardunetik ikasten duen osasun-sistema”, punta-puntakoa da, guztiz lerrokatua gizarteak gero eta ozenkiago eskatzen duenarekin: osasun-sistema eraginkorra, efizientea eta helburutzat zero kalte duena.

Horretarako, azken hamarkadan tresna oso indartsu bat sortu da: osasun-jardueraren digitalizazioa, hain zuzen ere. Baina, oraingoz, ez dakigu nola aprobetxatu tresnak duen ahalmen guztia. Egunero elikatzen dugu milaka –milioika– daturekin, baina kasu gehienetan sistema informatikoan geratzen dira inork erabili gabe.

Bere jardunetik ikasten duen osasun-sistema hiru zutabeetan oinarritzen da: a) ezagutza denbora errealean sortu eta aplikatzean; b) pazienteak, familiak eta komunitateak inplikatzean; c) balio handiko zainketak lortzea eta saritzea.

Hiru zutabe hauen elementu nagusienak azaltzeko, biltzar honetako mahai-inguru bana izango dugu, bertan Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako adituek gaiok jorratuko dituzte egoera praktiko eta errealak erabiliz. Hiru mahai-ingurukoetan hurrengo galderei erantzungo zaie:

1) Zer ahalegin egiten ari da informazio hori ezagutza bihurtzeko, eta ezagutza hori erabakiak hartzen diren lekuetara itzultzeko, kontsultetara, ospitaleetara, kudeatzaileen bulegoetara?

2) Zer akats errepikatzen da gehien, zer motatakoek eragin diezaiekete kaltea pazienteei? Adibidez, gaindiagnosia, interbentzioen preskripzio desegokia, profesional edota zentroen artean ikusten diren aldeak…

3) Nola ikusten dute pazienteek –gizarteak– eskaintzen diegun asistentzia?

Aldez aurretik, testuinguruan kokatzeko, gure osasun-alorreko informazio-sistemaren gaineko ikuspegi orokorra emango dugu, eta ikasten duen osasun-sistema horretara hurbiltzeko nolako bidea egin genezakeen aztertu.

Horrez gain, tailer interaktiboa izango dugu depreskripzioari buruz, denon ahotan
–baina ez denon jardunean– dagoen arazo garrantzitsu bat. Helburua gutxiagorekin eraginkorragoa izatea da.

Beti bezala, denon parte-hartzea behar-beharrezkoa dugu, eta 9 komunikazio izango ditugu, 6 ahozko eta 4 poster formatuan.

Biltzarrari merezi duen amaiera emateko, Guillermo –Willy- Roa Zubiak, kazetari ezagunak –Elhuyarren Norteko ferrokarrila programaren kazetaria– bere ikuspuntua emango digu.

Bukatzeko, azpimarratu nahi dugu lehenengo aldia izango dela, seguruenik, hain abangoardiazkoa den gaia jorratuko dena Euskal Herrian egingo den biltzar batean; eta euskaraz, erdaraz baino lehenago.

Biltzarra Gasteizko Europa jauregian egingo da, martxoaren 22 -goiz eta arratsaldez- eta 23an goizean. Informazio gehiago eskuragarri dago gure web orrialdean.

Felipe Aizpuru Barandiaran (OEEren izenean)
Osasungintzaren digitalizazioa denon osasuna hobetzeko Osasungintzaren digitalizazioa denon osasuna hobetzeko

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude