Ordenagailuarekin hitz egitearen ametsa
Ordenagailuarekin hitz egitearen ametsa
Teknologia ardatz duen Sarean.eus ataritik, “Chatbot edo elkarrizketa bidezko programak: lortu dugu ordenagailuekin hitz egitearen ametsa?” izeneko sarrera jaso dugu. Antza, konputadoreekin komunikatzeko modu berri baten atarian gaude: berbaz.
1997 da eta telebistan Friends ikusten ari gara. Atal honetan Pete Becker izeneko pertsonaia ageri da, informatikarekin aberastutako morroskoa, Bill Gates edo Steve Jobsen tankerara. Gau horretan zita bat dauka Monicarekin eta hura liluratzearren bere enpresaren azken berrikuntzak kontatzen dizkio, tartean, ordenagailuekin hitz egiteko aukera garatzen ari direla.
“Aurki, edozer esan ahalko diozu zure ordenagailuari eta ulertu egingo zaitu. Garbitu ontziak, adibidez, edo pasa xurgagailua. Ez da lan horietako bakar bat egiteko gai izango baina ulertu egingo zaitu”. Balio dezala txisteak chatbot edo elkarrizketa bidezko programei buruz hitz egiteko. Izan ere, hementxe daukagu Peter Beckerrek iruditutako etorkizuna.
.
Interfaze berritu bat, funtsean
Horixe dira chatbot programak. Ordenagailuei nahi dieguna komunikatzeko beste modu bat. Duela hamarkada batzuk, ordenagailuari agindu bat emateko modu bakarra agindu horiek idaztea zen. MS-DOS sistema eragilearen garaiak ziren eta agindu horiek erabiltzen ikasteak lan handia eskatzen zuen.
Ordenagailuak gutxi batzuen tresna izateari uzteko bidean erabakigarria izan da gaur egun oraindik erabiltzen ditugun interfazeak: botoiak, karpetak, menuak… Saguarekin erabiltzen genituen lehen eta atzamarrekin orain baina, funtsean, interfaze horiek gutxi aldatu dira azken urteotan, chatbot-ak agertu diren arte. Orain bai, orain ordenagailuei aginduak emateko modu berri bat garatu dugu eta litekeena da jauzi teknologia handiago baten atarian egotea.
.
Pentsa zenbat kostatzen zaizun orain zinemarako sarrerak erostea
Sarrerak saltzen dituen webgunera iritsi behar gara; aretoa, filma, ordutegia eta bestelakoak aukeratu behar ditugu eta ordaindu egin behar dugu, kreditu-txartelaren datuak idatzita, normalean.
Pentsa zer izango litzatekeen telefonoa hartzea, Whatsappen edo Telegramen sartzea eta “zinemara joan nahi dut esatea”. Geolokalizatutako aukera hurbilenak entzungo edo ikusiko genituzke pantailan, guk normalean aukeratzen ditugun aretoak kontutan hartuta. Eta hurrengo agindu guztiak, ze pelikula eta ze ordu, adibidez, hitzez botako genituzke. Telefonoak galdetuko liguke aukeratu dituen eserlekuak gustuko ote ditugun eta baietz esatearekin aski. Jakingo luke nola asmatu, normalean non esertzen garen gogoratuko lukeelako.
Horixe da datorren iraultza. Eta normala da etortzea, gainera.
.
Izan ere, zer da hitz egitea edo entzutea baino errazagoa eta naturalagoa?
Elkarrizketa bidez. Horrela komunikatzen ditugu gure desioak, aginduak, eskariak edo protestak. Ordenagailuekin komunikatzeko beste modu batzuk garatu baditugu beharrak bultzatuta izan da, ez baitzuten guk esandakoa ulertzeko gaitasunik. Saiakera asko egin dira bide horretan –Friends-en hasierako txiste horren erakusgarri–, baina ez da posible izan. Orain arte.
.
Zer aldatu da?
Aurrerapen ikusgarriak egin dira, hainbat alorretan. Lehenik eta behin, adimen artifizialak aspaldi utzi zion zientzia fikzioa izateari eta ohiko tresna bihurtu da informatikan zein beste hainbat alor zientifiko eta teknikotan. Pentsa, ia hogei urte joan dira ordenagailu batek munduko xake jokalaririk finenak baino hobe jokatu zuenetik! Bestetik, Telegram edo WhatsApp moduko mezularitza zerbitzuak agertu dira. Edonon erabiltzeko aukera emateaz gain, geolokalizatuta eta identifikatuta mantentzen gaituzte. Eta informazio asko ematen diegu, etengabe erabiltzen ditugulako.
.
Google, Apple eta Amazon
Hirurek erabaki dute chatbot-en munduan sartzea. Eta horietako bakar batek erabaki garrantzitsu bat hartzen duenean belaunaldi oso baten ohiturak moldatzeko eta finkatzeko gaitasuna baldin badu, pentsa hirurek bide bera hartzeak izan dezakeen eragina.
Merkatuak eta teknologiak izango dute azken hitza baina enpresek egin duten haien apustua eta hortxe ditugu dagoeneko Google Now, Siri eta Amazon Echo, Sareko erraldoienen lehenbiziko chatbot-ak.
- Siri eta Google Now: “Zure desioak, bere agindu”. Horixe da Applek Siriren propaganda egiteko erabili duen leloa. Gehiegi esatea litzateke baina esaldiak balio du programaren ezaugarri nagusia saltzeko: “normal” hitz egin ahal zaio, lagun bati berba egiten zaion moduan, eta nahi duguna bilatzen lagunduko digu. Alegia, gose bagara, ez diogu programari “bilatu jatetxea” esan behar, naturalago jardun dezake eta “Siri, non bazkaldu dezaket?” esan edo “Siri, jatetxe txinatar batera joan nahi dut”. Google Now antzekoa da. Zer nahi diozun bilatzen du eta –hona Google etxeak saldu nahi digun ezaugarria– eskatu gabeko informazio erabilgarria ere zure eskura jartzen du. Nonbaitera bidaian bazoaz, esate baterako, eguraldiaren edota trafikoaren berri emango dizu. Izenak berak dio: orain, now zer behar duzun, hortxe egon nahi du Googlek, dakien guztia zure eskura jartzeko. Eta aspaldi dakigu ia den-dena dakiela.
- Amazon Echo: Etxetresna bat, horixe da Amazonen chatbot gailua beste ezer baino lehen. Zilindro itxurako mikrofono edo bozgorailu moduko bat da eta Amazonek nahi duen moduan erabiliko bagenu hortxe eukiko genuen, etxean edo lanean, geure ondoan, esaten dioguna edozein unetan entzuteko eta betetzeko prest. “Alexa, Erosketa zerrenda zabaldu eta apuntatu esnea”, “Alexa, jarri musika lasaia”, “Alexa, bihar bilera bat daukat: apuntatu egutegian, 10.00etan bulegoan”. Gisa horretako aginduak eman ahal dizkiogu Sareko beste guztiek imitatu nahi duten Amazon Echo-ri. Alexa esan eta geure esanetara daukagu.
- Sherpa: Izen hori dauka Euskal Herrian garatutako lehenbiziko chatbot honek. Samsung telefonoetan aurki daiteke, esate baterako, eta garai batean Ipar Kutxaren webgunean ere aurki zitekeen, LABORAL Kutxaren jaiotza baino lehen. Xabi Uribe-Etxeberria bere sortzaileak kontatzen du bideo honetan nola funtzionatzen duen: erabiltzailearen bilaketak eta jarduera ikasi egiten ditu (bere futbol taldeari dagozkionak, adibidez) eta horien arabera ze informazio nahi lezakeen asmatzen du (hurrengo partida, emaitzak…) eta eskaini egiten dio.
.
Besterik ere badago
Mezularitza zerbitzuetan ere hasi dira agertzen lehenbiziko chatbot edo laguntzaile hauek. Eta gero eta gehiago ikusiko ditugu, han eta hemen. Adibide bat, Eduardo Manchon ekintzaileak sortu duena. Zer interesatzen zaizun kontatzen diozu programari (albiste bat, eguraldia, trafikoaren informazioa…) eta alor horretan edozein berrikuntza edo albiste suertatzen denean push up gisako alerta bat jasotzen duzu.
Orain arte garatu dituen sistema guztiekin alderatuta chatbot-en munduan lan egitea jurasikotik Aro Modernora pasatzea dela idatzi du Manchonek. Iraultza izugarria datorrela dio, kontrakoa uste duten asko badira ere. Eta berea iritzi bat baino ez da, jakina, baina Manchon ez da edonor: berak eta beste lagun batek sortu zuen Panoramio, Google Earth eta Maps-en zerbitzuak mundu osoko argazki geolokalizatuekin hobetzen dituen aplikazioa, Google berak 6 milioi eurotan erosi zuena.
.
Eta euskaraz?
Euskararentzat ia erein gabeko eremua da, momentuz, chatbot edo elkarrizketa bidezko programena. Ingelesez garatu dira Siri, Amazon Echo eta Google Now eta ama hizkuntza horretaz gain gaztelaniaz edo frantsesez ozta-ozta ikasi dute baina zaila da pentsatzea epe ertainean euskararen gisako hizkuntza gutxiturik ikasiko dutenik.
Ordenagailuarekin hitz egitearen ametsa Ordenagailuarekin hitz egitearen ametsa
Ordenagailuarekin hitz egitearen ametsa Ordenagailuarekin hitz egitearen ametsa