Non dago Artola?

Non dago Artola?

Non dago Artola?Bilaketa eremua pixka bat mugatzearren -baita lekuko eta bilatzaile posibleen multzoa ere-  esan dezagun Artola ikusi zuten azken aldian liburu batean zegoela. Literatur liburu batean. Euskal literaturako batean, 2015ekoa. Ipuin bilduma. Azken ipuinean. Bildumaren izenburu berekoa.

Juan Luis Zabalak kazetaritza utzia zuela irakurri nuenetik kezkatuta nengoen, aurtengo lehen EGAN iazko liburuen zerrenda gabe iritsiko ote zen.  Areago ohiko puntualtasunaz iristen ez zela ikusita.

Zorionez, azkenean iritsi zen, uztail amaieran. Zerrenda barne (milesker, Juan Luis). Zenbat eleberri, berriz ere (26, Peillenena behin bakarrik zenbatuta). Zenbat hondakin, estolda, déchet eta zabor (izenburuetan motibo hori nagusitu delako diot; ez beste ezerengatik, benetan).  Ipuin liburuak ere azken urteotako kopuruan (14). Poesia, berriz, aise gutxiago  (14; barkatu saiakeren zakukoa zenbatzen ez badut).

14 liburukoa da, hain juxtu, urtero  gutxienez irakurri beharreko nire erronka (bat hilabeteko, gehi bi extra).  Lasaituta ikusi nuen hiru baino ez zitzaidala falta, gehi irakurtzen ari nintzen liburuko azken ipuinak. Kontua da abuztuan garela jada, eta zorren zorroan baditudala 2014 eta 2013ko pare bana, gutxienez (ezin buelta eman Moroak gara eta Martutenerekin pilatu nuen atzerapenari).  Eta irailean hasiko direla  2016ko zaparradak.

Eta ni EGAN irakurtzen denbora galtzen (aldizkariek ez dute kontatzen).

Orduan ikusi nuen Artola.

Zulo batean bahituta zegoen. Ipuin batean, esan bezala. Euskal idazle aski ezagun batena. Puntakoa ez esateagatik -buztana non dagoen kontutan hartuta-.

Ez da bere ipuin liburu onena, baina -presaka baina- gustura irakurri dut. Harritzen naiz hain kritika gogorrak jaso izana, ohiko iruzkin onberen aldean. Iazko ipuin liburu onena ere ez da. Nire iritziz, beti ere. Nire gusturako -aspaldi zor nion aipamentxoa-, Urzelairena.

Kontuak kontu, zer nolako iritziak, nireak? Idazle horren sei ipuin liburuetatik zenbat irakurri ditut? Hau bigarrena. Iazko 14etatik zenbat ? Hiru. (Tira, iazko uzta baloratu zuten Sautrelan inpresioa hartu nuen “aditu” batzuk ez zirela irakurriagoak). Bi gehiago ere baditut itxoin zerrendara apartatuta. Ez dut izenik aipatuko, inor baztertuta senti ez dadin. Baztertuago.

Nor da, bada, Artola?

Ikusi zuten azken aldian kazetaria zen.  Zulo batean bahituta, esan bezala. Ipuin batean. Halere, ez zen ipuineko pertsonai bat izatera iristen. Bere izena ez zen aipatua izatera ere iristen. Zulo hartara halabeharrez irristatua baino ez.

Idazle izandakoa ere bazen. Eta idazle izatekoa. Gaztetan poema liburu bat argitaratua, ia denen oharkabean pasatu zena. Udako agorraldian bekario batek betelanean egindako elkarrizketa bat kenduta. Desagertu zenean -ia denen oharkabean hori ere- bere opus magnuma bukatzen ari zen. Ipuin liburu horren izenburu berekoa.

Tamalez, ez du bukatuko. Zulo horretan bahituta zegoela, heriotzaren zain,  patu are ilunago bat zuen esperoan. Izenburuaren neurrikoa.

Heriotzak, behintzat, bigarren aukera bat emango ziokeen bere lehen liburuari. Eta udaldeko elkarrizketa hari. Eta oihartzun handia bere opus magnumari. Eta Aitor Artola izena, apika, erakunde ofizial edo gobernuz kanpoko bati. Euskal literaturaren ertzera pateran iristen direnei laguntzekoa edo. Lanpostu lapur, parasito eta literrorista potentzialak izan arren.

Non dago Artola?Edo adar jotze bat da Artola?

Susmo konspiranoikoari ezin bizkarra eman. Eta Artola amu bat baino ez balitz? Idazleak nahita utzita hor, editorearekin batera konfabulatuta, auskalo zer salatu edo demostratu nahian.

Atzera jo dut, aurreko ipuinetara, ea haietan ere Artola agertzen den. Izen horrekin edo beste batekin. Lehen errepasoan ez dut topatu. Idazlearen aurreko liburuetan miatuko dut gero.  Etxean ditudan bietan, gero etxeko liburutegira jo beharko. Irakurriak ditudan hango bi liburuetan, lehenik, eta gero itxaron zerrendan nituenetara…

… Artola fundazioa ez badator irakurle honen erreskatean. Bartzelona futbol taldea erreskatatu eta gero, apika (Zabalaren azken liburua gainbegiratu baino ez dut egin).

Non dago Artola?
artola, euskal literatura, hegan, juan luis zabala, urzelai

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude