Munduko mapa interpretatzeko modu desberdinak planteatu ohi dira. Ezagunena Mercatorren proiekzioa da, baina badira bestelako aldaerak ere. Gogoan dut Elhuyarrek duela urte batzuk Petersen proiekzioa argitaratu zuela, munduaren errealitate kartografikoaren ohiko ikuspegia baino errealagoa den beste bat zabalduz.
Munduko mapa ikuspegi desberdinekin aztertu daiteke: azalera, populazioa, BPGa… Baina, zer gertatzen da munduko maparen proiekzio digitala domeinuen ikuspegitik egiten badugu? Jakina den moduan, Interneteko domeinuak bi multzo handitan sailka ditzakegu: gTLD moduan ezagun diren domeinu generikoak (.COM, .NET edo .EUS esaterako), eta, herrialdeei dagozkionak, ccTLD moduan ezagunak (.ES, .FR, .EU, edo .UK besteak beste). Azken hauek bi karaktereko domeinuak izan ohi dira, eta herrialdeentzat gordetzen dira ISO 3166 zerrenda jarraituz. Kuriositate moduan, .EH domeinua bertan dago jasota, baina Mendebaldeko Saharari dagokio.
Herrialdeen domeinuak oinarri hartuta, Nominet enpresak ariketa interesgarri bat burutu du: ccTLD domeinuen erregistro bolumenean oinarrituz munduko maparen proiekzioa sortu du, eta hemen duzue emaitza:
Mapa honek mundua erakusten digu ccTLD domeinuen erregistro ikuspegia kontuan hartuta. Kanpoan gelditzen dira .com bezalako domeinu nagusiak, eta argazkia lurralde bakoitzaren domeinu ofizialaren sarbide mailara mugatzen da. Baina bertan ikusten da adibidez Alemanian .DE domeinuak duen bolumen izugarria, edo Txinako kasuan nahiko bat datorrela herrialdearen tamaina eta .CN domeinuaren presentzia. Estatu Batuen tamaina, aldiz, sinbolikoa da, .US domeinuak ez duelako han .COM domeinuak duen adinako pisua. Herrialdeen arteko arrakala digitala ere nabarmen ageri da, Afrika edo Hegoamerikako herrialdeetako domeinuen neurri txikia agerian utziz. Zorionez, hori ere pixkanaka aldatzen doa. Esaterako Hego Sudanek .SS domeinua abiatu du berriki, eta ccTLDa ez izan arren ezin ahaztu .AFRICA domeinua ere duela urte gutxi merkaturatu zela. Ikuspegi hau Internetek lurralde bakoitzak dituen erabiltzaileen maparekin alderatzea interesgarria litzateke, aldaketak non egon daitezken ikusteko. Baina kasu honetan ere, zoritxarrez, arrakala digitala nabarmen ikusiko da.
Nominetek landutako mapan, ordea, domeinuen merkatuan gertatzen den beste bitxikeria bat ere ageri da: bi karaktereko domeinu guztiak herrialdeei dagozkien arren, badira kasu batzuk enpresen esku gelditu direnak. Esaterako, pazifikoko uharte batzuk Tokelau (.TK) edo Tuvalu (.TV) adibidez, nahiago izan dute beraien TLDaren salmenta eskubideak enpresa pribatuen esku utzi eta trukean jasotzen dituzten etekin ekonomikoak herriaren onurarako erabili. Ondorioz, ikus daiteke .TK domeinuaren neurri izugarria ez datorrela bat Tokelauk duen biztanle kopuru edo tamainarekin. Domeinu hori doan eskuratu daiteke, eta, ondorioz, Txinako .CNren pareko arrakasta du sarean. Badira kontrako kasuak ere. Esaterako Niue uharte-nazioaren .NU TLDa enpresa pribatu batek kudeatzen zuen, baina gobernuak 2020an ICANNekin prozesu bat jarri zuen abian domeinuaren kontrola berreskuratzeko.
Ez da espero ccTLDak oinarri dituen munduko mapa digitalean aldaketa askorik egotea, baina batzutan kanpoko faktoreek eragiten dute: iaz, Laoseko .LA TLDa %341 hazi zen Los Angeles hiri estatubatuarreko enpresak domeinu hori erabiltzen hasi zirelako. Denborak esango digu nolako eboluzioa duen mapa honek.
Munduaren mapa digitala