Kataluniako Principat, beti da berandu

Kataluniako Principat –

Asko kostata, baina azkenean Principateko katalanek badute gobernu autonomikoa, ERC buru delarik, independentzia eskuratzeko estrategia amankomunik gabe, ordea.

Kataluniako Principat
Arg: Antonio Gil

Arraroa egiten da hau idaztea 2017ko udazken errepublikanoa ezagutu eta gero, izan ere, orain lau urte inork ez zukeen esango katalanen egoera politikoa hau izango zenik. Esaterik baldin badago, beste zerbait espero genuen, behar bada gure txandaren zain, gauzak nola egiten diren behingoz ikasita.

Luze joko luke aldaketa kopernikar honen azalpena zehazteak, eta bakoitzak bere balorazioak egingo ditu gertatutakoaz, norberaren posizioen arabera. Edozein moduz, pare bat hitzetan laburtzeko ausardiarekin, esan daiteke katalanek gerorako utzi dutela independentzia, iritziz hau ez dela momentu egokia; eta, ondorioz, politika autonomikoa egitera itzuli dira. Hori da dagoena, publikoki esandako hitzak beste batzuk diren arren. Pere Aragonesek, inbestidurako diskurtsoan: «Presento la meva candidatura a la presidencia de la Generalitat per fer possible la culminació de la independència de Catalunya». Ez du esaten nola, ez du zehazten noiz, ez du azaltzen zerk egiten duen posible.

ERCko presidente Oriol Junqueras argiagoa izan da: «Hemendik hamar edo hogei urtera»; eta David Fernández CUPeko parlamentari ohiak: «Botoen %52a ez da nahikoa independentzia aldarrikatzeko». Ematen du batak zein besteak uste dutela independentziara iristeko, adibidez populazioaren %60ra edo %70era iritsi beharko dela; hau da, Mendebaldeko demokrazietan sistemak aldatzeko indarrean dagoen portzentajeak zehaztasunik gabe luzatuz. Nork daki nola iristen den portzentaje horretara? Hauteskundez hauteskunde botoak metatuz. Eta nork ziurtatzen du metatzen diren boto horiek, metatzen badira, independentziaren aldekoak direla, eta ez autonomian jarraitzearen aldekoak? Ez dago modurik… Adibide bat jartzearren, nork sinisten du EAJk dituen boto-emaile guztiak EAEn gehiengoa duen partidu nazionalista horrek Aberri Egunetan, lotsarik gabe eta argi asko, aldarrikatzen duen independentziaren aldekoak direla?

Eskerrak nazioen askapen-prozesuetan demokrazia disruptiboak funtzionatzen duela. Autonomiatik independentziara salto egiteko eten bat dago; ez dago pasabide goxorik, jauzi egin behar da; ez dago gauzak ondo aterako diren ziurtasunik, saiatu egin behar da, erabaki eta moztu. Jauzi egiten denean une fundazional bat egon ohi da, zeina denboran mantentzen jakin behar den, arrakasta izatea nahi baldin bada. Eten eta jauzi hori gabe beti izango da berandu, sekula ez da momentu egokia izango.

Errazena, zail-zaila izan ohi den arren —gogoratu besterik ez dago nola iritsi ziren Principateko katalanak 2017ko urriaren 1ean erreferendumera—, errepublika aldarrikatzea da, Principateko katalanek 2017ko urriaren 27an egin zuten bezala; eusten jakitean dago koxka. Principateko katalanei segundo batzuk iraun zien errepublikak, aldarrikatu ahala izoztu baitzuten, hainbat modutan eta hainbat arrazoiren bidez azaldua izan den bezala: denetan argiena, estatuaren bortizkeriarekiko beldurra, Estatu Espainolak egin zezakeen txikizioarekiko beldurra.

Une fundazional hori, sinbolikoki bederen, desegin berri da: izan ere, Carles Puigdemontek exiliora jo eta 155ekoak autonomia gidatzera sartu zirenez geroztik hutsik zegoen, eta Quim Torrak hutsik mantendu duen bulegoa okupatuko du Pere Aragonesek; eta, zantzu guztien arabera, Puigdemont gero eta isolatuago mantentzen saiatuko dira agintari berriak. Ez dirudi seinalerik onena…

Ba omen dago aurrera egiteko formula: estatu bortitz horrekin berberarekin negoziatzea, harekin amnistia eta autodeterminaziorako erreferenduma adostea. Hau ez da berria, badakigu: Principateko katalanek beti hobetsi dute negoziazio-bidea, aldebakartasunaren aldean, askoz sinpleagoa baita. Modu askotan aitortu du Junquerasek berak eta atxilotu politiko guztiek. Bi urteko epea dauka ERCk, edo nahi bada Principateko alderdi independentziazaleek, estatu espainolak negoziatu nahi duela demostratzeko, nik behintzat ez baitut dudatan jartzen partidu horiek erreferenduma eta amnistia nahi dutela. Sinistea libre da, eta antza denez ez dago froga nahikorik esateko estatuak ez duela nahi ERCk, JxC-k , CUPek eta beste batzuek nahi dutena, nahiz eta Salvador Illa oso argia izan zen inbestidura-saioan: «Ez duzue lortuko, eta zuk ere badakizu».

Edozein moduz, auskalo zer gerta daitekeen bi urtetan. Katalan batzuek diote estatuak beti hanka sartzen duela, eta huts horiek jendearen indarra (el carrer) sendotzen dutela; horren zain daude batzuk, estatuak noiz laprast egingo, noiz murriztuko dituen eskubideak, noiz sakonduko duen errepresioan, nola saiatuko den negoziazioaren esanahia husten; eta beste zentzu batean, Europako Auzitegiek noiz ipiniko dituen ostera erridikuluan estatu espainolekoak.

Hala izan dadila, berrabiatu dadila prozesua nonbaitetik, guztion hobe beharrez.

Kataluniako Principat Kataluniako Principat Kataluniako Principat

Pentsionista euskaltzalea