Mugikorrak, beharrezkoak ala kaltegarriak?
Mugikorrak, beharrezkoak ala kaltegarriak?
Gaur nire arreba txikerraren urtebetetzea izan da eta beste edonori bezala opariak eman dizkiote eta denok zoriondu dugu. Baina, gurasoek oparitu diotena ikusi dudanean amorru eta tristezia sentimendu nahasketa bat sumatu dut. Sekulako mugikor moderno horietako bat zen, ia-ia sakelan ere sartzen ez den horietako bat.
Arrazoi ugari ditut nire sentsazio nahasketa negatibo hori justifikatzeko. Lehenik eta behin esan behar dudana da, sentitu dudan narritadura hori ez dela nire arrebak eragindakoa izan, baizik eta nire gurasoek tramankulutzar hori oparitu izanak. Kontua da egunero nire gurasoek errieta egiten diotela nire arrebari mugikorrarekin pasatzen duen denbora luzeagatik eta lanean ibili beharrean pantailatxoari begira egoten delako. Gauero entzuten ditut biak elkarren artean kexuka hori dela eta. Baina, bere urtebetetzea iritsi eta halako bat oparitzen diote. Ironikoa benetan…
Gaur egun, mugikor txukun bat izatea derrigorrezkoa ez, baina, oso erabilgarria dela aitortu behar dut, funtsezkoa. Elkarrekin komunikatzeko izugarri erosoak dira teknologia berriak eta arazoren bat izatekotan, adibidez ikasteko orduan, asko errazten dute arazoa konpontzeko bidea. Aitortzekoa da ere, gailu hauek argazki liluragarriak egin ditzaketela, aplikazio oso erabilgarriak dituztela, jolas oso interesgarriak deskargatzeko aukera ematen dutela… baina nire ustez ez dira telebistako iragarkietan margotzen dituzten bezain bikainak.
Gazteek gehiegi erabiltzen ditugula uste dut. Egunero ordu dezente mugikorrarekin igarotzea arrunta da gaur egun, baina oso kaltegarria nire ustez. Ez gara konturatzen gure inguruan gertatzen diren gauzetaz, gure pantailatxoan murgildurik. Gehiegizkoa da mugikorrei, sare sozialei eta halakoei ematen diegun garrantzia, eta kalean ingurugiro errealean egon beharrean pozik egon ohi gara telefonoari begira.
Horrexegatik, neure iritziz denok egin beharko genukeena da mugikorraren erabileraren denbora murriztea eta teknologia gabeko entretenimendu bati ekitea. Modu honetan ez gara sartuta egongo mundu birtual horretan eta “like” batengatik poztu beharrean benetako gauzei esker lortuko dugu alaitasuna.