Mitzuli: Androiderako itzultzaile librea
Kanpotar bat hurbildu da zugana. Edo zu, kanpotar, bertakoren batengana hurbildu zara. Solasean hasi zarete, baina haren hitzek ahuntz-erdara dirudite zure belarrira, eta ez dirudi hark ere piperrik ulertzen dizunik. Keinuka has zintezke, baina poltsikotik tramankulu bat atera, hari hitz egin, eta asmakizun xelebreak zuk esanikoa errepikatzen du zure solaskidearen hizkuntzan.
Stark Trek telesail mitikoak XXII. mendearen amaieran irudikatu zuen bidaiari ororen ametsa dena. Ia bi mende lehenago, estralurtarren bisitarik ez genuen jasoko beharbada, baina, fikzioa fikzio, eta oraindik ere perfekziotik urrun egonagatik, egungo teknologiak posible egiten du halako zerbait. Zuk ere etorkizunari aurre hartu nahi badiozu, aplikazio berri bat aurkezten dizugu, zure mugikorra tramankulu miragarri hori bihur dezazun.
Mitzuli du izena, eta Androiderako itzultzaile automatiko bat da. 50 itzulpen-noranzko baino gehiago eskaintzen ditu, eta haien artean protagonismo berezia dute baliabide urriko hizkuntzek, izaera komertzialeko produktuek albo batera utzi ohi dituztenek. Horren erakusgarri, tartean aurkitzen dira Iberiar penintsulako gehien-gehienak: portugesa, gaztelania, katalana, galiziera, asturiera, aragoiera, okzitaniera eta, nola ez, euskara.
Testu bidezko itzulpena ez ezik, Mitzulik ahots bidezko sarrera/irteera ere eskaintzen du, arestiko pasartean bezala telefonoari hitz egin eta hark zuk esanikoa gura duzun hizkuntzan errepika dezan. Eta kartel, menu edo egunkari bat itzuli nahi duzula? Kamera bidezko itzulpenari esker, nahikoa izango duzu aurrean daukazunari argazki bat ateratzea bertako testua itzultzeko!
Telefonoarekiko elkarrekintza naturalaz gain, Mitzuliren beste berezitasun bat offlineko modua da. Badakigu datu-tarifaren bat kontratatua izango duzula ziurrenik, baina, atzerrian, hain justu ere itzultzaile baten beharrik handiena daukazunean, roaming-aren prezioek luxu hutsa egiten dute Internetera konektatzea. Zorionez, hori ez da arazo Mitzulirentzat, sare-konexiorik gabe ere lan egiteko gai da eta. Beste itzultzaile batzuek ez bezala, gainera, offlineko moduak onlineko moduaren kalitate berbera eskaintzen du, eta kamera bidezko itzulpena eta beste zenbait ezaugarri aurreratu ere eskuragarri daude!
Halako zerbait garestia izango delakoan? Bada, berri onak dauzkagu zuretzat; baliotsua izanagatik, Mitzulik ez du ezer balio! Are gehiago, doakoa izateaz gain, Mitzuli software librea ere bada. Beste hitz batzuetan, aplikazioaren iturburu-kodea, Mitzuliren tripak, edonoren eskura daude; nork bere beharretara egokitu, hobekuntzak egin eta aldaketa horiek guztiak modu askean partekatzeko aukera ematen du. Filosofia horren isla, Mitzuli bera hainbat proiektu libretan oinarritzen da: Matxin darabil gaztelaniatik euskararako itzultzaile modura, Apertium gainerako hizkuntza-bikote gehienentzat, Tesseract OCR motoretzat, OpenCV eta Leptonica OCR aurreprozesurako… Guztion eskura dagoen teknologia harrigarri horren gainean eraiki dugu Mitzuli, eta guk ere guztien eskura uzten dugu gurea, gerora etorriko direnek are gauza harrigarriagoak egin ditzaten!
Zuk ere hau guztia eta are gehiago egin dezakeen itzultzaile bat nahi baduzu sakelan, Google Play-tik deskargatu dezakezu Mitzuli, eta, informazio gehiago izateko, aplikazioaren webgunera jo dezakezu.