Amodio matxinoa Heriotzaren Izarrean

Jakina da Star Wars Eguna atzoko egunez, maiatzaren 4an, ospatzen dela mundu osoan zehar, George Lucas-ek zinemarako sortu zuen mundu miresgarriaren jarraitzaile sutsuenek horrela bultzatuta. Ingelesez “May the fourth” (maiatzaren 4a), “May the Force (be with you)” esatea baita, (“Indarra zurekin bedi!”); Izarretako Gudetako film saldoak historiarako utzi duen esaldirik ezagunena.

Alde ilunetik kontraerasoa jo dute baina, eta orain hamar urtetik hona Sith-en zaleek -2005ean “Star Wars (Episode III): Revenge of the Sith” estreinatu zenetik- Sith-en zaleek maiatzaren 5a dute, “May fifth”, beren eguna. Eta gu beti alde ilunean izan garenez… gaur dugu mendeku eguna!

Eta mendekua gure modura gauzatzeko, “Love Wars” dakarzuegu: “Heriotzaren Izarraren barruan bi soldadu inperialek matxinada propioa bizi dute”:

“Star Wars”-eko fikziozko unibertsoan Stormtroopers edo soldadu inperialak Inperio Galaktikoaren eraso tropa dira. Burdin-jantzi zuria daramate eta galaxian ordena mantentzeko zeregina dute.

Death Star fikziozko estazio espaziala da, “Star Wars”-en hirutan agertu dena, “A New Hope” -suntsitu egiten dute-, “The Return of the Jedi” -eraikitzen dabiltza- eta bi hauen aurreko denborak agertzen dituen “Revenge of the Sith” filmean. Esfera gris argi ikaragarri handia da; ilargia beste!

 

Amodio matxinoa Heriotzaren IzarreanLGTB zinemaldietan saritua
Vicente Bonet zinemagileak 2012an burutu zuen “Love Wars” film laburra, bi soldadu inperialei (Pablo Bellver eta Pepe Torres) ahotsak jarrita (Iván Jararera eta Jordi Sánchezena). Gidoia Bonet berak idatzi zuen Fiana Marínekin batera, eta ekoizpenaren ardura Héctor Alabadírena da.

Zientzia fikziozko film laburra ez da lau minututara heltzen eta jatorrizko bertsioa gaztelerazkoa da, ingelesezko azpitituluekin. Guk euskarara ekarri dugu.

Film laburrak sariak lortu izan ditu, besteak beste Espainiako X. Notodofilmfest jaialdian (film laburrei eskainia), eta Argentinan (Festival Internacional de Cine sobre Diversidad Sexual y Género, Libercine) zein Panamako (Festival Internacional de Cine Gay, Lésbico, Bisexual y Trans, LesGayCinePty) jaialdietan. Izan ere, LGTB zinemaldi askotan proiektatu izan dute; baita genero fantastikoari eskainitako zinemaldietan ere (Sitges-eko sonatuan, esaterako).

Europan (Serbian, Italian, Alemanian…),  Amerikan (Kanadan, Txilen, Brasilen…), Ozeanian (Australian) eta Asian (Indian); kasik mundu osoan izan da  lehian.

Gurean, Iruñean eta Pasaiako Ikuskan ez ezik Bilboko Zinegoak eta FANT jaialdietan. Eta orain, ZUZEU-n.

 

"Love Wars", "Revenge of the Sith", film laburra, freak, George Lucas, maiatzak 4, maiatzak 5, Star Wars eguna, Vicente Bonet, zinema

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude