Zenbat aldiz entzun ote dugu, etorkizun hurbil batean, gaur egun ezagutzen ditugun lanbideak desagertu egingo direla. Baina behin eta berriz errepikatzen den mantra hau ez da berria. Konturatu ez bagara ere urteak dira zurrunbilo horretan sartuak gaudela. Gure ingurura begiratu besterik ez dugu egin behar gizartea nola aldatu den ikusteko; bai gizartea eta baita hauen lanbideak ere.
Iraganeko bulegoekin oroitzen zarete? Idazteko makinen teklak besterik ez ziren entzuten. Klik! Klak! Klik! Klak!, eta nola ez hurrengo lerrora salto egiteko barrari ere ozen eragiten zitzaion. Klaaaaaaaaak! Makina elektrikoetarako saltoa errez eman zen lan giro horretan. Dokumentuak zuzentzeko aukera eskaintzen baitzen, eta teklak zanpatzea ere xamurragoa bihurtu zen.
Pantaila beltz eta letra berdun ordenagailuak izan ziren hurrenak. Funtzionamendua ulertzeko esku-orri potoloak zituzten tramankulu erraldoiak ziren. Hemen ere onurak alde denetatik: paperean izan aurretik pantailan bertan zuzenketak egiteko aukera zutelako.
Interneten garaia beranduago heldu zen, ordenagailuak finagoak, azkarragoak eta pantailan kolore atseginagoak erakusten ziren garaia izan zen hura. Fitxategiak elkar trukatu eta eskuratzeko bidea posible bilakatu zen.
.
Eta orain zer?
Eraldatzen eta eboluzionatzen jarraitzeko zurrunbiloan jarraitzen dugu. Ikusi besterik ez dago ohiko lanbide batean zer nola aldatu den funtzionamendua, etorkizunean ere antzeko zerbait gertatuko dela ikusteko.
Lanbideak aldatuko dira, baina baita gizartea ere, eta konturatu gabe biziko dugu eraldaketa egoera ezberdinetara ohitzeko abilezia berezia dugulako. Eta bulegoko lana adibide bezala jarri dudan honetan, eman begirada bat zure gaur egungo lanbideari.
Duela 50 urteko lanbidearekin antzekotasunik badu? Denak aldatu dira, denak “hobetu” dira, eta lanbideekin bezala guk ere beste 1000 pausu eman ditugu bide berean. Gustatu ala ez, aldi berean egingo dugun bidea da.
Lan giroko transformazio digitala