Ongi komunikatzea xake partidu bat bezala da

Lagun bati komunikazioan jarduten duzula erraten diozunean, zaila egiten zaio zertan ari zaren ulertzea. Jende askoren usteetan komunikatzea hain erraza izanik, ez dute beharrik ikusten, eta kazetaritzan edo publizitatean ari zarela ondorioztatzen dute. Neurri batean egia da komunikazioa erraza dela bi pertsonen artean, baina enpresa edo erakunde batek ongi komunikatzea askoz zailagoa da. Zailagoa da gizartean existitzea batetik, eta bestetik, irudi ona izatea. Nire ustez, komunikazioa erraza denaren ideian datza enpresa askok arlo horretan daukaten gabezia. Edozeinek ezin du zure enpresaren komunikazioa eraman. Jakitate eta dohai batzuk behar dira, eta lehenaren kasuan, urteak pasa ahala hura eguneratzen joan behar da.

Bi ezaugarri horiek, jakitatea eta dohaiak, erabakigarriak dira komunikazio plan baten estrategia arrakastatsua izateko. Orain arte aurre-ikerketa, helburuen zehaztea eta publikoen banaketaren garrantzitsua nabarmendu ditut, batetik, norberak bere burua kokatzeko, bestetik, bidean ez galtzeko, eta azkenik, eraginkorragoa izateko. Berriro diot, hirurak ezinbestekoak plana arrakastatsua izateko. Baina azkenean hirurek komunikazioaren estrategia ahal bezain zehatzagoa izateko balio dute, hauen emaitzetan oinarrituko baita. Komunikazioaren lasterketa horretan, une batean, komunikazio arduradunak edo komunikazio taldeak burua altxatu behar du, eta hiru lan horien emaitzen arabera, publiko bakoitzari helarazi behar zaion mezua eta eragin nahi zaion efektua zehaztu. Hori lortzeko akzioak eta komunikazio bide egokienak aukeratu beharko ditu.

Fase horretan dira komunikazio plana idatziko duenaren dohai pertsonalak erabakigarriak. Azkenean aurre-ikerketa, helburuen zehaztea eta publikoen banaketa ariketa praktikoak dira. Egin beharrekoak zalantzarik gabe, baina praktikoak. Estrategia bat zehaztean, ordea, norberaren gaitasunak erabakigarriak dira, mezu bat helaraztea eta efektu bat sortzea beste batengan askoz zailagoa eta subjektiboa baita. Jendearen joeraren eta jarreraren irakurketa zuzena egin behar da, haien jokaera aurreikusi. Publikoa lehiakidea balitz, komunikatzea xake partidua litzateke. Horretan  eskarmentua oso garrantzitsua da, egindako ibilbideak, hanka sartzeak, erdipurdi ateratako esperientziak eta asmatutakoak erakutsiko baitute nondik jo behar duen, zer akzio eta zer bide diren egokienak adostutako mezua helarazteko eta efektua lortzeko. Originaltasuna bilatzea funtsezkoa da, eta beti kontuan eduki, mezuaren hartzaileari zerbait eskaini edo eman behar zaiola, umorea, emozioa, sentsazio baikorra, informazio baliagarria, hurbiltasuna, garrantzia… Eskatzea soilik ez du balio.

Berehala agerian gelditzen dira estrategiarik ez duten komunikazio prozesuak. Baliatuz Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan hauteskunde atarian gaudela, oso nabaria den kasu bat aipatuko dut, alegia, sare sozialen erabilera politikarien partetik. Parte-hartzea edo herritarren iritziaren garrantzia dela, azken aste hauetan politikari edo alderdi batzuek kontuak ireki dituzte Twitterren edo urteak lotan zeudenak berpiztu. Kontua da hauen jarduera ez duela bat egiten aldarrikatzen duten parte-hartze edo iritzi trukaketarekin. Alde bateko propaganda besterik ez dute egiten “Begiratu atzo Berrian egin zidaten elkarrizketa”, “Gaur Obabako ospitala inauguratu dugu”. Herritarren kritikei, ordea, erantzun bat bera ere. Ixilik.

Ez dut uste sare sozialetan sartzea erabaki zutenean, haien estrategia haien burua iragartzea zenik, aditu guztiek baitiote hori ez dela komenigarria eta ez duela funtzionatzen. Agian hurbiltasuna erakutsi nahiko zuten eta herritarren bozgorailuaren rola jokatu, baina estrategia ezak kontrako efektua lortzen du, eta politikariei maiz leporatzen zaiena areagotzen du, alegia, nahi dutena egiten dutela herritarren iritzia kontutan hartu gabe, batetik, eta bestetik, herritarrak zozotzat hartzen dituztela horrelako saiakerak soilik hauteskunde bezperetan egiten dituztelako.

GAUZA AGERIA